Ziklo naturalen denboraltasuna zirkuluen bitartez islatzen du Lluis Ivern artista katalandarrak. Bizitza be borobil erraldoi bat bezala irudikatzen du. Hala, artistaren lanek joandako esperientzien berrirakurketa egiten dute irudi geometriko horren bitartez.
Apirilaren 22ra arte, Gernika-Lumoko eta inguruetako herritarrek Ivern-en Recercle erakusketa bisitatzeko aukera izango dute. Recercle erakusketan borobil asko erabiltzen ditu artista katalandarrak, baina baita forma geometriko abstraktu gehiago be.
Abstrakzioa lantzen du Ivernek, artelanari begiratzerakoan ikusleek interpretatzeko aukera izan dezaten gura baitu. Bizitza bezala, interpretatzeko gaitasuna be leku beretik hasten dela deritzo: «hutsetik». Hala, artelanei esanahi jakin bat emotea baino, denborari aurre egiten dioten artelanak egitea bilatzen du.
Olio-pinturak eta grabatuak dira herriko kultur etxean ikusgai jarri dituzten lanak.