Euskararen transmisioan gurasoak eragile garrantzitsuenak direlako, Bermeoko Udaleko Euskara Saila gurasoekin lanean ari da. «Beraien seme-alaben eredu dira eta euskararen inguruan zein ikuspegi duten ezagutzeaz gain, kontzientziazio eta sentsibilizazio lana egin gura izan dugu; izan be, Bermeo herri euskalduna da, umeek euskaraz ikasten dute, baina datuen arabera, adin batetik aurrera gazteleraz egiten hasten dira», diote. Bermeoko ikastetxeetako guraso elkarteekin ari dira lanean eta bederatzi amak parte hartzen dute prozesuan.
Prozesuko parte hartzaileetako batzuk
«Pozik» agertu dira gurasoak orain arte egin duten lanarekin, eta prozesu horretan parte hartzen ari direnetik euskara gehiago erabiltzen saiatzen direla diote guztiek. Bestalde, euskarak bizi duen «benetako egoeraz» jabetzeko balio izan die. Ez dute ulertzen, baina, gazteek zergatik ez duten euskaraz egiten, «guk ez genuen aukerarik izan euskaraz ikasteko, beraiek orain alfabetatuta daude eta ez dute euskaraz egiten. Gainera, gehienek, ideia abertzaleak dituzte», dio Lurtxu Arrienek. Euskarak, halanda be, produktu erakargarriak behar dituela deritzote, «gazteentzako, esaterako, telebistan ez dago ezer erakargarririk. Aisialdia gazteleraz dute eta horrek eragin nabarmena du», diote. Umeentzako erakargarriak diren euskarazko gauza ludikoak sortu beharko lituzkete taldearen ustez. Amaia Gaubekak, barriz, gaien arabera, umeek eta gazteek era batera edo bestera egiten dutela berba uste du, «eskolako gauzetaz, euskaraz egiten dute berba, baina telebistan ikusi duten zerbaitetaz, aldiz, gazteleraz».
Ikastetxeetako jolastokietan gaztelera entzuten dela diote. Prozesuan ondorioztatu dutenez, 8 eta 12 urteen artean egiten dute hizkuntza aldaketa, eta jauzi hori agian, «euskara umeen hizkuntza dela uste dutelako izan daiteke»; heldu gehienek beraien artean gazteleraz egiten dutela gogorarazita. Beste arazo bat be aurkitu dute, «guri euskaraz egiteko esaten digutenek, politikoak, esaterako, gazteleraz egiten dute eta hori ikusteak ez du laguntzen».
Taldearen iritziz, «bermeotarrok, kanpora goazenean gure harrotasuna erakusten dugu, bermeotarrak garela esanez. Harrotasun hori, ordea, euskararekin lotu beharko genituzke».
Euskararen erabilera bultzatzeko lanean jarraituko dutela diote eta ume txikiagoak dituzten gurasoengana iriztea garrantzitsua litzatekeela uste dute. Gainera, euskararen aurkako argudioak, pentsamenduak eta ideiak neutralizatzeko argumentarioa landu dute elkarlanean, eta uda ostean herrian zabaldu gura dutela adierazi dute. «Talde txiki batek egin duen lanari balioa emon gura diogu», dio prozesuaz arduratu den Elhuyar Aholkularitzako teknikariak.
Antzeko prozesua orain, gazteekin egiten hasi direla azaldu du Elhuyarreko teknikariak, «19 gaztek hartu dute parte lehenengo bileran».
Gurasoen egoerak honakoak dira:
Marian Astarloa. 21 eta 18 urteko seme-alabak ditu.
Alabek batzuetan gazteleraz egiten dutela-eta, berak be horrela egiten du, aspertu egin baita horiekin borrokatzen. Senarrarekin gazteleraz egiten du, harek ez duelako euskaraz egiten. Gainera, berak be gazteleraz egiteko erraztasuna duela dio. Txikitan, etxean beti euskaraz egin badu be, eskolan eta kalean gazteleraz egiten zuen. Lehenengo hitza erdaraz egiten badiote, erdaraz jarraitzen du.
Mirari Arketa. 18, 13 eta 5 urteko seme-alabak ditu.
13 urteko semea oso erdalduna duela dio, etxean eta eskolan euskaraz egiten badiote be, berak gaztelerara jotzen du sarri. Horrek etxekoetan eragina duela dio, batzuetan bi hizkuntzak nahastatzen baitituzte eta askotan gaztelerara jo. Arketak, barriz, kalean eta lagun artean, batez be, euskaraz egiten du berba. Halanda be, zenbaitetan gaztelerara be jotzen duela azaldu du.
Silvia Rodriguez. 12 eta 9 urteko seme-alabak ditu.
Euskaldun barria da, orain dela 5 urte hasi zen euskalduntze prozesuan eta ahal duen guztietan euskaraz egiten saiatzen da. Nire lehenengo berba beti da euskaraz. Alaba zaharrak, baina, ia beti gazteleraz egiten dio eta baita senarrak be, nahiz eta biek ondo dakiten euskaraz. Gaztearekin gehiago praktikatzen du. Esfortzu handia egiten du euskaraz egiteko, baina etxean ez diote laguntzen.
Lurtxu Arrien. 21 eta 16 urteko seme-alabak ditu.
Euskaraz ondo daki, ama hizkuntza du baina askotan gaztelera egiten du. Urduritasunean eta zenbait gairi buruz berba egiteko, gaztelera erabiltzen du. Gazteleraz ikasi du ez zuelako beste aukerarik, horregatik zenbait gauzatarako gaztelerara jotzen du. Seme-alabak euskaraz ikasi dute eta gazteleraz asko egiten dute eta ez du ulertzen zergatik. Askotan beraiekin erdarara jotzen duela dio.
Amaia Gaubeka. 9 eta 5 urteko seme-alabak ditu.
Senarra gazteleraz ezetu du eta biek euskaraz dakiten arren, gazteleraz egiten dute bien arteko solasaldietan. Gainontzekoekin, etxean, euskaraz egiten dute biek. Aitak umeekin be euskaraz egiten du. Seme-alabak aurrean daudenean saiatzen dira euskaraz egiten, eta anai-arreben artean be euskaraz egiten dute, nahiz eta orain lagunekin gazteleraz egiten hasi diren.