Mikel Iruskieta Quintianen zutabea: Unibertsitatera sartzeko hautaprobetan gizarteari iruzurra
Gaur bukatuko dituzte hamaikatxo ikaslek unibertsitatera sartzeko hautaprobak. Guztira, hego Euskal Herrian 11.023 ikasle hiru egunez dakitena eta gehiago erakusten saiatu dira. Bizkaitarrak %36,76, gipuzkoarrak %28,37, naparrak %24,58 eta arabarrak %10,29. Horietatik erdiak pasatxo, 5.605 ikaslek (%50,85), zehatz esanda, proba euskaraz egitea erabaki dute. 400 bat ikasle nota hobetzeko aurkeztu dira eta batzuk ez zituzten nerbioak dantzan izango, aurretik egina zutelako eta beste batzuk nahi duen nota lortzea zeinen zaila den jakinik bere onetik aterata egongo ziren. Nork daki!
Asteburuan ehun bat azterketa zuzendu beharko dituzte irakasleek. Baina hori gogorra izan arren, ez da hautaprobetan azterketak zuzentzearen alde gogorrena. Ez dut uste gai guztiekin euskararekin gertatzen dena gertatuko denik. Nik aitortzen dut (nirekin euskara zuzentzen ibili zirenek ere honekin bat zetozela esan zidaten) azterketak zuzentzea gogorra egin zitzaidala. Baina ez 100 azterketa asteburu bakarrean zuzendu nituelako, nahiz eta hori ere gogorra izan, honako bi arrazoi hauengatik batez ere.
Alde batetik, ikaslearen aldetik, gogorra baino gogorragoa da ikustea, euskarako azterketa atzerriko hizkuntza gisa hartzen dutela ikasi nahi dugun unibertsitatean. Izan ere, azterketa oso sinplea da, sinpleegia ama hizkuntza euskara duenarentzat eta euskara eskolan ikasi duenarentzat. Azterketa horrek ez du balio ikasle euskaldun batek bere hizkuntzaz zer dakien neurtzeko. Hori horrela, esango nuke azterketa hori erdal lerroetan ikasi duen %49,15arentzat baino ez dela egin. Beste era batera esanda, euskaran gaitasun gutxien dutenentzat egin dela azterketa hori eta, hortaz, euskaraz gehien dakienarentzat ez duela balio. Esango nuke zailtasunean inglesa neurtzeko azterketaren parekoa dela. Horrexegatik diot atzerriko hizkuntzatzat hartzen dela. Azter dezagun zer gertatzen den gaztelerako azterketarekin.
Gaztelerako azterketa, ordea, guztiz kontrakoa neurtzeko diseinatu da. Gehien eta hobeto dakiena neurtzeko diseinatzeaz gain, Euskal Herrikoak ez diren idazleez asko jakin behar da eta, beraz, gaztelera bertokotzat hartzen da. Honela inposatzen dute Euskal Herrian arrotza den curriculuma. Seguraski, lotsagaberen batek euskaldunen onurarako dela esango digu eta euskararen normalkuntzarako onuragarria ere badela.
Beste aldetik, irakaslearen aldetik, gogorra baino gehiago da, Bilboko erdal adarreko ikasleen azterketak zuzentzea. Izan ere, azterketa gehienak, ikasleen %70-80k edo ez du esaldi bakar bat bera ere ondo idazten. Baina ez da idazteko gaitasunik ez dutela, esaten zaiena ere ulertzea kostatzen zaie, hori gutxi eta batzuk ez dira gai irakasle zaintzaileei galderak euskaraz egiteko ere, beste batzuk irakasle zaintzaileak ematen dituen argibideak ere ez dituzte ulertzen, eta horren guztiaren mukuruan daude azterketan idatzitako hitzak ere ulertzen ez dituztenak.
Egoera horretan eta azterketa bat gainditzen ez denean, bi aukera bakarrik egoten dira: bata, azterketa ez duenean ikasleak gainditzen eta, bestea, irakasleak ez duenean ikaslea azterketa gainditzeko prestatzen. Hizpide dugun kasuan, irakaslearen gaitasun falta ez ezik Bilboko erdal adarreko eskola pribatuek gizarteari egiten dioten iruzurra agerikoa da eta hori salatzera natorkizue.
Nola gainditu dute ikasle horiek euskara institutuan? Nor da euskara irakaslea? Zelan egiten dio behin eta berriro errepikatzen den egoera eskasari aurre eskolak? Eta zuzendariak? Zein da Unibertsitatearen papera joko guzti horretan? Zergatik diseinatzen da gaztelerako azterketa gehien dakienarentzat eta euskara gutxien dakienarentzat?