
Itsas belardiak Urdabaiko paduran
Garai batean Zostera Noltii itsas landarea Euskal Herriko kostaldean aurkitzea oso ohikoa zen, baina itsas landareek garai txarrak bizi dituzte, eta desagertzeko arriskuan dagoen espezieen zerrendan sartu dute Zostera Noltii landarea. Joxe Mikel Garmendia Aztiko ikerlariak azaldu duenez, gaur egun Euskal Herriko hiru itsasadarretan bakarrik bizi da Zostera Noltii itsas belarra: Bidasoan, Lean eta Okan. Itsas belardien eremu zabalena, halanda be, Urdaibaiko Biosfera Erreserban dago, eta, horrenbestez, Okako padura itsas belardien paradisu bihurtu da. Hala, Uraren Euskal Agentziak (URA) martxan jarri duen azken proiektuaren erdigunea da Busturialdea. Hain zuzen, Azti Tecnaliako ikerlarien laguntzagaz, Urdaibaiko itsas landareak euskal kostaldeko beste itsasadar batzutan birlandatu daitezkeen aztertu gura du URAk.
Garmendiak jakinarazi duenez, itsas landareak beste eremu batzutara heda daitezkeen aztertzen dabiltza, “birlandaketa txikiak eginez”. Hala, Urdaibaiko paduratik Plentziara eta Zumaiara eroan dituzte Zostera Noltii aleak dagoeneko. Aztiko ikerlariaren berbetan, batez be, Plentzian ari dira lanean, zonalde hori “itsas belardiak hazteko” egokia dela deritzotelako.
Plentziako lehenengo birlandaketa, esaterako, 2009an egin zuten, eta Garmendiak dioenez, birlandatu zituzten itsas landare aleak “bizirik” daude oraindik. Hala, pozik daudela dio, baina itsas belardiak berreskuratzeko gehiago behar dela nabarmendu du. “Itsas landareak bere kabuz ugaldu behar dira, birlandaketa masiboa egitea ezinezkoa baita”, nabarmendu du ikerlariak. Dioenez, ez dute birlandaketa masiboa egiteko aukerarik, ez baitute itsas landareentzako haztegirik. “Naturatik hartzen ditugu landare aleak, eta, horrenbestez, birlandaketa masiboak eginez gero, Urdaibaiko itsasadarrean desagertuko lirateke itsas belardiak”.
Proiektua ikerketa fasean dago, baina azken helburua euskal kostaldean itsas belardiak berreskuratzea izango litzateke. Horretarako, halanda be, zenbait urte beharko dituztela jakinarazi du Garmendiak. Dioenez, birlandaketak egiteko leku egokienak aurkitu behar dituzte lehenengo, itsas landare aleak bere kabuz ugal daitezen. Prozesu geldoa da, baina ingurumen ikuspegitik aukerarik egokiena dela uste du.
Hainbat onura dituzte
Aztiko ikerlariak jakinarazi duenez, itsas belardiak “oso onuragarriak” dira ekosistemarentzat, eta belardi horiek galtzea “biodibertsitatearen galera bat” ekarriko luke.
Itsas belardien abantaila nagusiak lau dira, Garmendiaren berbetan. Alde batetik, itsas landareak higaduraren aurkako babesa dira, sustrai sendoen eta korapilatsuen bitartez lurzoruari eusten baitiote. Hala, itsasoaren indarrari aurre eginez, lurzoruak tinko eusten du.

Ikerariak Zostera Noltii landare aleak aztertzen
Biodibertsitatearentzat be itsas belardiak oso onuragarriak direla azaldu du Aztiko ikerlariak. Jakinarazi duenez, landare hauek dauden tokietan, besteak beste, karramarroak eta arrain txikiak ezkutatzen dira. Hala, arrain txikiek arrain handiagoak erakartzen dituztela argudituta, biodibertsitatea handitu egiten dela dio Garmendiak. Bestalde, arrainak errute garaian daudenean be itsas belardiak oso aberasgarriak direla jakinarazi du, “arrautzentzako haurtzaindegia” baitira.
Hirugarren abantaila landare guztien bereizgarrietako batean oinarritzen da. Garmendiak nabarmendu duenez, itsas belardiek be fotosintesia egiten dute, eta, beraz, klima aldaketa gelditzen laguntzen dute, CO2a oxigeno bihurtzen baitute.
Abantaila nagusienekin amaitzeko, uretan dauden partikulak hondora bialtzen dituzte itsas belardiek, eta horrek ura garbi mantentzen laguntzen du.
Landare oso sentiberak
Zostera Noltii landare alez osatutako itsas belardiak oso sentiberak dira, eta baldintza jakin batzuk behar dituzte hedatzeko. Zenbait lekutan, esaterako, “ingurumen osasunaren indikatzaile bezala erabiltzen dituzte” itsas belardiak.
Aztiko ikerlariak dioenez, “landare hauek marearen eragina duen eremuetan bizi dira, ur garbia behar dute, harearen eta lohiaren arteko lurzoru nahasketa bat behar dute hazteko, lurzorua nahiko leunean egon behar da, ezin dira korronte handiko lekuetan jarri ta gizakiaren eraginetik salbu egon behar dira”.
Garmendiaren berbetan, hainbat faktorek eragiten diete itsas belardiei, baina garrantzitsuena gizakiaren eragina dela deritzo. Dioenez, ezin dezakete ziurtasun osoz esan, baina, batez be, gizakiaren eraginagatik galdu dira euskal kostaldeko itsas belardi gehienak. Izan be, Nerbioiko eta Pasaiako mende hasierako zenbait dokumentutan itsas belardiak aipatzen dira. Aztiko kidearen ustez, Nerbioik eta Pasaiak “aldaketa ikaragarria” bizi izan dute azken mendean, baina garai batean han itsas belardiak egon baziren, Euskal Herrian ohikoak zirela deritzo.