Aurrekontuek aberastasuna eta lana banatzen dituztela dio Ibarrangeluko alkateak
2012ko Ibarrangeluko udal aurrekontua 1.555.397 eurokoa izango da, Armendu Ibarrangeluko talde independenteak hala onartuta. Herriko alkate den Jesus Mari Ziluagak azaldu duenez, langabetuei lana emotea da udalaren lehentasuna; horregatik, administrazoak bera be horren aldeko konpromisoa hartuko du, lana eta aberastasuna banatuz.
Bestalde, Ibarrangeluko EAJ abstenitu egin zen Armenduk aurkeztutako udal aurrekontuen bozketan. Izan be, horien esanetan, «murrizketa izugarria» emon da aurtengo aurrekontuan iazkoagaz alderatuta. EAJkoen arabera, 2,1milioi eurotik 1,5 milioi eurora murriztu du Ibarrangeluko Udalakaurtengo aurrekontua. Dena den, Ziluagak azaldu duenez, «aurrekontua aurreikuspen bat baino ez da, gero aldaketak egiten dira-eta, jasotzen diren dirulaguntzen arabera». Horregatik, «garrantzitsuenak ez dira aurreikuspenak, likidazioa bera baino», alkatearen ustetan.
Gainera, jeltzaleek azaldu dutenez, «horren erdia langileria gastuen lehen kapitulurako bideratu du Armenduk». Baina Ziluaga eta bera taldea «harro» dago dirua gastu horietarako erabilita. Izan be, «langabetuei lana emoteko» erabiliko dute, besteak beste diru hori. Alkateak aipatu duenez, urtero egiten du Ibarrangeluko Udalak langileriari begirako programa bat; «hiru hilabetekoa izaten da, langabetuei lana emoteko». Udarako langileak kontratatzen ditu udalak; momentu honetan, esaterako, 38 behargin ditugu kontratatuta. Horretarako, azpikontrata guztiak kendu zituen duela bost urte eta, hala, diru hori herriko jendeari lana emoteko erabiltzen dute; gainontzekoa, aurreratu egiten dute.
«Adabakiak errealitateari»
«Herriko langabeziari aurre egiteko udalak bere baliabideen erdia erabili behar izatea ulertzen dugu, baina, era berean, bide horretatik jarraituta eta beste erakundeekin batera politika osagarriak martxan jarri ezean, ez litzatekela eraginkorra izango uste dugu», diote EAJkoek. Izan be, horien ustetan, «adabakiak jartzen dizkiote errealitateari». Era berean, partida horretarako baliabideak igo behar direla argi du EAJk baina, beti be, «enplegua finkatzeko eta behin behineko laguntasunak murrizteko lana eginda».
Gastu arruntak bezala ageri direnak Ibarrangeluko Udalarentzako inbertsio sozialak dira, eta horiek guztiak mantentzea «garrantzitsua» da, alkatearen ustez. Horien artean daude, esaterako, Akordatik Gernika-Lumora doan autobusa astelehenero, herritarrak Ibarrangelura eroateko erabiltzen duten herriko furgoneta martitzenetan, ileapaindegi, podologia eta masaje zerbitzua jende helduarentzako…
227.994 eurotako soberakina
Halaber, EAJk ez du ulertzen kutxako soberakina dagoenean halako politiketarako edo inbertsioetarako ez erabiltzea. «Soberakina 227.994 eurotakoa da, baina aldaketak egongo dira eta gastuak izatea aurreikusten dugu. Ez dugu soberakin horretatik hartuko dirua, eta gero, behar dugunerako ez izatea», dio Ziluagak.
Bestalde, «epe laburrean enplegua finkatzeko neurri bilduma aurkezteko» konpromisoa hartu dute jeltzaleek. Era berean, herritarrek neurri horiek aztertzeko eta eztabaidatzeko aukera izango dutela esan dute.
Gaur egun, Ibarrangeluko Udalak ekonomikoki hankak lurrean dituela ziurtatu du alkateak: «guk daroagu herri honen bolantea, kotxe hau erritmo onean doa, motorra ondo dauka, eta ez dugu nahi gasolinarentzako dirurik ez izatea».