Foruko Udalak amaitu ditu jada Baldatikako baselizako lanak
Foruko Udalak Baldatika auzoko San Bernardo baseliza berreskuratzeko lanak amaitu ditu jada. Auzotarrentzako zentro soziokultural moduan erabiltzea da helburua, horregatik, Udaletik azaldu duten moduan, «hemendik gutxira beharrizanak aztertzen hasiko gara barriztutako eraikinari erabilerak emoten has gaitezen».
2010en hasi zituen Foruko Udalak Baldatikako San Bernardo baseliza berreskuratzeko lanak, eta horiek faseka egin dituzte. Kanpotik zein barrutik, beraz, itxura barriztua du San Bernardo baselizak. Lanok egiteko, gainera, material naturalak eta barriztagarriak erabili dituzte.
Foruko Udalak horrela erabakita, erabilera anitzerako zentroa izango da San Bernardo baseliza, «auzotarren bizi kalitatea hobetzeko zerbitzuak eskainiko ditu», diote Udaletik.
Baselizaren barruko antolamendua hiru ataletan banandu dute. Hain zuzen be, bi altuerako gune zabal bat egokitu dute. Bertan, liburutegia, hitzaldietarako aretoa, erakusketa gela edo kontzertuetarako gunea daude. Komunak eta biltegia beheko solairuan ipini dituzte eta tarteko solairuan, barriz, irakurketarako gune bat atondu dute. Udaletik jakinarazi dutenez, 54 laguneko gehienezko edukiera du aretoak.
Epe laburrera birgaitutako eraikineran erabilerak zehaztuko dituztela azaldu du udalak, eta dauden beharrizanen arabera egingo dutela gaineratu dute. Halanda be, tenpluak noizbehinka bada be, erabilera erlijiosoa be izango duela esan zuten lanok hasi aurretik.
Baldatitako baseliza gune soziokultural legez berreskuratzeko lanak amaitzeko, Foruko Udalak Eusko Jaurlaritzako Erein Programaren bitartez, 72.000 euroko dirulaguntza jaso du eta Bizkaiko Foru Aldundiko Lehendakaritza Saileko 68.000 euro, hain zuzen be.