Ereñoko VII. zaldi lasterketa hartuko du herriak zapatuan, udalaren, Urdaibai Zaldi Taldearen eta Ereñozar Endurance Elkartearen eskutik. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, momentuz, 40 bat lagunek emon dute izena proban parte hartzeko; interesatuak eguenean du izena emoteko azken eguna.
Lau kategoritan banatuta lehiatuko dira zapatuan parte hartzaileak; aurten, hasiberrientzako mailarik ez dela egongo aurreratu dute antoltzaileek. Oraingoan, baina, nazioarte mailako lasterketan parte hartzeko aukera izango da, lehen aldiz.
Kategoria batekoek zein bestekoek Gabika auzoan hasiko dute lasterketa, bakoitzak bere orduan, eta nazioarte mailako lehiaketan parte hartzen dutenak hasita.
Lasterketa aurretik, baina, albaitariek aurreneko azterketa egin behar izango die parte hartuko duten zaldiei.
Aurrekoetan lez, zaldi onenak sarituko dituzte aurten: hain justu, lehenengo, bigarren eta hirugarren onenek garaikurra eta pentsu zakua jasoko dute.
Kategoriak
Promoziokoa 1. Guztira, 44 kilometroko ibilibidea izango dute aurretik. Fase bi burutu beharko dituzte: bata 28 kilometrokoa eta bestea 16 kilometrokoa. 10:30ean aterako dira irteera puntutik.
Promoziokoa 2. Guztira, 60 kilometroko ibiibidea izango dute aurretik. Hiru fase burutu beharko dituzte: lehenengoa 28 kilometrokoa eta bigarrena eta hirugarrena 16 kilometrotakoak. 10:00etan aterako dira irteera puntutik.
Estatu Mailakoa. Guztira, 80 kilometroko ibilbidea izango dute aurretik. Hiru fase burutu beharko dituzte: lehenengo eta bigarren faseak 30 kiometrokoak, eta hirugarrena 20 kilometrokoa. 09:30ean aterako dira irteera puntutik.
Nazioartekoa. Guztira, 80 kilometroko ibilbidea izango dute aurretik. Hiru fase burutu beharko dituzte: lehenengo eta bigarren faseak 30 kiometrokoak, eta hirugarrena 20 kilometrokoa. 09:00etan aterako dira irteera puntutik. Lehenengo aldiz egongo da maila hau.