Jose Angel Etxaniz: “Lapurren antzera ibili ginen Astra barrutik paperak ateratzeko”
Jose Angel Etxaniz Txato (Gernika-Lumo, 1954) Gernikazarra Historia Taldeko kidea da. 1992tik darama herriaren memoria ahanzturatik berreskuratzeko ahalegina egiten, eta joan den martitzenean Talleres de Guernica-Astra. De la fabrica de armas a fabrica de creacion cultural liburua aurkeztu zuen, Gorka Perez arkitektoagaz batera. Etxanizek historiaren ikuspegitik aztertu du eraikina, eta Perezek arkitekturaren ikuspuntutik. Zelan erabaki zenuten eraikinari buruzko liburu bat idaztea? Betidanik izan dut gustuko Gernika-Lumoren historia industriala. Daliari buruzko lan bat egiten nenbilela, Talleres de Guernica enpresako jendearekin jarri nintzen harremanetan, eta dokumentazioa bilatzen hasi nintzen. 2005ean herriko gazteek eraikina okupatu zutenean, bestalde, historia zati hau kontatu behar nuela erabaki nuen. Izan be, liburuak ez du historia industrialaz bakarrik berba egiten. Gazteen okupazioa be landu dut. Zer kontatzen du liburuak? Liburuak Ricardo Bastidaren eraikina eta bertan burutu diren jarduerak ditu berbagai. Talleres de Guernicaren sorreran hasten da kontakizuna, eta eraikinaren egokitzapen lanekin amaitzen da. Bitarte horretako historia guztia emoten dut ezagutzera. Ataletan banatuta dago lana? Kronologiko egituratu dut. 1916 eta 1960 bitartean, Talleres de Guernicaren historia kontatzen dut. Gaur egun be lantegia zabalik dago Astraren ondoko eraikinetan eta, horrenbestez, interesgarria iruditu zitzaidan enpresaren iragana ezagutaraztea. Liburuaren bigarren zatian, bestalde, lantegiaren beherakada ekonomikoa, enpresaren itxiera eta hurrengo urteetako utzikeria kontatzen [...]
Jose Angel Etxaniz Txato (Gernika-Lumo, 1954) Gernikazarra Historia Taldeko kidea da. 1992tik darama herriaren memoria ahanzturatik berreskuratzeko ahalegina egiten, eta joan den martitzenean Talleres de Guernica-Astra. De la fabrica de armas a fabrica de creacion cultural liburua aurkeztu zuen, Gorka Perez arkitektoagaz batera. Etxanizek historiaren ikuspegitik aztertu du eraikina, eta Perezek arkitekturaren ikuspuntutik.
Zelan erabaki zenuten eraikinari buruzko liburu bat idaztea?
Betidanik izan dut gustuko Gernika-Lumoren historia industriala. Daliari buruzko lan bat egiten nenbilela, Talleres de Guernica enpresako jendearekin jarri nintzen harremanetan, eta dokumentazioa bilatzen hasi nintzen. 2005ean herriko gazteek eraikina okupatu zutenean, bestalde, historia zati hau kontatu behar nuela erabaki nuen. Izan be, liburuak ez du historia industrialaz bakarrik berba egiten. Gazteen okupazioa be landu dut.
Zer kontatzen du liburuak?
Liburuak Ricardo Bastidaren eraikina eta bertan burutu diren jarduerak ditu berbagai. Talleres de Guernicaren sorreran hasten da kontakizuna, eta eraikinaren egokitzapen lanekin amaitzen da. Bitarte horretako historia guztia emoten dut ezagutzera.
Ataletan banatuta dago lana?
Kronologiko egituratu dut. 1916 eta 1960 bitartean, Talleres de Guernicaren historia kontatzen dut. Gaur egun be lantegia zabalik dago Astraren ondoko eraikinetan eta, horrenbestez, interesgarria iruditu zitzaidan enpresaren iragana ezagutaraztea. Liburuaren bigarren zatian, bestalde, lantegiaren beherakada ekonomikoa, enpresaren itxiera eta hurrengo urteetako utzikeria kontatzen dut. Liburua amaitzeko, bestalde, gazteen okupazioari eta eraikinaren egokitzapen lanei buruz hitzegiten ditut.
