Martin Orbe: “Euskal Herrian gatazka bat dagoela ukatzen du elizak, eta ez du iritziz aldatuko”
Martin Orbe Monasterio (Errigoiti; 1934) 1958an apaiztu zen, baina ez zen abade arrunt bat izan. Euskal Abadeen Mugimenduaren sorreran parte hartu zuen errigoitiarrak, Euskal Herriari protesta egiteko aukera emonez. Hala, 1969an atxilotu egin zuten, eta kartzelan sartu zuten. Elizaren jarrera ulergaitza dela dio, Euskal Herrian gaztazka bat egon dela ukatzen baitu. Duela gutxi Udako Euskal Unbertsitateak omenaldi bat egin zizun. Zer moduz omenaldia? Segada bat izan zen. Nik ez nekien omenaldi bat egin behar zidatenik. Nire familiako kideak be jakinaren gainean zeuden, baina isilpean gorde zuten. UEUra joateko aitzaki bezala, hitzaldi bat emotea eskatu zidaten, baina hasiera batean ezetz esan nuen. Bigarren biderrez erregutu egin zidaten, eta erreguei ezetz esateko adorerik ez nuen izan. Nire kezka bakarra hitzaldia zen, baina azkenean, gutxienekoa izan zen. Ezusteko pozgarria izan zen? Bai, oso pozgarria izan zen lagunak nitaz oroitzen direla ikustea. Egia esan ez zaizkit gauza horiek gustatzen, eta jakinaren gainean egonez gero, ezetz esango nuke ziurrenik [barreak]. Maitasun osoz egin zidaten omenaldia, eta eskertzekoa da. Nola jarri zinen harremanetan hezkuntza munduagaz? Abade bezala nire lehenengo geralekua Zeanuri izan zen. Abade izateaz gain, hango eskola profesionaleko irakaslea be banintzen, eta hezkuntzaren munduan murgildu nintzen. Ez dakit zerbait irakatsi nuen, baina nik asko ikasi [...]
Martin Orbe Monasterio (Errigoiti; 1934) 1958an apaiztu zen, baina ez zen abade arrunt bat izan. Euskal Abadeen Mugimenduaren sorreran parte hartu zuen errigoitiarrak, Euskal Herriari protesta egiteko aukera emonez. Hala, 1969an atxilotu egin zuten, eta kartzelan sartu zuten. Elizaren jarrera ulergaitza dela dio, Euskal Herrian gaztazka bat egon dela ukatzen baitu.
Duela gutxi Udako Euskal Unbertsitateak omenaldi bat egin zizun. Zer moduz omenaldia?
Segada bat izan zen. Nik ez nekien omenaldi bat egin behar zidatenik. Nire familiako kideak be jakinaren gainean zeuden, baina isilpean gorde zuten. UEUra joateko aitzaki bezala, hitzaldi bat emotea eskatu zidaten, baina hasiera batean ezetz esan nuen. Bigarren biderrez erregutu egin zidaten, eta erreguei ezetz esateko adorerik ez nuen izan. Nire kezka bakarra hitzaldia zen, baina azkenean, gutxienekoa izan zen.
Ezusteko pozgarria izan zen?
Bai, oso pozgarria izan zen lagunak nitaz oroitzen direla ikustea. Egia esan ez zaizkit gauza horiek gustatzen, eta jakinaren gainean egonez gero, ezetz esango nuke ziurrenik [barreak]. Maitasun osoz egin zidaten omenaldia, eta eskertzekoa da.
Nola jarri zinen harremanetan hezkuntza munduagaz?
Abade bezala nire lehenengo geralekua Zeanuri izan zen. Abade izateaz gain, hango eskola profesionaleko irakaslea be banintzen, eta hezkuntzaren munduan murgildu nintzen. Ez dakit zerbait irakatsi nuen, baina nik asko ikasi nuen. Egunero-egunero lanera joatea zein gogorra den ezagutu nuen. Herri txikietako abadeek erraz justifikatzen dute eguna: meza emon, gazteei doktrina irakatsi, gaixoak bisitatu… Langile arruntek, bestalde, bizimodu latzagoa dute.
Zergatik ez zenuen bide erraza aukeratu?
