
Iazko azoka
Euskal giroko azoka finkatzen ari da Ibarrangeluko urteroko egutegian, domekan hirugarrenagaz gozatzeko aukera edukiko baitute herritarrek zein bisitariek. Gainera, umeentzako zein helduentzako jarduerak antolatu dituzte aurten be Albano Jauregi elkarteak eta udalak.
11:30ean hasiko da Ibarrangeluko III. Azoka eta, beste bi urteetan legez, hainbat produktu salduko dituzte ekoizleek herriguneko aparkalekuan jarritako saltokietan. Eztia, txakolina, ortuariak, gazta, etxeko ogia, euskal pastela, atuna, antxoak, loreak, bitxiak… esku-eskura izango dituzte azokara joaten direnek. Ibilaldiaren materiala be salgai egongo da erakustokietako batean, eta herriko musika taldeek beren CDak eroango dituzte azokara.
Itsasgizonen erakusketa
Bestetik, Gernika-Lumoko San Isidro nekazal kooperatibaren eskutik, euskal jantziak egongo dira ikusgai eta salgai Ibarrangelun. Argazki erakusketa batek, bestalde, herriko itsasgizonen inguruko errepasoa aurkeztuko dio bisitariari.
Umeen artean harrera ona eduki ohi dute animaliek eta, aurten be, zaldi gainean ibiltzeaz gain, ardiak, ahuntzak, oilarrak, astoak… hurbil-hurbiletik ikusteko aukera izango dute gaztetxoenek. Halaber, uso mezularien erakustaldia be egingo dute, helduen zein umeen gozamenerako.
Janik eta edanik be ez da faltako, besteak beste, taloak eskainiko dituen txosna bat atonduko baitute bisitarien beharrak asetzeko. Gure Arbola Zaharrako abeslariek girotuko dute domeka Ibarrangelun.