
Txaber Larreategi (Natxitua, Ea, 1986) zinegilea Barrura begiratzeko leihoak dokumentalaren bost zuzendarietako bat da. Espainiako Barne Ministerioak filmaren kontra egin ostean, “harrituta” azaldu da natxituarra. Halanda be, dokumentala estreinatuko dutela baieztatu du. Izan be, zinegilearen berbetan, “film hau egiteko eskubidea dugu, eta jendeak filma ikusteko eskubidea du”.
Zergatik erabaki zenuten ‘Barrura begiratzeko leihoak’ dokumentala egitea?
Barrura begiratzeko leihoak Itsasoaren alaba eta Sagarren Denbora dokumentalen jarraipena dela esan daiteke. Horiek egin ostean, euskal presoei buruzko dokumental bat grabatzea erabaki genuen Josu Martinezek eta biok.
Oraingoan bost zuzendarik parte hartu duzue dokumentalean. Zergatik?
Euskal presoen gaia ikuspegi zabalago batetik landu gura genuen, presoek hainbat arazo izaten baitituzte kartzela barruan zein kanpoan. Presoek dituzten arazoak asko direla eta, istorio bakar bat aukeratzea errealitatea lausotzea zela pentsatu genuen, eta, horrenbestez, beste hiru zuzendarigaz jarri ginen harremanetan. Hala, egiazko bost istorio labur ditu dokumentalak. Eneko Olasagasti, Mireia Gabilondo eta Enara Goikoetxea dira dokumentalean parte hartu duten beste hiru zuzendariak.
Dokumentalak euskal presoen bizipen ezberdinak kontatzen ditu?
Pertsonaia bakoitzak istorio bat du atzean, eta istorio hori ezagutarazten ahalegindu gara. Besteak beste, adin desberdinetako presoak, akusazio ezberdinak dituzten presoak, kartzelan sartu barri dituzten presoak eta kartzelan urte asko daramatzaten presoak agertzen dira dokumentalean. Errealitatearen argazki objektibo bat ateratzea oso zaila da, baina, behintzat, dokumental honek aniztasun handia erakusten duela uste dugu.
Zer kontatu gura duzue zuzendariok dokumentalaren bitartez?
Dokumentalaren helburua pertsonei berba emotea da. Euskal presoen gaia oso mediatizatuta dago gaur egun, eta gizarteak ikuspegi oso ezberdina du euretaz: heroiak dira, edo deabruak dira. Gizatasun guztia galdu dute, eta, horregatik, presoen barruan dauden pertsonak ekarri gura ditugu gogora dokumentalagaz. Era berean, elkar ulertzeko elkar ezagutu behar dugula deritzogu eta, zentzu horretan, dokumentala pauso garrantzitsu bat delakoan gaude.
Zein da zuk dokumentalean kontatzen duzun istorioa?
Kartzelatik urten barri den preso baten eguneroko bizimodua kontatzen dut. Kartzelatik kalerako pausoa emotea ez da erraza izaten barrote artean urte asko pasa ostean, eta preso horrek bizimodu arruntera egokitzeko izan dituen arazoak kontatzen ditut. Ez da erraza egokitzea, baina, orokorrean, modu positiboan baloratzen dute kalean egotea. Maila pertsonalean oso aberasgarria izan da dokumental hau niretzat.
Erreza izan da dokumentala egitea edo arazoak izan dituzue?
Ez da lar erraza izan. Alde batetik, dokumentalean parte hartu gura duen jendea aurkitzea nahiko zaila izan da. Bestetik, ez dugu aukerarik izan kartzela barruan elkarrizketak egiteko. Horiek ohiko arazoak dira, baina azkenaldian gehiago harritu gaituen arazo bat izan dugu: Espainiako Barne Ministerioak dokumentala Bilduren kontra egiteko erabili duela deritzogu, eta ez dugu ulertzen Donostiako Udalaren diru laguntzagatik sortu den eztabaida. Post-produkzio garaian harrapatu gaitu polemikak eta, horrenbestez, dokumentalak argia ikusiko duela baiezta dezakegu.
