Gaur goizean aurkeztu dute Busturiko Euskadiko Biodibertsitate Zentroan
Zentzua eta Iraunkortasuna arte ekimena. Kultura sailburuorde Antonio Rivera izan da inaugurazio ekitaldian eta eskualdeko zenbait alkate be bertara arte hurbildu dira; hala nola, Busturiko alkate Miren Fatima Malexetxebarria, Gautegiz-Arteagako alkate Juan Felix Naban, Idurre Bideguren Bermeoko alkatea, Gernika-Lumoko alkateorde Begoña Landa eta Ibarrangeluko zinegotzi den Martin Laka. Horiez gain, erakusketa berezi honetan parte hartu duten zenbait artista be izan dira.
Zentzua eta Iraunkortasuna proiektua Eusko Jaurlaritzak bultzatu du Bakearen eta Askatasunaren aldeko Kulturen Urtearen barruan, eta nazioarteko artista garaikide garrantzitsuenak parte hartzen ari dira arte ekimen horretan. Hain zuzen be, hamar izan dira artista hautatuak: Liam Gillick (Erresuma Batua), Haegue Yang (Hego Korea), Gunilla Klingberg (Suedia), Rafael Lozano-Hemmer (Mexiko), Renata Lucas (Brasil) Oscar Tuazon (AEB), Pieter Vermeerrsch (Belgika), Lara Almarcegui (Espainia), Carlos Irijalba (Iruñea) eta Maider Lopez (Donostia).
Bihartik irailaren 23ra arte artelanak bisitatzen dituzten pertsonek «esperientzia barri bat» bizitzeko aukera izango dute, Urdaibaiko «ingurune pribilegiatuan».
Artista bakoitzak Urdaibaiko leku bat aukeratu du bere artelana jartzeko, eta horietako zenbait leku, gainera, oso esanguratsuak dira eskualdeko biztanleentzat. Besteak beste, Laga hondartza, San Pedro Atxarre, Astra lantegia, Gautegiz Arteagako Andrabideko harrobia eta Foruko kare labe zaharrak artelan garaikide bihurtu dituzte.
Eskuko gida
Erakusketaz gain, eskuko gida bat eta liburu bat be argitaratu dituzte. Eskuko gida horiek «bisita erraztu asmoz» argitaratu dituztela azaldu du Alberto Sanchez Balmisak erakusketako komisarioak. Busturian kokatuta dagoen Euskadiko Biodibertsitate Zentroa aukeratu dute abiapuntu moduan, «bisita hasteko leku egokia baita hau, hainbat lagun hurbiltzen baitira Madariaga Dorretxea eta inguruak ezagutzera». Eskuko gida horretan artelanak non kokatuta dauden ikus daiteke, GPSrako argibideak be bertan aurki daitezkeelarik. «Hortaz bisitari bakoitzak erabaki ahal du zelan egingo duen ibilbidea edota osorik edo zati bat bakarrik egingo duen, bakoitzak gura duen moduan norberaren interesen arabera. Eskualdean dauden paisaietaz gozatzeko aukera paregabea eskaintzen da».