Aurraitz, Ajangizko olerkaria
36ko gerraren aurretik eta ondoren idatzi duten euskal poeta bakanetako bat izan zen Balendin Aurre Apraiz. 1912ko azaroaren 3an jaioa, mende bat bete zen joan den zapatuan Ajangizko Mendieta-Agerre baserriko semea sortu zenetik. 2007ko apirilaren 7an hil zen, euskal kulturari ekarpen handia egin ondoren. Ekin astekarian jarduen zuen gerra aurretik, bere sorterriko albisteak jorratuz. Gudari izan zen gerra sasoian, eta 1937ko ekainean zauritu egin zuten, Artxanda defendatzen ari zela. Egun batzuk geroago, zaurietatik sendatzen ari zela, Basurtuko ospitalean atxilotu zuten faxistek. Une latzak ziren kartzelakoak, eta olerkiak idatziz husten zuen barrua. 1940an askatu zuten, eta baserriko lanari ekin zion, beti be, irakurtzeari eta idazteari erabat utzi gabe. Euzkadin, Euzko Gogoan eta beste hainbat aldizkaritan argitaratu zituen bere olerkiak, eta 50eko hamarkadan Olerti eta Karmel aldizkarietara hurreratu zen. 1958an Venezuelara joan zen, eta 1964an itzuli zen Euskal Herrira. Urte horietan Errimiña poema sorta eta Ekaitza poema idatzi zituen, Rabindranath Tagoreren Txitra eta Txori galduak euskaratzeaz gain. Olerkaria izan arren, prosan ere hainbat lan egin zituen. Hasieran ezizen asko erabili zituen Aurre Apraizek bere olerkiak aldizkarietan argitaratzeko: Mendi-bide, Agerreko Balendin, Balendin Agerreko, Aurraitz… Azkeneko hori hobetsi zuen gerora. Olerti eta Karmel aldizkarien inguruko karmeldarren eta gainerako idazle batzuen adiskide min egin zen [...]
36ko gerraren aurretik eta ondoren idatzi duten euskal poeta bakanetako bat izan zen Balendin Aurre Apraiz. 1912ko azaroaren 3an jaioa, mende bat bete zen joan den zapatuan Ajangizko Mendieta-Agerre baserriko semea sortu zenetik. 2007ko apirilaren 7an hil zen, euskal kulturari ekarpen handia egin ondoren.
Ekin astekarian jarduen zuen gerra aurretik, bere sorterriko albisteak jorratuz. Gudari izan zen gerra sasoian, eta 1937ko ekainean zauritu egin zuten, Artxanda defendatzen ari zela. Egun batzuk geroago, zaurietatik sendatzen ari zela, Basurtuko ospitalean atxilotu zuten faxistek. Une latzak ziren kartzelakoak, eta olerkiak idatziz husten zuen barrua. 1940an askatu zuten, eta baserriko lanari ekin zion, beti be, irakurtzeari eta idazteari erabat utzi gabe.
Euzkadin, Euzko Gogoan eta beste hainbat aldizkaritan argitaratu zituen bere olerkiak, eta 50eko hamarkadan Olerti eta Karmel aldizkarietara hurreratu zen. 1958an Venezuelara joan zen, eta 1964an itzuli zen Euskal Herrira. Urte horietan Errimiña poema sorta eta Ekaitza poema idatzi zituen, Rabindranath Tagoreren Txitra eta Txori galduak euskaratzeaz gain. Olerkaria izan arren, prosan ere hainbat lan egin zituen.
Hasieran ezizen asko erabili zituen Aurre Apraizek bere olerkiak aldizkarietan argitaratzeko: Mendi-bide, Agerreko Balendin, Balendin Agerreko, Aurraitz… Azkeneko hori hobetsi zuen gerora.
Olerti eta Karmel aldizkarien inguruko karmeldarren eta gainerako idazle batzuen adiskide min egin zen Ajangizko olerkaria. Zendu zenean, «zorretan» zeudela iritzita, «haren omenez eta gomutaz» idazlan bi argitaratu zituzten karmeldarrek: bata, haren bizitza eta olerkigintza agertzen zituena; eta bestea, haren bibliografiarena. Euskara zuen bere kuttuna, eta baita abertzaletasunaren oinarria ere. Hala esan zuen Luis Baraiazarrak Karmel aldizkarian, haren bizitza eta jatorria aztertzerakoan.