Andra Mari elizaren aurrealdea
Beste hainbat obren artean, Andra Mari eliza ingurua atontzeko lanak aurreikusten ditu Gernika-Lumoko Udalak. Izan be, Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkateak azaldu duenez, “euria egiten duenean, putzuak egiten dira”.
Hori horrela, “oinez ibiltzeko zail” dagoela dio alkateak. Gainera, inguruaren zati bat apurtzen hasia dela be esan du.
Horregatik, irailean hasita, lurzoruko harria kendu eta barriro jarriko du; material berarekin, baina elkarren artean hobeto lotuz. Hain zuzen, udal langileek 10 zentimetro altxatuko dute lurzorua.
Gorroñoren arabera, hilabete inguruko iraungo dute lanek, eta horiei esker, “ur putzuak sortzea saihestuko da, eta jendeak ganoraz ibiltzeko aukera izango du”.
Egungo harri bera mantenduko dela kontuan hartuta, “materialean ez da apenas gasturik egongo”; beharginak baino ez dira ordaindu beharko: 34.000 euro inguru, alegia.
Kale-argiaen ordezkapena
Bestalde, herriko kale-argiak aldatu gura ditu udalak; izan be, Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkateak azaldu duenez, “bola formako 100 bat farol inguru daude, oraindik”.
Esteban Zabala kalean daude aipatu farolak, eta apurka-apurka barriak jarri gura ditu horien ordez. Aurten, 30 bat aldatzeko asmoa du udalak, eta gainontzekoak datorren urterako utziko ditu.
Txorroburu kalean be bola itxurako lau kale-argi daudela azaldu du Gorroñok; horiek, ostera, 15 egunen buruan kendu gura ditu, eta horiek ordezkatzeko “kale-argi klasikoak” jarriko ditu.