Gernika-Lumon nengoen batean abadeak eta militarrak parasito sozialak jartzen zuen pintaketa bat irakurri nuen, eta zer pentsarazi emon zidan. Neurri handi batean egia esaten zuen pintaketak, baina ez nuen parasito bat izan gura [barreak].
Zelan ezagutu zenuen UEU?
Zamorako kartzelatik irten ostean Ipar Euskal Herrira egin nuen ihes, eta han jarri nintzen harremanetan UEUko jendeagaz lehenengo biderrez. Handik apur batera, Manex Goienetxe UEUko lehen zuzendariak kargua utzi zuen, eta aukeraketa hasi zen.
Aukeraketa normala izan zen?
Orduan be susto edarra hartu nuen. Anton Artiñano medikuak proposatu zuen nire izena, eta zeharo beldurtuta geratu nintzen. Nire izena esaterakoan zutuntzeko indarrik be ez nuen izan, eta Jesus Mari Larrazabal gaur egungo EAko kideak zera esan zuen: “Izen bat esan dute, baina inor ez da zutuntzen; altxa dadila denok ezagutu dezagun”. Ondoan nuen Koldo Gorostiagak bultzatuta jarri nintzen zutunik, eta zuzendari bezala amaitu nuen [barreak].
UEU Hego Euskal Herrira pasatu zenean izan zinen zuzendari. Zergatik erabaki zenuten hegoaldera pasatzea?
Ipar Euskal Herrian jaio arren, UEUko ikasle eta irakasle gehienak hegoaldekoak ziren, eta diru sarrera apurrak be handik heltzen ziren. Bestalde, Franco hilbarri zegoen, eta politika aldetik be eragozpen gutxiago zegoen. Hala, asko eztabaidatu ostean, Iruñera joan ginen. Nafarroara joatea erabaki genuen Euskal Herria gehiago ez zatitzeko.
Apaiza izan arren frankismo garaian kartzelan amaitu zenuen. Zelan ba?
Euskal abadeen mugimenduaren harira sartu gintuzten kartzelan. Kristau mugimendua zen, baina giza heziketari garrantzia handia emoten genion. Kezka nagusi bat genuen: protesta egiteko aukerarik ez zuten herritarrei berba emotea.
Hortaz, berba egiteagatik sartu zintuzten kartzelan?
Berba egiteak beste ardura batzuk zekartzan. ETAko jendeari laguntzea, besteak beste.
Gogoratzen al duzu atxiloketa eguna?
Atxiloketa gogorra izan zela gogoratzen dut. Hilketa bat zegoen tartean, eta ETAko kide bati laguntzeagatik sartu gintuzten kartzelan. Torturatu be egin gintuzten. Irakaskuntzako eredu bat jartzearren, niri egin zizkidaten torturak lehen hezkuntzakoak dira. Azkenaldian, aldiz, torturaren unibertsitatera joan diren poliziak be egon dira.
Zelakoa izan zen espetxealdia Zamoran?
Kartzelan egotea beti da gogorra, esan beharrik be ez dago. Zamorak berezitasun bat zuen: ez zen kondena luzeko delituak betetzeko presondegi bat. Abadeak atxilotzen hasi zirenean ez zekiten non sartu behar gintuzten, eta azkenean Zamoran bukatu genuen. Klima aldetik be gogorra zen, neguan hotz handia egiten baitzuen eta udan bero ikaragarria. Komentuan sartu gura gintuzten hasiera batean, baina komentukoek ez zuten kartzelero izan gura. Hala, hiru urte inguru egin nituen Zamoran.
Zerbaitek bereziki lagundu zintuen kartzelaldian?
Kanpoan pertsona nahiko famatuak ginen, eta Euskal Herriaren babesak gogor mantentzen lagundu zigun. Abade euskaldunak gehiengoa ginen Zamoran, eta lagun multzo ikaragarria egin genuen. Gizakiek ertzeko egoeretan erakusten dute benetako izaera, eta arraroa bada be, kartzelan pertsona oso onak zeuden.
Apaiz izateak lagundu egingo zintuela pentsatzen zenuen atxiloketaren ostean?
