
25 urte daramatza politikan Ricardo Gatzagaetxebarriak (Ondarroa, 1960); 1987tik gaur arte. Ondarroako udaletxean hasi zen alkatetzerako beharrean, eta oraindik horretan jarraitzen du. Eusko Jaurlaritzako Toki Administrazioko zuzendaria, Madrilen diputatua eta senataria be izan da. Hamabi urtez egon zen Madrilen, Senatuan eta Parlamentuan eta Eusko Legebiltzarrean egin ditu azken legealdi biak. Errepikatzeko asmoz, EAJren Bizkaiko hautagaien artean dago legebiltzarrerako. Laugarrena da zerrendan.
Botoen estimazioaren arabera, EAJk izango ditu bozka gehien, eta ondoren EH Bildu koalizioak. Estimazio horiek bete egingo direla uste al duzu?
Estimazioak ez dabiltza horren ondo, nire ustez, alde nabarmenegia emoten dabiltza-eta EAJri. Ez dut uste horrenbesteko aldea egongo denik. EAJk irabaziko du boto emoileen artean, baina ordezkarien hautaketa ez da boto emaileen arabera zuzenean egiten, lurraldeka egiten da, eta lurralde bakoitzean alderdi politiko bakoitzaren pisua ezberdina denetik, emaitza zuzenak alde handiagoa izango du parlamentario kopuruan baino. Beraz, EAJk irabaziko du eta hurre, parlamentario bat edo bi gutxiagorekin, egongo da EH Bildu.
Aliantzak egin behar balira, ze aliantza gustatuko litzaizuke egitea?
Lehenengo hauteskundeak egin behar dira, eta gero emaitzen azterketa lasai eta sakon bat egin behar da, herriak zer esan duen jakiteko. Gero, elkarrizketak egingo dira alderdien artean eta hortik ikusiko da ze hurretasun egon daitekeen euren artean. Gu ez gaude gaizki kokatuta, badaukagu gaitasuna-eta danekin berba egiteko. Prozesu luze bat izango da, ez da izango astebete edo hamabost egunekoa; bi-hiru hilabete beharko direla uste dut. Datorren urtean sartuta hasiko da gobernu berria.
Lehen Ibarretxek eta orain Artur Massek hartutako Independentziaren aldarrikapenaren bidea hartuko duzue legegintzaldi barrian?
Hemengo aldarrikapen politikoak eta hemengo arazo politikoak konpontzeko oinarriak ipinita dagoz. 2004an legebiltzarrak onartutako estatutu politikoan daude oinarri horiek: herri hau izango da herri honen gehiengoak nahi duena izatea historiako momentu politiko bakoitzean. Eztabaida hori etorriko da, eta guk alderdien arteko lantalde parlamentario bat edo lantalde politiko bat sortzea proposatzen dugu, hurrengo ganbaran sentiberatasun politiko guztiak egongo direlako. Orain arte ETAren borroka armatua izaten zen aitzakia, baina hori amaitu da. Kataluniakoa, aldiz, beste prozesu bat da. Hemen, herri bi, nazio bi daude bere nortasun politiko propioa eduki nahi dutenak eta hainbat herritar daude euren aldarrikapen edo asmo propioak bideragarri izatea nahi dutenak, eta hori era batera edo bestera lortu behar da.
Krisia be herritarrak arduratzen dituen gaia da. Zer egin behar da hortik irtetzeko?
Krisiaren aurrean lortu behar den lehenengo helburua eustea da, jardun ekonomiko gehiagorik ez galtzeko. Jardun ekonomikoa galtzen denean lanpostuak eta lantegiak izten dira eta enplegua galtzen da; beraz, gobernua egoerari eusten ahalegindu behar da, aurreikuspenak txarrak dira eta. Horretarako, oinarrizko laguntza emon behar zaie enpresa txiki eta ertainei. Oinarrizko finantziazioa behar dute langileei soldatak ordaintzeko, bezeroei egindako erosketak ordaintzeko, eta hornitzaileei erositako erosketak ordaintzeko. Bigarren neurria, berriz, gure egoera ekonomikoaren bigarren birmoldaketa edo berrikuntza izan behar da: prestakuntzan, hezkuntzan, teknologian eta ikerketan. Hor indartu behar gara lehiakorrak izateko. Horretarako, jende adimentsua eta prestatua eduki behar dugu. Inbertsio garrantzitsuena, beraz, giza kapitalean egin behar da eta hori hezkuntza sistema indartuz egiten dugu, eta teknologien berrikuntzan eta ikerketan inbertsioa eginez.
