Idurre Bideguren iazko teila jaurtitzen
Urtez urte gogorarazten du Bermeok Izaro irlaraino zabaltzen direla bere ituginak. Kolorez eta festa giroz betetzen dira urtero-urtero euskal kostaldeko irlarik handienaren eta babestuenaren inguruak uztailaren 22an, Madalen Egunean.
Busturialdeko jaiegunik kresaltsuena den horretan goiz hasiko dute eguna Bermeon, Kankinkabararen kalejirak esnatuko baititu herritarrak, eguneko egitarauan parte hartzeko gonbite alaia eginez. Itsas-prozesioa, baina, 12:00ak igarota hasiko da, eguerdian ipini baitute ontziratzen hasteko hitzordua. Aurten, gainera, barritasun bategaz dator zeharkaldia, itsasontzi tradizional bakarrean beharrean aisialdirako hiru ontzi txikitan joango baitira. “Horrela, baliabideetan asko aurrezten dugu, tradizioa urtero bezala betez”, azaldu du Idurre Bideguren alkateak.
Baina, hiru ontzi horiek ez dira bakarrik itsasoratuko. Dozenaka ontzik lagunduko diote udalbatzari antzinatik datorren tradizioari eusteko lanean. Bermeoko portua eta han bildutako herritar andana atzean utzita, turrun hots artean abiatuko dira itsasontziak hurrengo geralekura, Izarora. Tartean izango dira Bermeoko Udalak zozkatutako hamasei plazetako bat eskuratu dutenak be.
Irlaren bueltan batuko dira, harik eta haren goikaldean ikurriña jarri eta Bidegurenek Bermeoren jabegoa adierazten duen teila uretara jaurti arte. “Honaino heltzen dira Bermeoko ituginak” esateagaz batera egingo du guztiz eztanda festak.
Elantxobera abiatuko da ondoren itsas-prozesioa, han izango baitu zain Bidegurenek Koldo Olagibel Elantxobeko alkatea. Azken horrek, Mundakako alkate Unai Rementeria lekuko dela, herriko aginte makila emango dio Bidegureni, Izaro ez ezik Elantxobe be egun bakar batez Bermeorena dela adierazi guran. Hirurei eskainitako ohorezko aurreskua Alkartasuna dantza taldekoen eskutik iritsiko da, betiko legez, eta ondoren kaltzadan gora abiatuko dira denak kalejiran, dantzaldia egiteko plazan.
Arratsalde erdira arte jarraituko du jaiak Elantxoben, eta, ondoren, Mundakan geldialdia egin eta Bermeora bueltatuko dira itsasontzietan. Baina giroa ez da orduan amaituko, udaletxeraino kalejiran joango baitira 19:30ean, Bermeotarrak fanfarreagaz, eta Sabino Arana plazan aurreskuak ikusi eta dantzan ariko dira.
Baztarren be jaiak
Bermeorentzat egun handi eta berezia uztailaren 22a bada be, bezperan be izango da festa girorik, jaiak baitituzte Baztarren. 10:00etan jaurtiko dute bihar jaiei hasiera emoteko txupina eta ondoren gosaria, umeentzako jokoak, trikitilariak, luntxa, argazki erakusketa, kontzertuak… izango dira auzo horretan.
Baztarren ez ezik, ordea, Talan be bermatuta egongo da jai giroa, Erdu Txo! Bermioko Gazte Asanbladien eskutik dator-eta Taelladie, Talan egingo duten paella txapelketa. Haitz Nagusije auzo elkarteak, bestetik, Madalen bezperako bosgarren bazkaria egingo du aurten, Torronteron.
Batean zein bestean, bada, aspertzeko betarik ez da izango, alkateak nabarmendu legez egitarau zabala prestatu baitute Bermeon. “Adin guztietako bermeotarrok eta kanpotik datozenek festaz gozatzeko aukera izango dugu, eta pertsona guztiak jaian parte hartzera eta edertasun paregabea duen gure ingurua bisitatzera gonbidatu nahi ditut”.
Egitaraua
Uztailak 21, bihar
Baztarre auzoko jaiak. 10:00etan, txupinaren jaurtiketa, jaiaren hasiera eta gosaria eta jokoak umeentzat; 11:00-etan, umeentzako animazioa eta musika euskalduna; 18:00-etan, txupinaren jaurtiketa, argazki erakusketa, trikitilarien kalejira eta luntxa; 19:00etan, agintariei ongi etorria; 19:30ean, Iñaki Basaberen eta Sokratesen bilbainadak eta habanerak; 21:00etan, Kubanakan taldea.
Taelladie. 11:30etik 12:30era, izena emotea; 13:30etik 14:30era, paellen aurkezpena eta dastaketa; arratsaldez, sari banaketa eta joko olinpikoak.
Madalen bezperako V. bazkaria. 13:00etan, Torronteron.
Kalejira. 19:30etik aurrera, Bermeoko kaleetan zehar.
Uztailak 22, etzi
Goizean, kalejira Kankinkabara Txistu Taldeagaz; 10:45ean, udalbatza kontzejupean batuko da, elizara alkarregaz joateko.; 11:00etan, meza nagusia Santa Eufemia elizan; 12:00-etatik aurrera, Zizurko, Iruñeko, Barañaingo eta Sakanako trikitilariak Bermeoko kaleetan zehar, giroa alaitzen; 12:00etan, itsasontzietara igoko dira, Elantxoberantz abiatzeko; Ondoren, ikurriñaren jasoera Izaro uhartean eta teilaren jaurtiketa; 14:00ak aldera Elantxobera helduko dira. Plazan, ohorezko aurreskua agintariei Alkartasuna dantza taldearen eskutik (Bermeoko, Mundakako eta Elantxobeko alkateei); 18:00etan Elantxobetik aterako dira itsasontziak, Mundakara joateko; 19:30ean Bermeora iritsiko dira eta udaletxerainoko kalejira egingo dute, Bermeotarrak fanfarriak lagunduta; Ondoren, aurreskuak Sabino Arana enparantzan, eta Lamerarainoko jaitsiera; 22:00etan, FM diskoteka, Lameran.