Industrialdearen auzian, epaiaren zain dago oraindik Muxikako Udala
Busturialdeko Industrialdea Elkarte Anonimoak Miango-Agerretxe-Untxeka jarduera ekonomikoetarako gaitzeko aurkeztutako sektorearen plan partziala ez zuen ondartu Muxikako Udalak duela urtebete inguru, eta orduan, epaitegietara jo zuen Busturialdeko Industrialdeak. Bertan helegitea jarrita, epaiaren zain dago orain Muxikako Udala.
Hainbat izan ziren Bilduk plan partzial hori ez onartzeko emandako arrazoiak: batetik, Busturialdeko Industrialdeak proposatzen zuen poligonoa herriko planteamenduagaz bat ez zetorrela azaldu zuen; bestetik, eremu industrialdearen sarbiderako Gernika-Lumoko udalerrian kokaturiko lurretan planteatzen zuten hiribilgunearen exekuzioa noiz eta noren kontura egingo litzatekeen azaltzeko eskatzen zuen Muxikako Udalak. Gainera, Miango-Agerre-Untxeka jarduera ekonomikoetarako sektoreak udal horniduran izango lukeen eragina be kontuan hartu beharko litzatekeela adierazi zuen Bilduk.
Ezer zuendu barik
Azken finean, egitasmoaren zenbait puntuk hiri antolamenduaren kontra egiten zuela argudiatu zuten. Arazo tekniko horiek eta beste hainbat argitzeko eta zuzentzeko eskatu zuen Bilduk orduko hartan, baina Aitor Goldaraz herriko alkateak azaldu bezala, «ez zuten ezer zuzendu eta administrazioarekiko auzien prozesura jo zuten». Beraz, egun prozesu horren baitan daude Busturialdeko Industrialdea eta Muxikako Udala; oraindik, egoera horrek nola bukatuko duen jakin barik.
Prozesu horretan, Busturialdeko Industrialdeak plan partzial horri hasierako onarpena emotea eskatu bazion be Muxikako Udalari, epaileak ez zuen eskari hori onartu. Gerora, ostera, Muxikako Udalak zuzentzeko eskatu zituen arazo teknikoak konpongarriak direla azaldu zuen epaileak, eta hori dela eta, helegitea jarri zuen udalak. Orain, hortaz, epaiaren zain dago.