Busturialdeko 5 zaldik parte hartuko dute biharko Ereñoko VI.Raid-ean
Ereñoko Udalaren, Urdaibai Zaldi Taldearen eta Ereñozar Endurance Elkartearen eskutik, Ereñoko VI. zaldi lasterketa hartuko du herriak bihar. Hiru kategoritan banatuta parte hartuko dute bihar 40 bat zaldik; guztietn artean, eskualdeko bost zaldi izango dira.
Gabika auzoan seigarren urtez egingo duten Raid-ean, hasiberrientzako kategorian –zaldizko barriak eta lehen aldiz parte hartzen duten zaldiak–, promozioko kategorian –parte hartu nahi duen oro–, eta goreneko kategorian –estatu mailako lehiaketa– parte hartzeko aukera izango dute. Kategoria orotako parte hartzaileek zirkuitu bera egin beharko dute; halanda be, hasiberriek 26 kilometroko fase bakarra burutu beharko dute, promoziokoek bi fase , eta gorenekoek, barriz, hiru fase.
Estatu mailako lehiaketan parte hartzen dutenak irtengo dira lehenengo irteera tokitik; hain zuzen be, 09:00etan. Horien ostean irtengo dira promoziokoak 10:00etan, eta, azkenik, hasiberriak 10:30ean.
Albaitarien azterketa
Lasterketa aurretik, baina, albaitariek aurreneko azterketa egin behar izango die parte hartuko duten zaldiei.
Zirkuitua Gabika auzoan hasiko dute parte hartzaileek eta Ereñozarreko San Migelerantz abiatuko dira, bertatik Nabarnizera eta Nabarniztik Gabikara bueltatuz. Ereñoko Udalekoek jakinarazi dutenez, ibilbidean zehar anoa postuak jarriko dituzte. Lasterketa bukatzean, kategoria bakoitzeko hiru onenak eta egoera fisiko onena duen zaldia sarituko dituzte.