
Maribi Ugarteburu (Amoroto, 1968) Eusko Legebiltzarrerako hautagaia da EH Bilduren Bizkaiko zerrendatik. Dioenez, burujabetza politikoa eta ekonomikoa ezinbestekoak dira Euskal Herriak bizirik jarrai dezan.
180 orrialdeko programa zabala prestatu duzue. Zeintzuk dira EH Bilduren lan ildo nagusiak?
Labur-labur esanda, bi lan ildo nagusi ditugu. Alde batetik, burujabetza ekonomikoa, politikoa eta soziala aldarrikatzen ditugu. Euskaldunok erabakitzeko dugun berezko eskubidea praktikan jartzeko ordua heldu da, maila guztietan erabakiak hartu ahal izateko. Bestetik, justizia soziala eta pertsonak agenda politikoaren erdi-erdian jarri gura ditugu.
Politika egiteko beste modu bat aldarrikatzen duzue. Zergatik?
Parte hartzean oinarritutako politika aldarrikatzen dugu. Programa bera be ez dugu EH Bilduren barruan gauden lau alderdi politikook bakarrik prestatu. Gizarte eragile desbardinen elkarlanaren bitartez osatu dugu programa, bakoitzaren lan esparrua kontuan hartuta. Gizarte eragileek, gainera, hainbat ekarpen egin dituzte.
Gaur egungo eredua agortuta dago?
Krisi ekonomikoak ageri-agerian utzi du egungo eredua agortuta dagoela. Krisi ekonomikoaz gain, gizarte eredua be krisian dago. Merkatua jarri da erabakiguneen erdian, politika ekonomiaren txotxongilo bihurtuz. Ekonomiak politika bahitu du, eta egoera horri buelta emotea da EH Bilduren helburua. Politika publiko eraginkorrak egingo ditugu, herritarrei boterea bueltatuz. Errezeta zaharrekin arazo barriei aurre egitea ez da batere eraginkorra.
Burujabetza politiko eta ekonomikoa ezinbestekoa da Euskal Herriak bizirik jarrai dezan?
Ezinbestekoak dira. Epelkerietan ibiltzeko momentua amaitu da. Burujabetza partekatuaren eredua aldarrikatu du EAJk azkenaldian, baina horren kontra gaude. Ez dugu tratu txarrak emoten dizkigun estatu baten barruan bizi gura eta, horrenbestez, aukera bakarra dibortzioa da. Burujabetza gainontzeko estatuentzat ona bada, zergatik ez guretzat?
Zentzu horretan, zer deritzozue Eskoziako independentzia prozesuari buruz?
Irrika eta ilusio handiagaz jarraitzen dugu Eskoziako prozesua. Kasu horretan, halanda be, Erresuma Batuak estatu demokratiko baten jarrera erakutsi du, eskoziarrei erabakitzeko eskubidea emonaz. Euskal Herrian be gauza bera eskatzen dugu, baina ez dago modurik. Espainiak bereari eusten dio, demokraziaren kontrako horma bat eraikiz.
Gaur egun independentzia lortzeko baldintza egokiak daude?
Azken 30 urteetan egon ez diren baldintzak daude, independentziaren aldekoak gero eta gehiago baikara. EH Bilduren apustua indarrak batzen jarraitzea da. Jatorri ideologiko desbardina izan arren, Euskal Herria libre eta justu bat eraikitzeko modu bakarra indarrak batzea da. Hala, alderdi politiko guztiekin berba egiteko konpromisoa hartu dugu. Olatu independentista hazten dabil, eta gehiago haziko dela deritzogu, Espainiaren jarrera ukatzailea baita.
Zergatik da beharrezkoa botereguneak herritarren eskura jartzea?
Azken hamarkadetan erabakiguneak herritarrengandik urrundu dira. Demokrazian parte hartzea ez da soilik lau urterik behin botoa emotea; herritarrek eskumen gehiago izan behar dituzte. Erabaki estrategikoak hartu behar direnean herritarrei kontsultatu behar zaiela uste dugu. AHTaren kasuan edo Urdaibaiko Guggenheimaren kasuan , esaterako, ez da horrela egin, berebiziko erabakiak izan arren.
Espainia demokraziaren zabortegia dela esan zenuen Gernika-Lumoko mitinean. Zergatik?
Demokraziaren oinarri guztiak hankaz gora jartzen dituelako Espainiak. Demokrazia herriaren boterea izan beharko litzateke, baina ez da horrela gertatzen. Inposaketan oinarritzen da Espainia.
Ekonomiak beherantz darrai eta laguntza sozialak murriztu dituzte. Zelan egingo lioke aurre EH Bilduk egoera horri?
