5.700 euroan erosi du Kamiñokok gazta irabazlea
Iritsi da Gernika-Lumoko hitzordu garrantzitsuenetarikoa. Gaur milaka lagun hartu ditu herriak, urriko azken asteleheneko azokan. Baserri mundua kalera atera eta nekazal kutsua hartu du Gernika-Lumok, eta horren erantzule dira han eta hemen ipini dituzten 286 saltokiak. Eguraldiak lagunduta, jendetza batu da gaurko egunean. Sari banaketa hasi da, Aitzol Zubizarretak aurkeztuta. Bi sari geratu dira Busturialdean. Gazta onenaren saria Zeanurira joan da, Jon Etxebarriarena hautatu baitu epaimahaiak. Ordiziako azokan ere hark irabazi zuen. Iraileko azoka horretan gazta erdiaren truke 7.400 euro eman zituen Catalana Occidente aseguru etxeak. Gernika-Lumon, ordea, ez da zenbateko horretara heldu; Muruetako Kamiñoko jatetxeak erosi du, 5.700 euroren truke. Zabaletak (Muniain) irabazi du bigarren saria, eta gazta erdia 600 euroan erosi du Xabier Totorikaguena Xaibor-ek, Jose Antonio Bastegieta Markok gidatutako enkantean. Aurtengo saridunak: Ezti milalorea: Jabier Larrinaga (Kortezubi). Txilar eztia: Balentin Llona (Zornotza). Txakolin zuria: Jose Antonio Torre (Larrabetzu). Txakolin gorria: Jose Antonio Torre (Larrabetzu). Txakolin beltza: Zabala txakolina (Bakio). Gazta: 1. Jon Etxebarria (Zeanuri); 2. Zabaleta (Muniain); 3. Aizpea (Olaberria); 4. Aitor Unamuno (Aramaio). Barazkiak: Adela Andikoetxea (Urduliz) Frutak: Jose Etxebarria (Gatika). Lorak: Mari Carmen Alzibar (Gernika-Lumo). Giro ona dago kale batean zein bestean, eta asko dira erosketak egiten ari direnak, herritarrak zein kanpotik etorritakoak. Ciclista Gernikesa [...]
Iritsi da Gernika-Lumoko hitzordu garrantzitsuenetarikoa. Gaur milaka lagun hartu ditu herriak, urriko azken asteleheneko azokan. Baserri mundua kalera atera eta nekazal kutsua hartu du Gernika-Lumok, eta horren erantzule dira han eta hemen ipini dituzten 286 saltokiak. Eguraldiak lagunduta, jendetza batu da gaurko egunean. Sari banaketa hasi da, Aitzol Zubizarretak aurkeztuta. Bi sari geratu dira Busturialdean. Gazta onenaren saria Zeanurira joan da, Jon Etxebarriarena hautatu baitu epaimahaiak. Ordiziako azokan ere hark irabazi zuen. Iraileko azoka horretan gazta erdiaren truke 7.400 euro eman zituen Catalana Occidente aseguru etxeak. Gernika-Lumon, ordea, ez da zenbateko horretara heldu; Muruetako Kamiñoko jatetxeak erosi du, 5.700 euroren truke.
Zabaletak (Muniain) irabazi du bigarren saria, eta gazta erdia 600 euroan erosi du Xabier Totorikaguena Xaibor-ek, Jose Antonio Bastegieta Markok gidatutako enkantean.
Aurtengo saridunak:
- Ezti milalorea: Jabier Larrinaga (Kortezubi).
- Txilar eztia: Balentin Llona (Zornotza).
- Txakolin zuria: Jose Antonio Torre (Larrabetzu).
- Txakolin gorria: Jose Antonio Torre (Larrabetzu).
- Txakolin beltza: Zabala txakolina (Bakio).
- Gazta: 1. Jon Etxebarria (Zeanuri); 2. Zabaleta (Muniain); 3. Aizpea (Olaberria); 4. Aitor Unamuno (Aramaio).
