Mediku kontsultategia irekiko dute Sukarrietan
Herrian mediku kontsultategi bat zabaltzeko proiektua dauka Sukarrietako Udalak esku artean. Izan be, gaur egun Osakidetzaren oinarrizko zerbitzua jaso ahal izateko Mundakako osasun zentrora joan behar izaten dute sukarrietarrek, eta larrialdien kasuan, Bermeokora. Herrian bertan kontsultategia ipinita, beraz, «Sukarrietako bizilagunek …
Herrian mediku kontsultategi bat zabaltzeko proiektua dauka Sukarrietako Udalak esku artean. Izan be, gaur egun Osakidetzaren oinarrizko zerbitzua jaso ahal izateko Mundakako osasun zentrora joan behar izaten dute sukarrietarrek, eta larrialdien kasuan, Bermeokora. Herrian bertan kontsultategia ipinita, beraz, «Sukarrietako bizilagunek laguntza medikoa jaso ahal izango dute, herritik irten barik».
Kontsultategia Ander Deuna enparantzan dagoen udalaren jabetzako lokal batean jarri gura du udalak, etxebizitza tasatuen eraikin barriaren beheko solairuan, udaletxearen aurrean. 63,72 metro koadroko gunea da aukeratutakoa. Aurreikusten dutenez, sendaketak egiteko, odola ateratzeko eta gaixo kronikoei arreta eskaintzeko baliatuko dute zentro barria. Halaber, oinarrizko sendagile arreta eskainiko dute zenbait egunetan.
Iturgintza lanak, saneamenduari dagozkionak, argindarrarenak, informatika alorrekoak, klimatizazioarenak, aireztatzearenak eta suteak detektatzeko sistemarenak eginda dauzka udalak, baina oraindik «aurrealdea amaitu behar» da. Horrez gain, tabikeak egin behar direla eta beirak ipini behar direla esan du udalak. Lanak esleitu barik daude oraindik, baina, behin hori eginda, bi hilabeteko epea egongo da obrak amaitzeko.
Denetara, 75.000 euro inguruko inbertsioa eskatzen du proiektuak, eta oraingoz diru laguntza bakarra lortu du udalak. Hain zuzen, %60ko ekarpena egingo du Eusko Jaurlaritzako Itsaspreben programak.