Zergatik emon duzue presoen alde gizatiarraren barri?
Presoen problematika zuzenean ezagutzen ez duten pertsonek masa komunikabideetan azaltzen dena baino ez dute ezagutzen, eta komunikabide horietan ez da presoen ikuspegi gizatiarra azaltzen. Zabaldu den aro politiko barrian elkar ezagutzea ezinbestekoa dela deritzogu proiektuan parte hartzen dugunok.
Dokumentalak gaur egungo egoera politikoagaz bat egiten du?
Bat egiten duela uste dugu, baina kasualitatez gertatu da. Itsasoaren alaba egin ostean, argi geneukan erbesteari buruzko dokumental bat eta euskal presoei buruzko beste bat kaleratu gura genituela. Elkar ezagutzaren bidean, pauso garrantzitsu bat dela deritzogu, orain arte ez baita horrelako lanik egin, baina gure helburua lan zinematografiko soil bat egitea baino ez da izan.
Beraz, harritu egin zaituzte Bilduk emondako diru laguntzaren ondorioz sortu den eztabaidak.
Kontrako iritziak izatea espero genuen, baina ez horren arin. Estreinaldia egin ostean iritzi ezberdin asko egongo zirela aurreikusten genuen, baina ez dugu ulertzen filma ikusi barik horrenbesteko zalaparta sortzea. Zentzu horretan, asko harritu gara.
Zergatik egin du Espainiako Barne Ministerioak dokumentalaren kontra?
Egia esan, ez dakigu zergatik. Ez dakigu dokumentalaren kontra egin gura zuten edo dokumentala Bilduren kontra egiteko erabili duten. Donostiako PSE-EEko, PPko eta EAJko ordezkariekin batzen ahalegindu gara dokumentalari buruzko azalpenak emoteko, baina ez digute jaramonik egin.
Zentsuratu egin zaituztela sentitzen duzue?
Adierazpen eta sormen askatasunaren kontrako eraso argi bat izan dela uste dugu.
Eta zelan bizi izan duzu maila pertsonalean?
Maila pertsonalean pena handia emon dit. Ez dut ulertzen gaur egungo gizartean iraganeko formulak erabili behar izatea. Denborak arrazoia emongo digula deritzogu, baina gauza bat ziur esan dezaket: proiektuagaz aurrera segitzeko gogotsu gaude, eta dokumentala estreinatu egingo dugu. Film hau egiteko eskubidea dugu, eta jendeak filma ikusteko eskubidea du.
Eztabaida handia sortu ostean, Bilduk diru laguntza mantenduko zuela esan zuen, baina diru laguntzari uko egitea erabaki zenuten. Zergatik?
Bai, erabaki egokiena zela pentsatu genuen, ez baitugu gura film bategatik gizartean hainbesteko tentsioa sortzea. Ez dago inolako beharrizanik, eta ez litzateke onuragarria izango.
Donostiako Udalaren laguntzari be uko egin diozue?
Arazo gehiagorik ez izateko diru laguntza guztiei uko egitea erabaki dugu. Donostiako Udalaren diru laguntza 9.000 eurokoa zen, baina, guztira, 40.000 euro galdu ditugu iskanbila dela eta. Hala, proiektua aurrera ateratzeko euskal gizartearen laguntza eskatzen gabiltza. Herritar arruntek dokumentala diruz laguntzeko aukera izango dute, www.zinez.net webgunean eskuragarri jarri dugun kontu korrontean.
Noiz estreinatuko duzue dokumentala?
Irailean aurkeztuko dugu dokumentala, eta gure helburua Donostiako Zinemaldian aurkeztea da. Hautaketa pasatu beharko du filmak, baina, ustez, ez genuke arazo handiegirik izan behar lana Zinemaldian estreinatzeko. Polemikak hautatzaileengan ez eragitea espero dugu; dokumentala bere balio zinematografikoaren arabera epai dezaten espero dugu.