
Gaur goizean, 100 lagun inguru elkartu dira Gernika-Lumoko Juntetxearen aurrean protesta egiteko. Alde batetik Bizkaiko hainbat herritarrek elkarretaratzea egin dute 2013ko aurrekontuei ezetz esateko. Euskal Herria Bilduk deituta, Madrilek inposatu gura dituen neurrien aurka azaldu dira. Izan be, EAJk murrizketak onartzeko eta betearazteko hautua egin duela deritzo Euskal Herria Bilduk. Hala,
Bizkaiak etorkizuna badugu, burujabetza ekonomikoa lemapean elkartu dira.
Bizkaiko Foru Aldundiak 2013. urterako aurrekontua eztabaidatuko du gaur. Komunikabideek zabaldu dutenez, badirudi EAJk eta PPk Bizkaiko aurrekontua onartzeko hitzarmen bat dutela. Araban, behintzat, EAJk PPren aurrekontua babestu zuen, aldeko botoa emonez. Euskal Herria Bildutik diotenez, hitzarmena gizarteari egindako iruzur bat da. “Enpresarien aldeko defentsa sutsua egiten dabiltza, eta pribatizazioaren mesedetan be aurrerapausu asko emon dituzte” kritikatu dute.
Bestetik Cementos Lemona enpresako hainbat beharginek be egin dute protesta Juntetxearen aurrean. Lemoako enpresak EEE bat aurkeztu du 34 langile kaleratzeko. CCOO, UGT eta USO sindikatuekin adostasun batera heldu ostean kaleratu gura ditu langileak Cementos Portland-ek. Enpresa horrek kudeatzen du Cementos Lemona, eta porlanaren sektorean 291 lanpostu suntsitu gura ditu EEEa ezarrita. Beharginek Bizkaiko Batzar Nagusietan berba egiteko aukera izango dute goizean zehar.