Oinezkoentzako bidea egingo du Aldundiak Bermeo eta Mundaka artean
Bizkaiko Foru Aldundiko Herri Lan eta Garraio Sailak Bermeo eta Mundaka lotuko dituen ia kilometro bateko oinezkoentzako bidea egingo du Bermeoko saihesbidearen proiektuaren baitan.
Hainbat dira BI-2235 errepidearen bazterbidea erabiltzen duten lagunak ibilaldiak egiteko. Etorkizunean, horiek guztiak segurtasun handiagoaz emon ahalko dituzte paseoak, Foru Aldundiak Bermeo eta Mundaka lotuko dituen oinezkoentzako bidea egingo baitu.
Aldunditik azaldutakoaren arabera, hiru zati izango ditu BI-2235 errepidean barrena egingo duten pasealekuak. Urdaibaiko Patronatuaren eskariari erantzuna emonaz, pasealekuak, gainera, orlegi kolorea izango duela zehaztu dute.
Etorkizunean pasealekua erabiliko dutenen segurtasuna bermatzeko, errepidearen eta pasealekuaren artean egurrezko eta metalezko bereizketa bat ipiniko dute. Era berean, bien artean metro erdiko bazterbidea egongo dela jakinarazi dute. Ia kilometro bateko luzera izango duen pasealekua izango da, hain zuzen be.
Pasealeku hori Bermeoko saihesbidearen proiektuaren baitan kokatuta dago. Lanok iazko udan hasi zituzten eta 33 hilabetetan amaituta izatea aurreikusten dute.
Jakinarazi dutenez, epe laburrean errepide horren erabilera aldatu egingo da; izan be, egiten ari diren Bermeoko saihesbideari esker, ibilgailu gutxiago ibiliko dira errepide horretatik. Horrek pasealekuaren segurtasuna bermatuko duela diote Aldunditik.