Aukera anitzerako laborategia
Hainbatek galdetu dute 2009an ateak ireki zituenetik zer ote den Bermeoko Kofradia Zaharrean dagoen zentroa. Askok geldiunea egiten dute bertan, eta kristaletatik begiratzen dute barrura. Bermeoko FAB LABa dago Denok Inn zentro horretan, Euskal Herrian dagoen FAB LAB bakarra. Ordenagailu bitartez kontrolatutako makinekin, herri mailan edo maila pertsonalean objektuak sortzeko eta fabrikatzeko espazioa da FAB LABa. Sortze-proiektuak lantzeko laborategia dela azaldu dute Charbell De Soto eta Margarita Martinez FAB LABeko managerrek. Edozein herritarrek erabiltzeko espazioa dela jakinarazi dute, “ez dauka zertan profesionala izan beharrik; edozein pertsona izan daiteke FAB LAB baten parte”. Ezer ez dakienak bertara joan eta funtzionamendua ikas dezakeela adierazi dute; “sortze-proiektu bat egiteko gogoa baino ez du izan behar”. Zentro horretan makineria desbardinak aurki daitezke, fabrikazio digitala ahalbidetzen dutenak. Hau da, lehenik eta behin buruan daukazuna ordenagailu batean marraztu edo proiektatu behar da, ondoren, makinei horiek inprimatzeko agindua emoteko. “Hemen funtsezkoena ordenagailua da. Makinek ez dute pentsatzen, agindua baino ez diogu emoten”. AEBetatik dator FAB LABak Amerikako Estatu Batuetatikdatozela azaldu dute managerrek. “Jendeak bakarrik ikasteko aukera eskaintzen duten laborategiak dira. Hori bai, lehendabizi, makineriak zelan funtzionatzen duen azaltzen dugu, baina hau ez da unibertsitatea. Hona etorri eta laborategian dagoen jendearen laguntzarekin ikasten duzu”. Ideia talde bat osatzea [...]
Hainbatek galdetu dute 2009an ateak ireki zituenetik zer ote den Bermeoko Kofradia Zaharrean dagoen zentroa. Askok geldiunea egiten dute bertan, eta kristaletatik begiratzen dute barrura. Bermeoko FAB LABa dago Denok Inn zentro horretan, Euskal Herrian dagoen FAB LAB bakarra. Ordenagailu bitartez kontrolatutako makinekin, herri mailan edo maila pertsonalean objektuak sortzeko eta fabrikatzeko espazioa da FAB LABa. Sortze-proiektuak lantzeko laborategia dela azaldu dute Charbell De Soto eta Margarita Martinez FAB LABeko managerrek.
Edozein herritarrek erabiltzeko espazioa dela jakinarazi dute, “ez dauka zertan profesionala izan beharrik; edozein pertsona izan daiteke FAB LAB baten parte”. Ezer ez dakienak bertara joan eta funtzionamendua ikas dezakeela adierazi dute; “sortze-proiektu bat egiteko gogoa baino ez du izan behar”.
Zentro horretan makineria desbardinak aurki daitezke, fabrikazio digitala ahalbidetzen dutenak. Hau da, lehenik eta behin buruan daukazuna ordenagailu batean marraztu edo proiektatu behar da, ondoren, makinei horiek inprimatzeko agindua emoteko. “Hemen funtsezkoena ordenagailua da. Makinek ez dute pentsatzen, agindua baino ez diogu emoten”.
AEBetatik dator
FAB LABak Amerikako Estatu Batuetatikdatozela azaldu dute managerrek. “Jendeak bakarrik ikasteko aukera eskaintzen duten laborategiak dira. Hori bai, lehendabizi, makineriak zelan funtzionatzen duen azaltzen dugu, baina hau ez da unibertsitatea. Hona etorri eta laborategian dagoen jendearen laguntzarekin ikasten duzu”. Ideia talde bat osatzea dela diote. “Gu diseinatzaileak gara, baina zabalik gaude beste ezaguera batzuk dituzten pertsonak hartzeko eta, horrela, proiektu desberdinak egin ahal izateko”.
Aurrera begira, tailerrak antolatuko dituztela jakinarazi dute. “Formazio tailerrak izango dira, jendea teknologia barrietara hurbildu asmoz eta horiek zelan funtzionatzen duten irakasteko”. Laborategi horretan denetik egin daitekeela azaldu gura diete herritarrei eta, gainera, “ez dela zaila”.
