Gernikaldea zentroa
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi duenez, astelehenean egingo dute Gernika-Lumoko Konponbide Azkarreko Zentroa, 11:30ean. Iñigo Urkullu lehendakariak, Jon Darpon Sierra Osasun sailburuak eta Julian Perez Gil Osakidetzako zuzendariak parte hartuko dute ekitaldian. Lehenbizi azpiegiturak ezagutzeko bisita egingo dute; ondoren, Osasun Saileko arduradunek eta lehendakariak berba batzuk esango dituzte.
Gernika-Lumoko Konponbide Azkarreko Zentroa (KAZ) ireki zutenetik sei hilera, eskaintzen dituen zerbitzuen inguruko kezkak oraindik dirau, badirelako zerbitzu horiek eznahikoa direla deritzotenak. Busturialdeko Bilduk, adibidez, proiektua “zentzugabekeria hutsa” izan dela kritikatu du. Alderdi horren arabera, “asko eta asko izan dira proiektu horri egin zaizkion aldaketak”, eta horiek guztiak hasieran aurreikusita zeuden zerbitzuak kentzeko izan direla salatu du. Hala, eskualderako “kalitatezko zentro” bat aldarrikatu du Bilduk. “Ez dugu eskualde baztertuak izaten jarraitu nahi, beste guztiek ordaintzen dituzten zerga berberak ordaintzen ditugu guk ere, eta, ondorioz, eskubide berberak ditugu”.
Funtzioak zehaztu barik dituen zentro bat nahi ez duela esan du Bilduk, larrialdi zerbitzua aipatuz. Alderdiaren arabera, “mugatua” da zerbitzu hori, eta, beraz, ez da eraginkorra eta ez ditu egungo arazoak konponduko. Galdakaorekiko dependentzia mantendu egingo dela deritzo Bilduk. Aldarrikatu duenez, “Galdakaoko ospitaletik independentea izango den zentroa izatea nahi dugu, berea izango duen kudeaketa eta aurrekontuarekin, bestela, beti haren hondakinekin, hari soberan gelditzen zaionarekin, hark erabiltzen duenarekin gelditzeko arrisku larria dauka, hain
berritzaile behar zuen ospitale honen garapena betirako oztopatuz”.