Zaila al da Gernika-Lumon historia berreraikitzea?
Gernika-Lumon historia berreraikitzea oso zaila da, bonbardaketak guztiz suntsitu baitzuen herria. Ez dago udal artxiborik eta, beraz, herritik kanpo joan behar izaten dugu dokumentazio bila. Bilboko agiritegietara eta Euskal Herriko beste hainbat tokira jo behar izan dugu. Hala eginez, bonbardaketa baino lehenagoko 2.000 argazki inguru batu ditugu dagoeneko. Gernika-Lumoren artxibo historiko grafikoa gure esku dago, nolabait esateko.
Hortaz, zaila izan da Astraren historia berreraikitzea?
Orokorrean, historia arrunta eraikitzea baino errezagoa izan da, industriagunea bizirik irten baitzen bonbardaketatik. Ez zituzten enpresak suntsitu, eta bertako hainbat dokumentu zahar batzea lortu dugu. Eta zelan batu zenuten liburua kaleratzeko informazioa? Astraren kasua apur bat berezia izan da. Agiritegietan aurkitutako datuez eta dokumentuez gain, enpresa barruan lortutakoak oso garrantzitsuak izan dira liburua kaleratzeko. Astra zarratu zutenean, agiri guztiak barruan geratu ziren, eta apurka-apurka barrutik atera genituen, isilpean. Motxilekin joaten ginen, gauez, eta lapurren antzera ibiltzen ginen [barreak].
Jabe desbardinak izan ditu eraikinak?
Bai, urteekin jabez aldatzen joan da. Talleres de Guernicak agindu zuen lantegia eraikitzea, baina 1968an Astrari saldu zion eraikina, 6 milioi pezetaren truke. Astrakoek aroztegi txiki bat jarri zuten beheko solairuan, eta goian bulegoak. 1998a arte egon ziren martxan lantegiaren bulegoak, baina, horren ostean, zazpi urtez egon zen utzita. Gazteak eraikina okupatu zutenetik, bestalde, Astra herriarena da.
Zelakoak izan ziren enpresaren lehenengo urteak?
Fabrika 1916an jarri zuten martxan. Lantegietarako makinaria egiten zuten, batez be: tornuak, prentsak, alpargatak egiteko makinak… 1921ean, baina, beste pauso bat emon zuten lantegiko arduradunek, bonbak ekoizteko erabakia hartuz. Marokoko gerra hasita zegoen eta mota guztietako lehergailuak egiteari ekin zioten, 1946a arte. Milaka tona bonba egin zituzten 30 urtetan. Horiez gain, bestelako gerra material asko be egin zuten: pistolak, balak, bonba jaurtitzaileak, metrailetentzako euskarriak…
Industria herrira heldutakoan ondo hartu al zuten gernikarrek?
1913an Eibarko enpresa batek Gernika-Lumora hedatzea erabaki zuenean, zalaparta handia sortu zen. Gernika-Lumok beste pentsamolde bat zuen, herri oso kontserbadorea baitzen. Hala, ohitura eta tradizioari estuki lotua zegoen. Eibartik zetorren jendea, bestalde, mundu barritik zetorren. Handik ekarri zituzten sindikatuak eta sozialismoa.
Astra eraikina gerrarako materiala egiteagatik izan da famatua. Armak bakarrik egiten zituzten eraikinaren barruan?
