Boga Donostiara, bake prozesuaren alde
«1937an Gernikako hiria gerraren ankerkeriaren ikur bihurtu zen. Ordutik hona, mina eta gatazka izan dira nagusi. Orain bakeari leihoa ireki diogu, eta gatazka konponbidean dago. Baina minak oraindik dirau; oraindik zauriak itxi gabe daude. Ipar Irlandako bake prozesuan gertatutakoak lagun gaitzake». Horrela laburbiltzen dute Albaola Itsas Kultur Erakundeak eta Irlandako Coastway Coast Maritime Heritage Group elkarteak Euskal Herriko errealitatea. Bonbardaketaren 75. urteurrena bete den honetan, Gernika-Lumotik Donostiarako bakearen aldeko nabigazioan murgildu dira biak. Gernika-Lumoko Bakearen Museotik Donostiara, Aieteko Bakearen Etxera; «masakretik zauriak ixtera». Gaur abiatu dira 25 lagun, bi eskifaitan: Arditurri eta Ameriketatik. Bi ontzi horietan, Euskal Herriko eta Ipar Irlandako arraunlariak bogan, nahasturik. Oka ibaian txalupa uretaratu aurretik, baina, Gernika-Lumo bisitatzeko aukera izan dute. Herriko hainbat toki ezagutu ostean, kalejiran abiatu dira Maloste polikiroldegitik udaletxeraino. Bertan, herriko alkate Jose Mari Gorroñok harrera egin die, eta, ostean, Amets Arzallus eta Andoni Egaña bertsolarien bertsoez gozatu dute Foru plazan. Hala, irlandarren irlari jarraiki eta Irlandakoa baino txikiagoa den gure kosta honetan barrena boga dabiltza egunotan bake prozesuaren aldeko arraunlariak, irlandarren eredua Euskal Herrian aurkezteko asmoz. Itsaso biziagaz batera, Gernika-Lumotik Bermeoraino abiatu dira, han deskantsatu eta lo egiteko. Gaur, ostera, Getariarako bidea hartuko dute, «itsasoak hala nahi badu, berak dauka-eta azken hitza». [...]
«1937an Gernikako hiria gerraren ankerkeriaren ikur bihurtu zen. Ordutik hona, mina eta gatazka izan dira nagusi. Orain bakeari leihoa ireki diogu, eta gatazka konponbidean dago. Baina minak oraindik dirau; oraindik zauriak itxi gabe daude. Ipar Irlandako bake prozesuan gertatutakoak lagun gaitzake». Horrela laburbiltzen dute Albaola Itsas Kultur Erakundeak eta Irlandako Coastway Coast Maritime Heritage Group elkarteak Euskal Herriko errealitatea. Bonbardaketaren 75. urteurrena bete den honetan, Gernika-Lumotik Donostiarako bakearen aldeko nabigazioan murgildu dira biak.
Gernika-Lumoko Bakearen Museotik Donostiara, Aieteko Bakearen Etxera; «masakretik zauriak ixtera». Gaur abiatu dira 25 lagun, bi eskifaitan: Arditurri eta Ameriketatik. Bi ontzi horietan, Euskal Herriko eta Ipar Irlandako arraunlariak bogan, nahasturik.
Oka ibaian txalupa uretaratu aurretik, baina, Gernika-Lumo bisitatzeko aukera izan dute. Herriko hainbat toki ezagutu ostean, kalejiran abiatu dira Maloste polikiroldegitik udaletxeraino. Bertan, herriko alkate Jose Mari Gorroñok harrera egin die, eta, ostean, Amets Arzallus eta Andoni Egaña bertsolarien bertsoez gozatu dute Foru plazan.
Hala, irlandarren irlari jarraiki eta Irlandakoa baino txikiagoa den gure kosta honetan barrena boga dabiltza egunotan bake prozesuaren aldeko arraunlariak, irlandarren eredua Euskal Herrian aurkezteko asmoz. Itsaso biziagaz batera, Gernika-Lumotik Bermeoraino abiatu dira, han deskantsatu eta lo egiteko. Gaur, ostera, Getariarako bidea hartuko dute, «itsasoak hala nahi badu, berak dauka-eta azken hitza». Azkenengo egunean, ostera, Gipuzkoako hiriburua izango dute helmuga. Bidaia horretan zehar, gainera, Arzallus eta Egaña bertsolariak dituzte bidaide.
Albaola Itsas Kultur Erakundeko presidente Xabier Agotek aipatu duenez, bake prozesuari eta oroimenari keinu egin nahi izan diote Arraunean konponbidean ekimenean parte hartzen ari direnek. Izan be, bakegintza ez zaiela politikariei utzi behar uste dute, Agoteren berbetan. Hori dela eta, gizarteak modu aktiboan parte hartu behar duela dio, «politikoak estutuz».
Ez da Irlandako Coastway Coast Maritime Heritage Group elkartea eta Albaola Itsas Kultur Erakundea elkarlanean aritzen diren lehen aldia. 2005ean, esaterako, Galiziako Cambadosko itsasontzien arteko jaialdian parte hartu zuten, eta, bertatik, Pasaiarantz elkarrekin abiatu ziren, Colmcille eta Amerikatik txalupetan.
Cambadosetik Pasaiarako bidaia horretan, baina, etenaldia egitea otu zitzaien. Gernika-Lumon izan behar zuen geldiune horrek, «garrantzitsuena» iruditzen zitzaielako. Hala, ibaian gora, Gernika-Lumoraino iritsi eta bertan Irlandatik ekarritako hagin txiki bat –zuhaitz sakratua irlandarren kultura zeltiarrean– landatu zuten Irlandaren eta Euskal Herriaren arteko elkartasunaren ikur xume gisara.
Orduz geroztik, «gure bi herrien arteko harremana, hagina bezala, handitzen doa poliki, emeki, astiro…», Albaolako kideen ustez.