Zer egin daitekeen
FAB LABean “ia guztia” egin daitekeela diote: aulki baten edo esekitoki baten prototipoak edota itsasontzi baterako oinarrizko pieza bat, batzuk aipatzearren. “Beharrezkoak diren tresnak ditugu ia edozer eraiki ahal izateko. Elektronikarako gune bat be badaukagu, guk erabiltzen ez duguna. Horretaz dakien norbait etortzea gustatuko litzaiguke, ideiak bateratzeko. Adibidez, egun guztian inork zaindu ezin dezakeen ortu batean programatu dezakegu, zeozer esatearren, egunean hirutan ureztatzeko”.
“Ia dena” egin daitekeela esaten dute, FAB LABen arauetako bat baita “ezin dela erabili kalte egin dezakeen zerbait egiteko, adibidez, armak”.
Teknologia desbardinak erabiltzeko aukera eskaintzen du laborategiak eta, horrela, material desbardinak erabili daitezke. Bertako managerrek diotenaren arabera, “pieza txikiak eta handiak egiteko moldeak egin daitezke; laserraren bitartez zura, kartoia, papera edota plastikoa ebaki daiteke; biniloa mozteko makina be badugu, aukera desbardinak emoten dituena…”. Biniloa mozteko aukera emoten duen makineriarekin, adibidez, jendeak bere etxea apaintzeko makina horrek eskaintzen dituen aukerak azaltzeko tailerrak antolatzen dituzte. Fresatzailearekin, ostera, moldeak egiteko tailerrak egin daitezkeela diote, “etxeko gauzak badira be, txokolateak edo gailetak egiteko, adibidez. Ez dauka zertan industriala izan behar, gauza sinpleak egin daitezke”.
Gauzak errazteko balio duen laborategia dela diote. “Prezio ekonomiko batean, zure erara buruan daukazun ia edozer egin daiteke. Ez daukazu zertan inora jo beharrik behar duzun hori erosteko; izan be, zuk zure modura eta zeure gustura egin dezakezu”.
FAB LABek finantzazio desbardinak dituzte. Batzuk publikoak dira, bakarrik finantzatzen direnak be badaude eta Bermeokoa, barriz, kuota batzuen bitartez finantzatzen da. Alde batetik, bazkideak daude. Hileko, hiruhileko, seihileko edo urteko kuotak ordaintzeko aukera dute. Ideia da, diotenez, “sei hilabeteko kuota ordaintzen duen horrek epe horretarako proiektu bat buruan izatea eta laborategia sarri erabiltzea. Horren bitartez, makineria gura duenean erabili dezake eta munduko FAB LAB sarera izango du sarrera”. Azaldu dutenez, talde bat osatzea lortuz gero eta proiekturen bat eginez gero, “kanpoko finantzazioak lortzen saiatuko ginateke”.
Bestetik, profesionalak daude; izan be, edozein profesional joan daiteke laborategira proiektu pertsonal bat egiteko, beti be, kuota ordainduta.
Edozein erabiltzailek arau batzuk bete beharko ditu; ordena mantentzea, kideei minik ez egitea edo laborategia egon den moduan uztea, besteak beste.
Orain arte, batez be, laborategia arkitektoek erabili dutela diote, “diseinatzen ari diren eraikinaren maketak egiteko”. Diseinatzaile grafikoekin be zenbait tailer egin dituzte, ilustrazio desbardinetan laserrarekin grabatzen edo mozten irakatsi asmoz. “Egun barritasuna oso garrantzitsua da, eta batzuk asko mugitzen ari dira”.
Irekiak
FAB LABek duten filosofia “oso garrantzitsua” dela diote, open source baitira, hau da, irekiak dira. Komunitate baten onurarako egiten diren proiektuak webgune batean ipintzen dira. Webgune horretatik edozeinek hartu eta deskargatu dezake eta proiektu bardina erabili munduko edozein tokitan; “ez da baimenik behar, denontzako irekia baita”.
Euskal Herriko FAB LAB bakarra Bermeokoa da. Egun laborategian dauden bi managerrak urritik ari dira lan horretan, eta laborategiaren zabalkundearen beharra ikusi dute, hau da, herri mailan ezagutzera emotea. “Inguruko udaletara joango gara eta baita Bilbo edo Donostia bezalako hiriburuetara be, eta laborategia aurkeztuko dugu. Aukera ezin hobea eskaintzen duelako eta Euskal Herrian bakarra delako”.
Bermeoko zenbait herritarrek atzo izan zuten laborategiarekin lehenengo harremana; izan be, Gazteentzako Informazio Zerbitzuak (GIZ) antolatuta, hitzaldi bat eman zuten laborategian bertan. Bertaratutakoek laborategiaz arduratzen diren bi managerren eskutik jaso zuten lehen eskuko informazioa, eta zer egiten den eta zertarako aukerak emoten dituen ezagutu ahal izan zuten.