Juan Kaltzada Egunak egitarau zabala dakar hilaren 22an
Gernika-Lumon zapatuetako Pintxopote ekimena bultzatu duten tabernariek egun osoko jaia antolatu dute hilaren 22rako. Juan Kaltzada Eguna egingo dute; egun osoko egitaraua prestatu dute, eta adin guztientzako jarduerak izango direla aurreratu dute: umeentzako tailerrak, bazkari herrikoia eta herriko musika taldeen kontzertuak, besteak beste.
Kalea zarratzeari, ezetza
Gaur egungo krisi ekonomikoak ostalaritza be gogor jo duela diote Pintxpotearen antolatzaileek eta, beste hainbat herritan egiten duten bezala, Gernika-Lumon ere egun osoko jaia antolatu dute. Ekimenaren sustatzaile diren 12 tabernaren jabeek, hala ere, Gernika-Lumoko Eria eta Azokak arloko zinegotzi Iñaki Gorroñoren jarrera kritikatu dute. Diotenez, “zenbait zinegotzik egun horretan kalea zarratzeko arazorik ez legokeela adierazi ostean, hori ezinezkoa izango dela esan digu Iñaki Gorroñok, aitzakia bat bestearen atzerik jarriz”. Izan be, beste hainbat ekimen edo jardueretarako kalea moztu izan dela gogoratu dute ostalariek “duatloian, Milla herrikoian, motor jaian…”, eta beraiek zein beraien bezeroek gainontzeko herritarrek dituzten eskubide berberak dituztela gogorarazi dute: “Gure asmoa egun jai giroan egun polit bat igarotzea da, ez besterik”.