
Auzi penaleko auzipetuak eskertza ekitaldian
Bihar hamar urte beteko dira Espainiako Auzitegi Nazionaleko Juan del Olmo epailearen aginduz Guardia Zibilak
Euskaldunon Egunkaria itxi eta hamar lagun atxilotu zituela. Atxilotuen artean zen Joan Mari Torrealdai foruarra, orduan Euskaldunon Egunkaria kazetaren Administrazio Kontseiluko presidentea zena. Egunkaria ETAren tresna zela izan zen Del Olmo epaileak operazioa agintzeko erabili zuen argudioa. Auzi penala, baina, inputatu guztien absoluzioa agintzen zuen epaiarekin amaitu zen, 2010eko apirilaren 12an.
Egunkariak ez zuela terrorismoa goresten eta akusazioak frogarik gabekoak, ahulak eta oinarririk gabeak zirela zioen epaiak.
Absoluzio epaiagaz Egunkaria auziaren amaiera zetorrela uste izan zuten askok. Joan Mari Torrealdaik berak, baina, “auzia oraindik bizirik” dagoela gogorarazi du, zauriak hor jarraitzen duela. Auzi penalean errugabetu egin zituzten arren, auzi ekonomikoari egin behar diote aurre zortzi lagunek. Horietako bat Torrealdai bera da.
Foruarrak jakinarazi duenez, auzi penalean egin zituzten zigor eskaerak baino handiagoak izango lirateke auzi ekonomikoko zigorrak. Izan be, fiskalak Dignidad y Justicia elkartearen eskaerak mantenduz gero, 128 urteko kartzela zigorrari eta 221 milioi euroko isunari egingo diote aurre zortzi auzipetuek.
2003an hasi zen egunkaria auzia, Euskaldunon egunkariaren itxieragaz. Ordutik, ia
hamahiru urte pasa dira, baina auziak bizirik jarraitzen du. Hala, Torrealdairen berbetan, “norbaitek badu interesa auzi ekonomikoarekin aurrera egiteko”.
Halanda be, epaiketen gainzigorra laster amaituko dela uste du foruarrak. Azaldu duenez, badirudi auzi ekonomikoak epaiketan amaituko duela, baina baikorrak dira. Izan be, epaiketara joanez gero, auzipetuek badakite irabaztekoak dituztela, inolako iruzurrik ez baitzuten egin egunkariak jasotako diru-laguntzekin.
Harridura eta haserrea sortu zituen
Euskaldunon Egunkaria-ren itxierak, eta berehalakoa izan zen kultur, kirol, gizarte eta gainerako esparruetako jendearen erantzuna. Hamar urte geroago be, Egunkariaren itxiera ulertezina izan zela uste dute
Euskal Herriko hainbat pertsona famatuk.
Urteurreneko gune berezia
Berria egunkariak webgune berezi bat jarri du martxan itxieraren urteurrena gogoratzeko. Interesatuek iraganeko eta gaur egungo albisteen berri izan dezakete gune horretan. Gunea bisitatzeko
berria.info/egunkaria/ helbide elektronikoan sartu behar da.