Ez, ia denetarik egiten zuten. Talleres de Guernica lantegi oso berritzailea zen. Armen salerosketa gelditzen denean, ideia barrien bila hasten dira. 1950eko hamarkadatik aurrera gauza berezi asko egin zituzten: azeituna hezurrak kentzeko gailuak, brokak, lantegietako makinak, argazki kamerak, izotza txikitzeko makina txikiak, linotipiak, itsasontzientzako tresnak, labeak, kontserba poteentzako tapak… Sorrigieta motorra be fabrikatu zuten, baina ez zuen arrakastarik izan. Batez be, garai desberdinetako egoerara egokitzeko izan duen gaitasunagatik izan da enpresa garrantzitsua.
Zenbateraino egin zen famatu bertoko lantegia?
Talleres de Guernica ahanzturan egon da, baina oso garrantzitsua izan da herriarentzat. Gernika-Lumo bonbardaketagatik da ezaguna gaur egun, baina bonbardaketa baino lehenago bi gauzarengatik zen ezaguna: Talleres de Guernica eta Astra enprensengatik. Astrak, esaterako, milaka eta milaka pistola saldu zizkion Txinari, 1928an. Nazioarteko fama zuen lantegia zen Gernika-Lumokoa, eta mundu osora esportatu zuen.
Zelan lortu zuten horrenbeste arma saltzea?
Marokoko gerran hasi ziren bonbak saltzen, eta bigarren mundu gerraren ostean utzi zioten armak saltzeari. Bi garai horien artean, gerra asko egon ziren munduan, eta enpresa gernikarrek dirutza egin zuten. Bigarren mundu gerran, esaterako, armak egin zituzten Hitlerren eta Musoliniren gizonentzat. Astero treneko bost bagoi irtetzen ziren armaz beterik Hendaiako mugara. Batez be, lehergailuak eta pistolak saltzen zizkieten naziei eta faxistei.
Zergatik utzi zuten jarduera ekonomikoa, enpresa horren garrantzitsua bazen?
Fabrikaren antolakuntza ez zen bat be ona izan Juan Tomas Gandarias lehenengo jabea hil ostean. Gainontzeko belaunaldiak nahiko txoriburuak ziren, eta ez zuten arretarik jarri negozioetan. Gaua asko gustatzen zitzaien, eta Ava Gardner be ekarri zuten Txatxarramendiko hotelera. Lantegian inbertitzeari utzi zioten, eta denboragaz zarratu egin behar izan zuten.
Gazteak 2005ean okupatu zuen eraikina. Zer iritzi duzu?
Oso ederra izan zen gazteek egindakoa, helburua herria eraikinaren jabe egitea baitzen. Hala, hasieratik lagundu nien. Erakunde desbardinetatik zirikatu zituzten, baina oso zentzudun jokatu zuten. Gaur egun Astra taldeentzako kulturarako fabrika sozial bat da, gazteek egindako lanari esker.
Ona izango al da aldaketa?
Astrak metamorfosi edar bat jasan duela uste dut, eta kulturarako fabrika soziala aberasgarria izango dela deritzot. Arma lantegi batetik kultura sortzeko gune barri batera egin dugu salto. Gernika-Lumoko gazteek eraikina okupatu ezean, Astrak ez luke zutunik jarraituko.
Horregatik eskaini diezu liburua eraikina okupatu zuten gazteei?
Bai. Lan ikaragarria egin dute eraikina herriarena izan dadin. Mundu osoan bakarra da Astra, eta atzetik gehiago etorriko dira. Gernika-Lumoko gazteen garaipen bat izan da, eta goraipatu egin behar da.
Gustuko duzu eraikin barria?
Sinbologia asko duen gunea da, eta oso gustuko dut. Galazota zeuden gas bonbak be egin zituzten Talleres de Guernican, eta gaur egun eraikinaren arima guztiz desbardina da. Suntsitzetik sortzera pasatu gara, eta pozarren nago. Etorkizunera begira jarrita, ankerkeriaren jokoan parte hartu genuela ez ahazteko balio du eraikinak.
Astra herriko eraikin garrantzitsuenetako bat al da?
Arkitektura ikuspuntutik oso garrantzitsua da. Prestigiodun arkitekto batek egin zuen, eta adituek eraikin bakarra dela diote.