Espainia ilunak euskaldunei dion gorrotoak ez du neurririk, eta horrenbestez, ez genuen errukirik espero. Nire ustez, moral aldetik euskal presoak baino gutxiago direla badakite poliziek, eta horrek amorruz betetzen ditu. Gaur egun be politika egiteagatik hainbat jende dago kartzelan.
Ihes egiteko ahalegina be egin zenuten?
Bai. Ez geneukan tresnarik, baina tunel bat egin genuen. Talde batek helburuak argi izanez gero, edozer egiteko gaitasuna dauka. Nahiko beldurtia naiz, eta lehenengo biderrez planteatu zenean, zalantza handiak nituen. Zailegia izango zela uste nuen.
Eta zergatik egin zenuten aurrera?
Beste batzuek ez zuten horren gatx ikusten. Jon Etxebek eta Gautegiz Arteagako Jesus Naberanek egin zuten lan handiena. Zulo bat egin behar genuela erabaki zuten, eta baita lekua be. Eraikinaren beheko solairuan aurkitu genuen zuloa egiteko tresna: berogailuan zerrautsa sartzeko erabiltzen zen pala txiki bat. Gauzarik gatxena planteatzen zenean be, Solabarriak zera erantzuten zuen: “Proba dezagun ezinezkoa den”.
Zelako zuloa egin zenuten?
Lau baldosa altxatu genituen eta zuloa egiten hasi ginen. Kartzelak hiru harresi zituen, eta horrenbestez, tunel nahiko luzea egin behar izan genuen. Tunelaren distantzia kalkulatzeko be komeria ugari pasa genituen. Eraikinaren goiko solairura joan, eta arratsaldeko gerizpea baliatuz egin zuten kalkulua taldeko matematikoek. Eraikinaren altuera zekitenez, gerizpea azken harresira noiz heltzen zen ikusiz egin zuten neurketa.
Baina azkenean harrapatu egin zintuzteten.
Bai. Tunelaren barri izan zutenean 11 baino ez geuden preso. Tunelean lan egiteko egunak funtzionarioaren arabera aukeratzen genituen, batzuk erraz kontrolatzen genituen eta. Harrapatu gintuztenean horietako bat zegoen, baina alperrik. Zuloan lan egiteko guztiok lagundu behar genuen zerbaitetan, eta egun horretan nahikotxo luzatu ginen. Hala, beste funtzionarioetako bat tunela egiten geuden lekura joan zen. Alarma jo genuen eta zuloa zarratzea lortu zuten barrukoek, baina ez erabat. Afari tristea izan zen egun horretakoa.
Asko falta zitzaizuen amaitzeko?
Ez, egia esan. Funtzionarioek susto edarra hartu zuten tunelaren tamaina ikusi zutenean. Zuloa aurkitu ostean esaten zutenagatik, hasierako lanetan geundela uste zuten [barreak]. Funtzionarioentzat be kolpe gogorra izan zen. Dozena bat pertsona zaintzeko gai be ez ziren.
Zenbait abade lehenago irten ziren kartzelatik gotzaindegiari esker. Ez zintuzten lagundu?
Bisitetara joaten hasi zen gotzaina, baina ez joatea eskatu genion. Guri bisitatuz eliza bere burua zuritzen zebilela pentsatzen genuen, herriaren alde ez baitzuen ezer egiten. Idazki batean jakinarazi genien giza laguntza emoteko jende nahikoa genuela barruan be. Elizak Euskal Herriaren zapalketa eta orduko injustizia guztiak salatu behar zituela aldarrikatzen genuen.
Gaur egun bake prozesuaz egiten da berba etenik barik. Zein jarrera hartu beharko luke elizak?
Bake prozesuari alde bakarretik begiratzen dio elizak. Herriaren aldetik indarkeria mota bat egon dela egia da, baina antza danez, hori da konpondu beharreko gauza bakarra. Eliza ez da ausartzen gatazka bat dagoela esatera, hala eginez gero, Espainiak be indarkeria erabili duela argi uzten baitu. Egia esan, elizarengandik ez dut ezer espero. Elizaren jarreran aldaketa bat egonez gero, herriaren presioagatik izango da.