Dendarik Denda azokari "nahiko" bat emon diote antolatzaileek
Asteburuko Dendarik Denda eta Merke-Merke azokari nota bat ipintzekotan «nahiko» bat ipiniko lioke Berton txiki-erdi enpresen elkarteko presidente Gaizka Uriagerekak. Azokatik jendea ibili bada be, herritar asko kokalekuagatik kexatu direla aipatu du Uriagerekak.
Artza frontoiaren barruan egin dute oraingoan Dendarik Denda eta Merke-Merke azokak, eta alde horretatik herritarrak «gustora» ez direla egon jakinarazi du Bertoneko presidenteak. «Jende asko kexatu da lekuagatik, kanpoan, gainera, lanak egiten ari dira. Badirudi nahiago dutela kanpoan denean». Frontoi barruan egitea erabaki zutela azaldu du «ez zekitelako Dendarik Denda azoka egiteko diru laguntzarik izango zuten».
Halanda be, nahiz eta kexa asko egon diren, jendea bai hurbildu dela azaldu du, horregatik «nahiko» bat emoten dio asteburuko azokari. Abuztuan, ohi legez, Merke-Merke azoka egingo dutela jakinarazi du elkarteko presidente barriak.
Elkartea osatzen duten denda guztiak kontuan izan gura ditu Bertonek aurrerantzean, eta ez soilik azoketan parte hartzen dutenak. Zuzendaritza barria du merkatarien elkarteak eta gauza barrietan lanean ari direla dio Uriagereka presidenteak: «denda guztiak agertzen diren mapa triptiko bat egin gura dugu, mugikorrentzako aplikazio bat eta baita fidelizazio txartelak be».