Bermeotarren %73 euskalduna bada be, kalean %36ak egiten du euskaraz
Soziolinguistika Klusterrak aurkeztu dituen emaitzen arabera, nabarmena da Bermeoko kaleetan entzuten den euskararen erabileraren jaitsiera. Herritarren %73,5a euskalduna bada be, Bermeoko kaleetan entzuten den euskararen tasa %36,6koa da. 2006an aldiz, %60,2koa zen. Herenegun arratsaldean aurkeztu zituzten Gizarte eta Kultura Etxean Bermeoko hizkuntza erabileraren kale neurketak emon dituen datuak. 10 biztanletik 7 euskaldunak dira Bermeon, hau da, euskaraz komunikatzeko gaitasun osoa dute. Halanda be, euskararen kale erabilera %36,6koa da eta datuen arabera, Bermeon espero daitekeen euskararen erabilera %46,4koa dela zehaztu zuen aurkezpenean Belen Uranga Soziolinguistika Klusterreko ordezkariak. 2.510 elkarrizketetan oinarritu dira neurketako datuak ateratzeko eta guztira 14.902 hiztunek hartu dute parte. Hiru ibilbide bereizi dituzte Neurketa egitarako orduan hiru ibilbide desberdindu dituzte: Alde Zaharra, Erreten eta Portuzarra ingurua eta ikastetxe inguruak. Zehaztu dutenez, egun eta ordu desberdinetan egin dituzte azterketak. Euskara gehien entzuten den gunea Alde Zaharra da, bertan %39,4 hitz egiten da euskaraz, ikastetxe inguruetan %35,4 eta Erreten eta Portuzarra inguruetan, barriz, %35,1. Euskaraz gehien hitz egiten dutenek adinekoak direla ondorioztatu dute (%59,8). Haurrak daude bigarren lekuan (%42,4), ondoren helduak (%29,5) eta azkenik gazteak (%19,1). Haurren presentzia Soziolinguistika Klusterrek egindako neurketak ondorioztatu duenez, «haurren presentziak euskeraz egitea eragiten du». Izan be, elkarrizketa batean haurrak eta helduak daudenean %46 entzuten da [...]
Soziolinguistika Klusterrak aurkeztu dituen emaitzen arabera, nabarmena da Bermeoko kaleetan entzuten den euskararen erabileraren jaitsiera. Herritarren %73,5a euskalduna bada be, Bermeoko kaleetan entzuten den euskararen tasa %36,6koa da. 2006an aldiz, %60,2koa zen.
Herenegun arratsaldean aurkeztu zituzten Gizarte eta Kultura Etxean Bermeoko hizkuntza erabileraren kale neurketak emon dituen datuak. 10 biztanletik 7 euskaldunak dira Bermeon, hau da, euskaraz komunikatzeko gaitasun osoa dute. Halanda be, euskararen kale erabilera %36,6koa da eta datuen arabera, Bermeon espero daitekeen euskararen erabilera %46,4koa dela zehaztu zuen aurkezpenean Belen Uranga Soziolinguistika Klusterreko ordezkariak.
2.510 elkarrizketetan oinarritu dira neurketako datuak ateratzeko eta guztira 14.902 hiztunek hartu dute parte.
Hiru ibilbide bereizi dituzte
Neurketa egitarako orduan hiru ibilbide desberdindu dituzte: Alde Zaharra, Erreten eta Portuzarra ingurua eta ikastetxe inguruak. Zehaztu dutenez, egun eta ordu desberdinetan egin dituzte azterketak. Euskara gehien entzuten den gunea Alde Zaharra da, bertan %39,4 hitz egiten da euskaraz, ikastetxe inguruetan %35,4 eta Erreten eta Portuzarra inguruetan, barriz, %35,1.
Euskaraz gehien hitz egiten dutenek adinekoak direla ondorioztatu dute (%59,8). Haurrak daude bigarren lekuan (%42,4), ondoren helduak (%29,5) eta azkenik gazteak (%19,1).
Haurren presentzia
Soziolinguistika Klusterrek egindako neurketak ondorioztatu duenez, «haurren presentziak euskeraz egitea eragiten du». Izan be, elkarrizketa batean haurrak eta helduak daudenean %46 entzuten da euskara, aldiz, haurrak bakarrik daudenean %32,2 hitz egiten da eta helduak bakarrik daudenean %30,2, hain zuzen be.
Datu horiek «une honetako argazkia ezagutzeko aukera emon digu», azaldu du Maite Alvarez de Zarate Bermeoko Udaleko euskara teknikariak. «Datuak baditugu, orain guri dagokigu ahaleginak egitea joera horren zergatiak ulertzeko, bermeotarrek euskara gutxiago erabiltzea zerk eragiten duen jakiteko», gaineratu du. Horregatik datozen urteetan erronka «garrantzitsua» dutela esan du, «udalak eta herriak bat eginda, Bermeon euskararen presentzia handitzen eta beherako joera horri galga jartzen saiatu behar gara».
Euskaraz bizi gura da
Euskararen Plan Estrategikoak «bermeotarrok euskaraz bizitzea lortu gura du», esan du Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek horren inguruan atzo emondako prentsaurrekoan. «Herrian baldintza egokiak daude bizitzako arlo guztietan euskaraz egiteko eta herrian euskaraz bizi gura dugulako». Izan be, erraztutako datuen arabera, Bermeon hamar bizilagunetatik zazpik euskaraz badakite, bik ulertzen dute eta batek bakarrik ez du ulertzen.
Euskara Biziberritzeko Plan Estrategikoa (EBPN) garatzeko egindako lan mahaietan 60 lagun baino gehiagok parte hartu dutela jakinarazi dute baita eragileek eta elkarteek be. Guztiei euren parte hartzea eskertu gura izan die Bermeoko alkateak.
Bestalde, Josu Unanue Euskara Saileko zinegotziaren arabera, «euskararen aldeko jarrerak eta sentimenduak badaude». Kontzientzia aipatu du Unanuek, «hori areagotu beharra dago», dio «horretarako aukera badagoelako».
«Euskaldunek euskaraz egin dezaten ohitura zabaltzeko premia» dagoela uste du Unanuek eta seme-alaben arteko erabilera indartu beharra dagoela deritzo.
Bost lan-ildo
Maddi Etxebarria Elhuyarreko Aholkularitzako teknikariak, bestalde, lan taldeetan ateratako ondorioak azaldu ditu et aurrera begira landu beharreko lan-ildoak bost izango direla zehaztu du. Lehenengoa, lidergoa da, «herriko alor guztietan hizkuntza-erreferenteak sortu gura ditugu eta hizkuntza-jarrera aktiboak bultzatu». Bigarrena, kontzientziazioa litzateke. Etxebarriak esan duenez, «arloan arloko eragileek euskararen erabileraren garrantziaz kontzientzia hartu behar dute». Euskarari balioa emotea da jorratu behar den hirugarren lan-ildoa, «erabiltzearen garrantziaz jabetuta», hain zuzen be. Gainera, euskara prestigiatzearen beharra nabarmendu dute eta hori izango da laugarren lan-ildoa. Azkenik, sentimenduak indartu behar direla aipatu du Etxebarriak, «euskaldun izatearen harrotasunez jabetu herritarrak eta aldeko sentimendu hori areagotzen saiatuko gara».