
Beñat Intxaustiri gaur arratsaldean Loiun egindako harrera
Beñat Intxaustirentzat Giro ezinhobea izan da aurtengoa. Etapa bat irabazi du, zortzigarrena izan da sailkapen nagusian, eta liderraren maillota jantzi du. Hala, muxikarrak ez du luzaroan ahaztuko Italiako lasterketa garrantzitsuena. Giroa hasi aurretik, helmuga lerroan eskuak altxatzea zen helburu nagusia bertokoarentzat, eta hamaseigarren etapan bete zuen egitekoa. Italiako Giroa «lasterketa ederra eta oso egokia da niretzat», ohartarazi zuen errepidera irten aurretik. Giroan jarritako helburuak beteta, herrikideek harrera beroa egin zioten bertoko txirrindulariari, Loiuko aireportuan. Hain zuzen, 40 lagun inguruk txalo eta oihu artean hartu zuten Muxikako gaztea.
Intxausti liderraren ardura betetzeko erronkagaz heldu zen Italiako Girora, eta primeran bete du eginkizuna. Sailkapen nagusiko txirrindulari indartsuenen parean ibili da etapa gehienetan, eta zortzigarren amaitu du itzulia, taldeko hoberena izanez.
Hutsegite bakarrak banakako erlojupekoetan egin ituen muxikarrak. Lehen erlojupeko luzean, esaterako, lau minutu inguru galdu zituen. Kronoigoeran, bestalde, ia hiru minutu galdu zituen. Hutsegite horiengatik izango ez balitz, bertoko txirrindularia gorago egongo litzateke sailkapen orokorrean.
Akatsak albo batera utzita, baina, Intxausti pozik azaldu da Giroan lortutakoagaz. Haren berbetan, «maila oso handia» izan du aurtengo lasterketak. Hala, balio handiko emaitza dela deritzo.
Etapa garaipena gainontzeko lorpenen gainetik jartzen du muxikarrak. Dioenez, «helmuga lerroan eskuak altxatzeak kofiantza eta motiazioa emongo dizkio aurrerantzean». Izan be, onenen parean ibili daitekela erakutsi dio bere buruari.
Intxaustik taldekideen lana goraipatu du. Nabarmendu duenez, Ivreako etapa garaipena eta liderraren mailota gainontzeko taldekideena be bada. «Lasterketa guztian zehar ez zait ezer falta izan, eta asko lagundu didate». Momentu onenetan zein txarrenetan taldekideak alboan izan dituela esan du.