Gure moduko eskualdeetan, herri txikiz osotuak, zein motatako politika bultzatuko zenuke?
Herri bakoitzak bere gaitasunak ditu, eta eskualde ikuspuntutik be badaukaguz tresna batzuk. Eskolak eta enpresa lehiakorrak ditugu, eta egun daukagun mailari eutsi behar diogu. Badagoz herri batzuk, Ondarroa modura, beste erronka batzuk dituztenak, eta elikadura eta itsas garapenari lotutako inbertsioa egin behar dute. Ondarroak arrantza elikaduragaz lotutako esperientzia du, eta lantegi eta enpresa txikietan jakituria handia dauka, eta jakintasun hori erabili behar da etorkizunean. Itsasgunea eta itsasoari lotutako industria zein arrantza elikadurarako industria txikiak garatu eta indartu behar dira, baina horretarako beste lan batzuk be egin behar dira: giza kapitalaz gain, azpiegitura industrialetan inbertitu behar da.
Datorren ikasturtetik aurrera hezkuntzan aplikatuko den ereduak euskara bermatzen duela uste duzu?
Ez dugu txarto ikusten hiru hizkuntza erabiltzea, baina oinarrizko hizkuntza euskara izan behar da. Gero, ingelesa menperatzea be ondo dago, jende hezitua behar dugu eta. Gaur egun munduan ibiltzeko oinarrizkoa den hizkuntza ingelesa da, eta hori jakiteak lehiakortasuna emoten dio pertsonari, eta sendotasuna eta indarra herriari. Euskara lehenengo bermatu, baina ingelesaren erabilpena indartu behar dela uste dugu.
Zelako lehendakaria izan daiteke Urkullu, zure ustez?
Urkullu politikan eskarmentu handiko gizona da, zentzu handiko gizona, oso langilea, eta ondo aztertuta ditu herri honen arazoak eta buruhausteak. Lehendakari modura paper ona egingo du, zentzunez, eta akordioak lortzeko ahaleginak egingo ditu beste tendentzia politiko guztiekin. Goi mailako lehendakaria izango da, baina denbora bat emon behar zaio, konfiantza emon behar zaio, lehenengo hilabeteak eta urteak gogorrak izango dira eta. Lehendakari bezala kontsolidatuko dela uste dut, zentzu handia eta lanerako gaitasun handia duelako. Gainera, oso sakrifikatua da.
Zuen ildo nagusiak zeintzuk izango dira?
Lehenengo eta behin, krisi ekonomikotik atera eta jardun ekonomikoa sustatu behar da, enplegua sortzeko; eta bigarrenik, daukagun aldarrikapen politikoen eskaeren erabilgarritasuna gure egitura politikoan indartu eta sendotu behar da. Hau da, proiektu politiko guztiak bideragarriak izateko aukera emon. Herri honek badu etorkizuna, aurrera egingo du, gehiago prestatu behar dugun jente prestatua daukagulako. Hortik joten badugu herri honek badauka etorkizuna, baina etorkizuna berton eraiki behar dugu. Gure esku botere politiko-juridiko gehiago edukitzea da guk nahi duguna, hainbat baliabide eta herraminta edukitzeko. Zenbat eta tresna publiko edo herri tresna gehiago eduki gure eskuetan, ahalmen gehiago edukiko dugu gure herriaren prestakuntza, etorkizuna, jarduna eta sendotasuna lortzeko.