50-60 autorentzako aparkalekuak egin gura ditu udalak
Elantxoben dagoen aparkatzeko arazoari aurre egin gura dio udalak, eta, horretarako pausuak emoten dabil. Hain zuzen be, herrian aparkaleku bat egin gura du udalak, baina hainbat arazo tarteko, oraindik ez dute euren helburua gauzatzerik izan.
50-60 autorentzako lekua izango lukeen …
Elantxoben dagoen aparkatzeko arazoari aurre egin gura dio udalak, eta, horretarako pausuak emoten dabil. Hain zuzen be, herrian aparkaleku bat egin gura du udalak, baina hainbat arazo tarteko, oraindik ez dute euren helburua gauzatzerik izan.
50-60 autorentzako lekua izango lukeen aparkalekua sortu gura du Elantxobeko Udalak, herriko goiko partean, Alameda parean.
Hori baino lehen, baina, «legalizatu» egin behar ditu bertako lursailak. Koldo Olagibel Elantxobeko alkateak jakinarazi duenez, lur horietan ezin da eraikin, baina aparkalekuak egiteko aukera badago, eta ideia horretan lanean dabiltza, Elantxobeko udalean sartu zirenetik.
Gaur egun, bertako lursailak birkalifikatzen ari da udala. Behin hori eginda, lursailen jabeekin adostu beharko du. «Badakite %15a udaletxearen zerbitzuetara bideratu behar dutela, eta leku hori erabiliko genuke aparkalekua egiteko», azaldu du Olagibelek.
Jabeekin adostu beharra
Jabeekin adostasunera helduta, Olagibelek uste du ez litzatekeela arazorik izango aipatu aparkalekuak eraikitzen hasteko. «Dirua duten erakunde publikoek badakite zein garrantzitsua den proiektu hau Elantxoberentzat; izan be, arrantza amaitu den herrian, turismoa bultzatu beharra daukagu, eta herria bisitatzen etortzen diren askok alde egiten dute, aparkatzeko lekurik ez dagoela ikusita», dio herriko alkateak.