Busturialdeko Udalek, erakunde publikoek, enpresek eta eragileek bat egingo dute eskualdeak bizi duen egoera sozioekonomiko «kezkagarriari» aurre egiteko. Horrela, elkarlanean eskualde mailako enplegu plan bat osatuko dute.
Lehenik eta behin, hiru hilabetetan diagnostiko bat egingo dutela azaldu dute goizean Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxean egindako prentsaurrekoan Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek eta Begoña Landa Gernika-Lumoko alkateordeak.
Enplegurako plangitza horrek helburu nagusi bi izango ditu: lanpostuak sortzea eta eskualdeko enpresen lehiakortasuna hobetzea. Eskualdeko langabezia tasa %13koa da, Bermeon %14, 4koa eta Gernika-Lumon 14,6koa, hain zuzen be. «Azken aldian zenbait enpresek itxi egin dute edota beste leku batzuetara mugitu dira. Horrek eskualdean bertan hainbat lanpostu galtzea ekarri du», azaldu du Landak.
Bermeoko eta Gernika-Lumoko Garapen Ekonomikorako Agentziek eta eurek biltzen dituzten udalek akordio bat sinatu dute Busturialdean «aberastasuna eta lanpostuak sortzen lagunduko duen birgaitze ekonomikorako plangintza bat egiteko». Behargintzetako langileek eta kontratatuko duten aholkularitza zerbitzu batek egingo dute dinamizazio lanak.
Diagnostikoa hiru hiletan
Aste honetan hasi gura dute lanean eta hiru hilabetetan diagnostiko bat egin behar dutela azaldu dute. «Urdaibaiko egoera sozioekonomikoari buruzko diagnostikoa egin behar dugu eta merkatua be aztertzekotan gaude», azaldu dute.
Gainera, diagnostikoaren bitartez eskualdean dauden arazo nagusienak zeintzuk diren ezagutu ahal izango da eta lanpostuak sortzeko aukera gehiago dauden eremuak aztertzea be ahalbidetuko du.
Guzti hori parte hartze foro baten bidez egingo dute. 15 ordezkarik osatuko dute foroa eta eskualdeko udalak, erakunde publikoak, elkarteak, enpresak eta hezkuntza eta ikerketa zentroak hartuko dute parte. Halanda be, foroan 15 ordezkarik soilik parte hartu ahal izango dutenez, azpiforoak be izango direla jakinarazi dute, «denon parte hartzea ahalbidetu asmoz», esan dute.
Bidegurenen esanetan, «garrantzitsua da bakoitzak ahal duen heinean aportazioak egitea». Horregatik «denon inplikazioa beharrezkoa» dela gaineratu dute.
Indarrak eta ahuleziak
Hiru hilabete hauetan egingo duten diagnostikoan Busturialdeak eskualde modura dituen indarrak eta ahuleziak aztertuko dituzte, horrexegatik hainbat puntu zehaztuko dira: demografia, gizarteratzea, lan-markatua, enpresa sareak, sektore ekonomikoak, langabezian dagoen jendearen titulazioa… horrekin eskualdearen argazki bat atera gura dute eta etorkizunera begira «nondik jo beharko dugun» aztertuko dutela esan zuen Landak. Beraz, lehenik eta behin diseinatu behar duten agiriak, helburuak lortzeko proposamenak eta ekintzak martxan ipintzeko ildo nagusiak jasoko ditu. Hau da, Urdaibai ekonomikoki suspertuko duten ekintza estrategikoak landu beharko dituzte.
Bermeoko alkatearen esanetan, «aukera historikoa da. Eskualdean mota honetako ekimen bat sustatzen den lehenengo aldia baita». Bai Bidegurenek zein Landak eskualdeko udalen atxikimendua beharrezkoa dela aipatu dute, «denok egin behar dugu ahalegina», diote.
Urriaren amaierarako prest egon beharko da diagnostikoa eta «orduan hasiko gara fruituak ikusten eta momentu horretan hasiko gara ekimenak martxan ipintzen», adierazi du Landak.
Gernika-Lumoko alkateordeak atzoko prentsaurrekoan adierazi zuen moduan, «Herritarrei aukerak emon behar dizkiegu eskualdean lan egin ahal izateko; izan be asko eta asko dira kanpora doazenak egunero».