Urdaibai Kaikuren atzetik ziabogetako baten
Urdaibai Euskadiko Txapelketa jokatuko duen bertoko traineru bakarra izango da, hereneguneko Bizkaiko Txapelketan bigarren postuan sailkatu ostean. Urdaibaikoak, garaikurra irabazteko asmoagaz ureratu ziren arraunlarien kupoak ahaztuta, baina Kaikuk nagusitasunez irabazi zien bermeotarrei. Bigarren luzean alde eginda, sestaotarrek hamabost segunduko aldeagatik irabazi zuten. Urdaibairen atzetik, bestalde, Portugalete eta Santurtzi sailkatu ziren. Lehenengo lau taldeek Euskadiko Txapelketa jokatuko dute.
Busturialdeak be maila ona emon zuen Lekeitioko uretan, baina azkenean, Euskadiko Txapelketatik kanpora geratu ziren elantxobetarrak, Bizkaiko Txapelketan bosgarren sailkatuta. Hamaika segunduko aldeagatik Santurtzi sailkatu zen laugarren.
Elantxobekoak KAE1 milako bigarren trainerua izan ziren, Santurtziren atzetik. Lekittarra seigarren sailkatuari, bestalde, bederatzi segunduko atera zizkieten elantxobetarrek.
Bizkaiko Txapelketagaz amaitzeko, Mundaka hamaikagarren postuan sailkatu zen. Getxo eta Raspas utzi zituzten atzean mundakarrek.
Asteburuan liga estropadak jokoan
Bizkaiko Txapelketa ahaztuta, Busturialdeko arraun taldeek liga estropadak jokatuko dituzte asteburuan. Urdaibaik TKE mailako bi estropada jokatuko ditu, Busturialdeak KAE1 mailako bi estropada jokatuko ditu, eta Mundakak KAE2 mailako estropada bat jokatuko du.
Urdaibaik, esaterako, Bizkaiko Txapelketaren arantza kentzeko aukera izango du, Pasai Donibanen (Gipuzkoa) eta Getxon. Zapatuan, 18:00 hasiko da Gipuzkoako estropada, eta domekan, bestalde, 12:00etan hasiko da traineruen arteko lehia.
Busturialdeak, bestalde, Getariako (Gipuzkoa) bandera jokatuko du zapatuan 17:30etik aurrera. Domekan, bestalde, BBK Sari Nagusia jokatuko du Lekeition, 12:00etatik aurrera.
Asteburuko arraun estropadekin amaitzeko, Mundakak Algortako Portuzarra bandera jokatuko du zapatuan. 12:00etan hasiko da estropada.