David Seco (Busturia, 1973) txirrindulari ohia ETB2ko El Conquistador Del Fin del Mundo saioaren irabazle izendatu zuten joan den domekan. Telebista saio horretako zortzigarren edizioa irabazi du busturiarrak, hain zuzen be. Casting-a egin zuen momentutik txapelketa irabaztea zuen helburu nagusi, eta final «gogor» baten ostean, ikurrina altxatu zuen Secok. Sei aldiz irabazi du Espainiako ziklo-kros txapelketa, baina, haren hitzetan, inoiz ez du finaleko tirolina proba horretan baino txarrago pasatu.
Nolakoa izan da bizitako esperientzia?
Joan orduko banekien esperientzia polita izango zela. Halan da be, behin bertan egonda eta esperientzia hori bizita, uste nuena baino gehiagorako izan da. Betirako gordeta izango dudan esperientzia bat da.
Desberdina al da garaipen hau txirrindulari gisa izandako garaipenekin alderatuta?
Txirrindulari gisa lehiatzen nintzenean, nire lanean jarduten nintzen. Niretzako garrantzitsuak izan ziren garaipenak lortu nituen. Halanda be, esan beharra daukat telebista saio hau irabazteak uste nuena baino ilusio handiagoa egin didala. Hortaz, txirrindu gainean izan dudan garaipen garrantzitsuenetariko baten parean ipiniko nuke.
Eta irabazi izan ez bazenu?
Txirrindulari gisa askotan joan naiz irabazteko ideiagaz eta gero ez dut irabazi. Horregatik, hau be kiroltasunez onartuko nuke eta izan ditudan aurkarienganako errespetu osoz jokatuko nuke, ziurrenik. Baina, maila pertsonalean, kolpe gogorra izango litzateke, nire buruari asko exijitzen baitiot.
Azarotik hona sekretupean mantendu behar izan duzu garaipena. Gogorra izan al da?
Abentura honen gauzarik zailena izan da, egia esan. Emazteak, alabak eta amak hasieratik dakite. Hilabete batzuk isilik egon ostean, nire neba-arrebei be esan nien. Baina, nire herrian, Busturian, inork ez zekien ezer domekara arte. Irabaziko ez nuela zioten zurrumurruak zeuden, gainera. Bazekiten finalean nengoela, baina ez irabaziko nuenik.
Nola hartu du Busturiak garaipena?
Uste dut ustekabez hartu dutela askok eta askok, irabaziko ez nuela uste zutelako; horiek baitziren zurrumurruak.
37 egun iraun ditu txapelketak. Zein izan da momenturik gogorrena?
Zailtasun fisikorik handienekoa, azken txanpa, gogo-aldartez be nahiko baxu nengoelako: finaleko tirolina. Txapelketa eskuetan nuela ikusten nuen, eta nire helburua beti izan da irabaztea. Erraz zegoela ikusten nuen momentu horretan. Halanda be, indar barik eta ahituta nengoen erabat, baina irabazteko bizkortu beharra nuen. Telebistan gutxiago emoten bazuen be, tirolina nahiko luzea izan zen. Baina argi nuen Lobo nire aurkaria be egoera berean zegoela. Finala aurreko momentuak lasai bizi nituen, banekielako noraino irits nintekeen.
Inoiz ahaztuko ez duzun tirolina izango da orduan.
Jendeak uste duena baino zailagoa izan zen; izan be, telebistan ez da guztia ikusten. Proba oso luzea izan zen; ordubete baino gehiago iraun zuen eta gora-behera asko zituen. Asko sufritu nuen.
Gose handia pasatu duzue?
Bai, baina horretarako prestatuta joan nintzen. Gabezia askorako mentalizatuta nengoen, baina azkenean zailagoa da. Hau da, jendeak etxean ikus dezakeena eta nik neuk uste nuena baino gogorragoa izan da. Pentsatzen nuen zerbait gehiago edukiko genuela.
Nolakoa zen eguneroko bizitza?
Ziurgabetasuna zen nagusi, eta hori gose izatea baino gogorragoa dela esango nuke. Heltzen garen momentutik ez dakigu ezer; ez zenbat izango garen, ez zenbat mutil eta zenbat neska, programaren funtzionamendua, ordutegiak… Bertan lanean dauden kamarek eta gainontzekoek ez digute hitzik be esaten. Jokoak eta asanbleak noiz egin behar genituen be azken momentura arte ezer ez. Egun osoa emoten genuen etorriko zenaren zain. Uste dut hori dela jendeak txarren eroaten zuena, beste ezeren gainetik.
Eta bizikidetza?
Nire kasuan, bizikidetza nahiko baikorra izan da. Oso pertsona zuzena naiz, eta aurrez joatea gustatzen zait. Guzurrak, faltsukeriak eta atzetik berbetan ibiltzen direnak ez zaizkit bat be gustatzen. Uste nuen eztabaida gehiago eduki nitzakeela, baina taldeko kideak, orokorrean, baleko jendea izan dira, eta ez dut inogaz arazorik izan.
Nola erabaki zenuen esperientzia hori probatzea?
Denbora bat neraman horregaz buruan. Pentsatzen nuen nahiko ondo egin nezakeela telebista saio horretan, eta ez bakarrik fisikoki nire burua ondo ikusten nuelako, baizik eta psikologikoki be nire burua prest ikusten nuelako telebista saio horrek eskatzen duenari aurre egiteko. Aurreko urtean utzi nuen ziklo-krosa, negua zen, aukera hor zegoen eta probatzea erabaki nuen. Hortaz, casting-era aurkeztea erabaki nuen.
Berriro errepikatuko zenuke?
Esperientzia bera bai errepikatuko nuke, baina ez lehiaketa baten moduan hartuta. Kasu honetan nire helburua beti izan da irabaztea, eta behin hori eskuetan izanik, ez dauka zentzurik berriz horregatik lehiatzea. Telebista saioak eskaintzen duen beste zenbait aukeragaz bai joango nintzateke barriro; adibidez, kapitain gisa. Baina lehiakide moduan, ziurrenik, ez nintzateke barriro joango.
Zegaz geratzen zara?
Orokorrean, gauza askogaz. Baina bertan bizi izan ditudan unerik zailenak dira batez be gogoan ditudanak. Ondo eroan dut gose edo hotza edukitzearena, baina izan ditugun gabeziak dira gehien markatzen dutenak. Izan be, gura duzunean bidaiatu dezakezu edo ezagutu dezakezu mundua, baina borondatez gosea pasa barik eta egoera hobeetan. Hori telebista saio horretarako izan ezik, ez dut barriro egingo. Ziur nago hori guztia beti izango dudala buruan.