Amaia Jauregizarren zutabea: Etxerantzean
Txori bakotxak bere kantua dauka eta eskerrak: batak eguerdiko ordu batean armosua jaten dauen bitartean, besteak bazkaria jaten dau; bestea logura danean, batak ez daki noz egin eban azkeneko aharrausia; bata kantsazinoari eutsi ezinik dabilen bitartean, besteak mendiak arineketan igoten dauz; besteak etxerako bidea bildurtuta pasetan dauen moduan, batak ez daki zer dan bildurra edo etxerako bidea. Nik gustura jango neuke armosua ordu batean; sarri-sarri izaten naz logura; batzuetan kantsauta egoten naz; arineketan joaten naz, baina gitxitan mendira. Ez dakit ez ete dodan etxerako bidean egiten arineketa gehien aspaldion: egunez trankil joaten naz, baina gabaz ez horrenbeste.
Astegun buruzurietan, gaba egin orduko egoten naz gehienetan etxean edo sasoiz joaten naz etxera, udaletxeko erlojuak zehatz marketan dauen orduan. Gure herriko erlojua orratz barik egon da luzaroan eta, egia esan, orratz barik egoala gehiago begiratzen bageuntsan be, oin be begiratzen deutsagu lantzean behin. Asteburuetan, konturatu orduko etorten dira gaba eta ordua ganera, eta orratzak ez dira horren erraz ikusten edo ez dira ikusi gura izaten.
Lagun gehienak alkarrengadik hur bizi gara, ia bataren bentanatik bestearen ataria ikusteko moduan edo orroaka hasi ezkero, argi entzuteko moduan. Baina hori ez da kontua. Kontua da bakarrik joan ezkero –ez bakarrik joan ezkero bakarrik–, zelako etxerako bueltea eukiten dogun. Oin urte batzuk bueltea bardina izaten zan, baina giroa ez da inondik be ordukoa. Sasoi baten kontuan be hartzen ez genduan Pasealekuko komunetako ilunpea gaur egun akabubakoa da. Orduan, kontainerren baten zarataren bat entzun ezkero, katuak nondik urtengo itxaroten egoten ginan; gaur egun, zaratea entzun eta katua bera baino bildurtuago segiduten dogu etxerako bidean. Orduan, gose izan ezkero, veinticuatrohoras-en geratu –makina horreek nobedadea ziran orduan–, dana dalakoa aukeratu, erosi eta kalean jateko tartea hartzen genduan, baina gaur egun gose izan ezkero, inon geratu be egin barik, etxean jaten dogu zeozertxu edo jan barik sartzen gara ohean.
Badaukat lagun bat mutil-lagunagaz itxi, aita-amari kontau eta barria arin topetako entzun behar izan ebana, barria topau artean, etxera nork lagundu eukiko ez ebalako. Gaur egun etxera nork lagundu eukitea eta bidean zer topau zeinken jakitea, biak, dira gatxak.