Ez daukagu errezeta magikorik, baina zenbait neurrik asko lagunduko lukete. Batetik, lehentasuna emon behar zaie gizarte, hezkuntza eta osasun gastuei. Horiek eskubide unibertsalei eragiten diete eta, beraz, ezin dira ikutu. Horiei lehentasuna emonez gero, bestalde, argi dago beste gastu batzuk murriztu beharko liratekeela. Proiektu erraldoiak, AHTa esaterako, geratu egin beharko lirateke.
Nolakoa da EH Bilduren finantza politika?
Zerga politika justu bat sortzea gure erronketako bat da. Orain arteko zerga politikak gehien dutenei egiten die mesede, langile arrunten kaltean. Langileak dira diru gehien jartzen dutenak, eta hori ezin da onartu. Europa iparraldean, esaterako, presio fiskala Euskal Herrian baino hamar puntu handiagoa da, baina hobeto banatzen da aberastasuna. Bestalde, 2009an EAJk eta PSE-EEk kendu zuten ondasunen gaineko zerga barriro indarrean sartzea aldarrikatzen dugu, eta iruzur fiskalaren kontrako borroka martxan jartzea ezinbestekoa dela deritzogu.
Krisiak gogor kolpatu ditu Busturialdea eta Lea-Artibai. Zein neurri hartuko zenituzkete eskualdeotako ekonomia indartzeko?
Etorkizunean eskualdeak garapen integralerako guneak izan behar direla deritzogu. Hala, politika ekonomikoak eta lurralde politikak eskualdeetan garatu beharko lirateke. Enplegua sortzeko aukera bat, esaterako, lanaldiak murriztea da, lanpostuak partekatzeko. Lanaldiak murriztuz, enpresetan lanpostu barriak sortuko lirateke egun be. Bestalde, sare produktiboa dibertsifikatu behar da, ikerkuntza eta garapena sustatuz. Etorkizunera begira jarri behar gara, eredu iraunkor bat sortuz.
Eta gazteen artean lana sortzeko?
Gazteek formakuntza oso ona dute, baina ikasketak amaitutakoan ez dute lanean hasteko aukerarik. Erreztasunak emon behar zaizkie, bertan iker dezaten. Zentzu horretan, gazteen kontratazio kuota bat ezarri gura dugu. Ezin dugu onartu bertako gazteak atzerrira joatea, ezinbestekoak baitira etorkizuna eraikitzeko.
Maeztuk esan duenez, EH Bildugaz inork ez luke etxea galduko. Nola egingo zenukete?
Herritarrak etxetik botatzea tragedia handi bat da. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hamalau familia kaleratzen dituzte egunean, eta egoera horri buelta emon behar zaio. Hipoteka ordaintzeko arazoak dituzten familiei hipoteka behin-behinean geratzea eskatzen dugu. Tarte horretan etxearen jabetza erakunde publiko baten esku geratuko litzateke. Arazoak dituen pertsonak alokairu sozial bat ordainduz jarraituko luke etxean bizitzen, eta prekarietate egoera amaitutakoan hipoteka ordaintzen jarraitzeko aukera izango luke.
Hizkuntza normalizazioari dagokionez, zer egiteko asmoa duzue?
Euskarari lehentasun estatusa emotea da lehenengo pausoa. Azken 30 urteetan ezagutza maila igo arren, erabilera mantendu egin da. Datu onak direla emoten du, baina, bardin jarraituz gero, euskara desagertzeko arriskuan egongo litzatekeela dio UNESCOk. Hala, hizkuntza politika barri bat aldarrikatzen dugu, bardintasuna lortzeko. Mundu guztiak euskaraz jakiteko hainbat tresna aldatu edo indartu beharko dira. Hezkuntzan, esaterako, egungo ereduen sistemak ez du bermatzen euskararen ezagutza.
Euskarazko komunikabideek zer garratzia dute normalkuntzaren bidean?
Ezinbestekoak dira euskararen normalkuntzan. Krisitik atera behar dira, sektore osasuntsu bat izateko. Horretarako, hitzarmen iraunkorren aldeko jarrera du EH Bilduk.
Osasungintza publikoa eta ona aldarrikatzen duzue. Zer deritzozue Gernikaldea zentroari buruz?
Hasierako proiektutik asko aldatu da. EH Bilduren ustez, ospitale bat izan behar luke, baina arrazoi politikoengatik ez da horrela izango. PSE-EEk ospitalea Eibarren jartzea erabaki zuen, eta bertara bideratu gura dituzte Lea-Artibaiko gaixoak. Gure ustez, ez du zentzurik eta, beraz, hasierako proiektuaren aldeko konpromisoa adierazi dugu. 70 oheko ospitale bat izan behar da Gernika-Lumoko zentroa.
Zein da Maribi Ugartebururen pronostikoa urriaren 21eko hauteskundeetarako?
Oso zuhurra naiz eta, badaezpada, ez dut kinielarik egiten. Badakit emaitza oso ona lortuko dugula, baina ez naiz ausartzen zenbaki bat esatera.