Mikel Quintianen zutabea: Krisialdian egonik ere garai berriak
Gaur goizean lanerako bidean, irratiak zur eta lur utzi nau: Espainian jarraitzea Arabarentzat, Bizkaiarentzat eta Gipuzkoarentzat kaltegarria dela esan du, nork eta Standar and Poors nazioarteko agentziak. Bai bai, ondo irakurri duzue, krisia handitzearen atzean egotea leporatzen zaion agentziari entzun diogu hori. Zerk eta, Espainiatik kanpo egin eta egiten dugunak, salbatu gaituela orain arte; baina, Espainian jarraituko dugunez goiz ala berandu hondokarritxoa egin eta hondoraraziko gaituela. Espainian jarraitu gaituela ikusiko dugu, ezta? Euskaldunok suizidak ez gara eta. A, zeuok ere irakurri duzuela? Ba, utzidazue gaiarekin hasi aurretik nire harridura azalarazten.
Lantokitik irten ostean mugikorrean euskal prentsa irakurri dut hauteskundeak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gero eta hurbilago daudela. Hauteskunde horietan eta horien ondoren ausardiaz jokatu eta presioa ondo egiten badugu, gauza asko onerako aldatuko direlako ustea dut. Horietatik, garrantzitsuena eta gaurko hizpidea da, euskaraz biziko garela; izan ere, aste honetan sarri entzun baitugu euskara-lurraldean egindako V. Inkesta Soziolinguistikoaren emaitzei buruz esandakoak.
Emaitza horietan, Bermeon askok eta askok nabaritu dugun fenomenoa Euskal Herri osoan gertatzen dela aipatzen da, hau da, euskara gehiagok jakin arren, gutxiagok erabiltzen dutela. Hori batez ere familiarekin kalera joaten naizenean nabaritu izan dut, aisian ez dudala apenas euskararik entzuten. Egia da, etxekook erosketak eta egiten ditugunean euskaraz baino ez ditugula egiten, nahiz eta batzuk gazteleraz erantzun. Baina aisialdian edota asteburuetan umearekin eta umeen artean entzuten ditugunak larritu egiten gaitu.
Ez dut ulertzen Bermeon gertatzen dena; izan ere, esaten denaren kontrakoa gertatzen da: zenbat eta jende gehiagok jakin, orduan eta eus-kara gehiago entzungo da. Hori horrela bada, ez al da Bermeon gertatzen dena horren kontrakoa; izan ere, hemen ia denek dakite eta ia denek dute euskara indartzeko jarrera; baina, hala ere, ez dute erabiltzen. Gernika-Lumon, ordea, kontrakoa gertatzen da eta sarriago entzuten dugu euskara bertan.
Ironikoa da Bermeon eta Gernika-Lumon gertatu izan dena. Gure gurasoei eta entzunda, aspaldi Gernika-Lumon euskara behe mailako jendearen hizkera zabarra zen, Bermeon, ostera, erdara ez zegoen ondo ikusia eta lagun-artetik «baztertzeko» arrazoia ere bazen sarritan. Esandako zuzena al da? Orain Gernika-Lumon buelta eman eta euskara sano entzuten da kalean, egia da gehiago entzutea ere nahiko luketela askok; baina ez dago alderik Bermeon gertatzen denarekin. Bermeon ere buelta eman zaio, baina nago okerrera egin dugula. Ai, ene!
Esandakoak esanda, ez pentsa ezkor nabilenik. Ez horixe! Badut sinesmena Euskal Herrian gertatuko den aldaketak (euskararen aldeko legeak indartzeak eta administrazioa burujabetzarantz begira jartzeak) Bermeon ere eragingo duela eta oraindik baldintza egokiagoak ezagutuko ditugula. Edonola ere, uste dut herritarron egitekoa izango dela bermeotarron harrotasuna euskararekin lotzea eta bermeotar komunitatearen trinkotasuna erakustea, ekimen berriak proposatuz aisialdian ere euskaraz egiteko.
Krisiak gogor jo gaitu eta oraindik gogorrago joko. Hala ere, inoiz baino argiago dago eta baldintza onenetan gaude, Espainiaren magalera eraman gaituztenei ezetz esateko eta geure herria herrian bizi garenon eta bizi nahi dugunon zerbitzura jartzeko, gure izerdiaz bada ere.
Baietz hobeto bizi!