- Barazkiak: Adela Andikoetxea (Urduliz)
- Frutak: Jose Etxebarria (Gatika).
- Lorak: Mari Carmen Alzibar (Gernika-Lumo).
Giro ona dago kale batean zein bestean, eta asko dira erosketak egiten ari direnak, herritarrak zein kanpotik etorritakoak. Ciclista Gernikesa eta Arkupe pelota elkarteak (Foru plaza), Gernika Kluba (Ciutat de Berga kalea), Gernika Off Roadek (Pasealekua), Gernika KESBek (Saraspe), Gernika Rugby Taldeak (Alhondiga), Esan taldeak (Adolfo Urioste) eta Apareu eta AEK-Busturialdean Euskaraz bizik (Domingo Alegria) ipinitako txosnetan taloak jateko ari dira aprobetxatzeko asko eta asko. EHNEren txosna hautatu dute beste askok. Txosna guneetan ipinitako herriko presoen argazkiak kentzera joan da Ertzaintza.
Ohiko kaleetan kokatuko dituzte saltoki guztiak, baina aurten bada aldaketaren bat edo beste, Juan Calzada kaleko obren eraginez. Hala, kale hori bere osotasunean hartu izan ohi dute ortuariek, baina aurten makinaria ipini dute tarte batean. Saltoki gehienak (68) Artekalen daude. San Juanen (60), Pasealekuan (54), Industria kalean (40), Juan Calzadan (31) eta 8 de Eneron (20) kokatu dituzte gainontzekoak. Produktuei dagokienez, ordezkaritza zabalena gazta saltzaileena da, 65 ekoizle batu baitira Gernika-Lumon. Artisautzak 54 saltoki ditu, ortuariek 43, txakolinak hogei, sagardoak sei, euskal pastelak eta ogiak hamabost, kontserbek hamalau, makinariak hamazazpi, eztiak bost, lorek bi eta erroskilek bederatzi. Esnekiak saltzen dituen postu bat be badago, eta bestelakoentzako hamahiru.
Bestalde, beti bezala, ortuariak, frutak, landare apaingarriak, txakolinak, eztiak eta gaztak sartu dira lehiaketan. «Euskal nekazaritzaren munduan sona handia daukaten teknikariez osatutako epaimahaia» eratuko dute. Bestetik, ospe handiko sukaldariek parte hartuko dute gazten dastaketan. Hain justu, Jose Miguel Olazabalaga, Beñat Ormaetxea, Aitor Elizegi, Iñigo Ordorika, Ricardo Perez, Eneko Atxa, Daniel Garcia, Sergio Ortiz de Zarate, Alvaro Garrido eta Alberto Txikote aritu dira zeregin horretan, Itsasmendi upategiko Ana Martin enologoarekin batera.
Urriko azken astelehenean sariren bat lortzeak ematen duen prestigioaz gain, dirusariak be egon dira irabazleentzat, 3.000 eurotik gora banatu baitituzte, BBK-ko Gizarte Ekintza Saileko Manu Gonzalezen arabera.
Egitaraua
- 09:00etan. Nekazal produktuen lehiaketaren eta nekazal makinariaren erakusketaren hasiera.
- 12:00etan. Bertsolariak Merkurio iturriaren inguruan: Andoni Egaña, Sebastian Lizaso eta Maialen Lujanbio.
- 13:30ean. Sari banaketa eta gaztaren enkantea, Merkurion.
- 18:00etan. Zesta-punta partidak Jai Alai frontoian.
- 18:00etan. Eskupilota partidak Santanape frontoian.
Saltokiak
- Gazta 65
- Artisauak 54
- Ortuariak 43
- Txakolina 20
- Sagardoa 6
- Euskal pastela eta ogia 15
- Kontserbak 14
- Makinaria 17
- Fruta 14
- Eztia 5
- Lorak 2
- Esnekiak 1
- Erroskilak 9
- Bestelakoak 13