Erreportajea: Gazte zein heldu batera lanean
Erramon traineruak laugarren urtez jarraian lehiatuko du Kantauriko Arraun Elkartearen (KAE) bigarren mailan. Mundakako Arraun Elkarteko mutilek datorren asteko zapatuan, ekainaren 23an, izango dute denboraldiko lehenengo hitzordua. Luancoko (Asturias, Espainia) uretan egingo dute arraunean, 17:30etik aurrera.
Hogei arraunlarik osatzen dute taldea, eta Sabino Astigarraga entrenatzailearen aginduetara egingo dute lan. «Hogei arraunlarik osatzen dute taldea, araudiak horrela eskatzen duelako; izan be, azken orduan kanpotik etorri dira bost arraunlari, eta aukeraketa egin behar izan dut hogei geratzeko. Lekeitioko mutil bat eta patroi bat kanpoan utzi behar izan ditut», azaldu du taldeko entrenatzaileak.
Aurpegi barriak ikusi ahalko dira, hortaz, aurten Erramon traineruan; Lekeitiotik etorritako bi arraunlari, Ondarroako bat, Sestaoko bat eta Bermeoko bat, hain zuzen be. Gainera, Espainiako trainerilla txapelketako txapeldunak izan diren jubenilak be taldeari laguntzen izango direla jakinarazi du Astigarragak: «bost egongo dira gurekin». Halanda be, araudiari jarraituz, ezin izango dute jubenil guztiek batera aritu. Hau da, egun bakoitzean jubenil bik bakarrik egin ahalko dute arraunean traineruan. Hortik aparte, jubenil batek bost egunetik behin bakarrik egin dezake arraun. Astigarragak azaldu legez, «azkenean, leku guztietatik ditugu mugak.
Denak batera egongo balira, indar asko izango luke traineruak. Osterantzean be izango du, baina, zelan ez, gutxiago». Gazteak, halanda be, oso lehiakorrak direla aipatu du. «Denboraldia horientzat oso luzea izan da, gauzak ez dira bakarrik ateratzen. Lan handia egin behar izan dute lortu dutena lortzeko. Hortaz, niretzako nahikoa eta pozgarria izan zen taldean egongo zirela konfirmatzea».
Taldea osatzea «nahiko zaila» izan dela azaldu du Astigarragak. «Azkenengo momentuan ez dut arazorik izan jendearekin, baina orain dela hilabete batera arte ez nekien trainerua ateratzeko gai izango ginen. Halanda be, arazo horiei aurre egiteko gai izan gara. Taldean, ostera, hogei izanik gutxi gara», dio.
Aurreko urteetako ildo beretik jarraituta, aurten be talde heterogeneoa dute mundakarrek. «Gaztetxoak eta ez hain gazteak ditugu batera lanean». Denboraldia, Astigarragaren hitzetan, «atzeratuta» daroate, orain dela gutxira arte ez baitute taldea bere osotasunean izan.
Astean sei aldiz batzen dira entrenatzeko. Lau egunetan uretan egiten dute lan, eta birritan gimnasioan. Behin Erramon uretan egon ahal izanda, «guretzat meritu handia baita». Mutilak «gogotsu» daudela esan du entrenatzaileak. «Mundakak lau urtez jarraian trainerua ateratzen duen lehenengo aldia da, eta hori ez da gutxi». Taldearen maila, halanda be, «gura dutenaren modukoa ezin» izango dela izan dio Astigarragak. Mundakarren helburu nagusia, hortaz, egunez egun hobetzea izango dela jakinarazi du entrenatzaileak. «Guk irailerako, denboraldia amaitzerako, hartuko dugun martxa duela hiru hilabete hartu dute batzuek. Baina horiek dira ditugun mugak, eta horrela hartu behar ditugu».
Astigarragak oraindik ezin izan du ikusi beraien aurkarien maila zelakoa den. «Sestaoko jaitsieran izan da trainerua atera dugun lehenengo bidarra eta azkena. Espero genuenerako, jaitsiera horretatik nahiko konforme geratu ginen. Handik aurrera, batelekin eta trainerillekin lanean egon gara». Gainontzeko taldeekiko ez du kezkarik agertu Astigarraga. «Gure taldea gutxi-gutxika hobetzen joatea da gura dudana, besteek beraien erritmoa har dezatela».
Herritarren laguntza
Herritarren laguntza izaten dutela dio Astigarragak; halanda be, «beti gura izaten da gehiago». «Ziurrenik herriak taldeak bandera gehiago lortzea gurako luke; hori betikoa da. Arraunean trainerua bakarrik izaten dute kontuan, eta trainerutik kanpo egiten denak emoten du ez dela egiten, ez baita baloratzen. Jendeak ez daki zenbat kostatzen den trainerua uretara ateratzea. Emoten du Urdaibai dela traineru bakarra, eta besteak txalupak garela».