Erreportajea: Lau instituziotara bidaliko ditu Lamarkak ondarrutarren eskaerak
Isidro Garalde Mamarru ondarrutarraren askatasuna eskatzeko eta 197/2006 sententzia (Parot doktrina legez ezaguna) bertan behera uzteko eskatzen dituzten 1.890 sinadura eman dizkiete Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ararteko Iñigo Lamarkari. Herenegun batu ziren Mamarruren senideak eta Ondarroako Udaleko zein Ein Daigun Bidi plataformako ordezkariak Lamarkarekin. Harek izandako harreragaz «pozik» direla esan du Ein Daigun Bidi ekimeneko ordezkari Iñigo Badiolak. «Esan behar genuena entzun eta zenbait konpromiso be hartu ditu ditu arartekoak». Hain zuzen be, Espainiako Auzitegi Konstituzionalera, Espainiako Espetxe Zuzendaritzara, Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusira eta Espainiako Herriaren Defendatzailearen bulegora bidaliko ditu Lamarkak Mamarruren gertukoek berari helarazitakoak. «Aurkeztu ditugun eskaerak eta sinadurak erregistratu egingo dituela esan digu arartekoak, eta informe txiki bat prestatuko duela aipatutako instituzio publikoetara bidaltzeko».
Martxoan abiarazi zuten 8+18+10=36 Nahikure! Mamarru etxea! sentsibilizazio kanpaina eta sinadura bilketa; eta arartekoarekin egindako bileragaz eman dute berau amaitutzat. Egindako lana «sekulakoa» izan dela esan du Mamarruren arreba Antigua Garaldek. «Kriston kanpaina egin dute Ondarroan, eta familiak eskerrak eman gura diegu kanpaina horretan parte hartu duten guztiei».
Espetxe onurak edo erredentzioak espetxe zigor bakoitzari aplikatzean datza 197/2006 doktrinak; ez presoak guztira bete beharko lituzkeen gehienezko 30 urteko kopuruari, 2006ra arte egiten zen bezala. Hala, 1973ko Zigor Kodearekin epaitu eta 30 urtetik gorako espetxe-zigorrak dituzten presoei emandako erredentzioak de facto deuseztatu egiten dizkie Parot doktrina legez ezagutzen denak
Osasun arazoak
2010. urtean ezarri zioten Isidro Garalderi 197/2006 sententzia: hamar urteko kartzela zigorra, hain zuzen be. Aurretik 28 urteko zigorra bete izan du Mamarruk, eta etxetik kanpora 42 urte daramatzala esan du haren arrebak. Parot doktrina ezarri ziezaioketela bazekien familiak, «baina 2010ean kalera aterako zelaren itxaropena bagenuen, ilusio hori genuen». Halanda be, epaileen erabakia egun batetik bestera jakitea «kolpe handia» izan zela gogoan du Antigua Garaldek.
Puerto I (Cadiz) kartzelan dute Mamarru, eta dispertsio politika «bigarren zigor» bat dela uste du presoaren arrebak: «Familia eta lagunek pairatu behar duten zigorra». Ondo pentsatutako neurriak direla uste du Garaldek, ondorio fisiko, psikiko eta ekonomikoak dakartzaten neurriak.
Zigor horiei, gainera, Mamarruk dituen osasun arazoak gehitu behar zaizkie. Bihotzekoak eman zion 2006an, Alboloteko (Granada) kartzelan zutela. Gaur egun oraindik bere osasun egoera ahula dela dio Garaldek; eta bere egoera oso kezkagarria ez bada be, gaixotasun larriak dituztenen zerrendan da Isidro Garalde. Epaileek borondaterik balute ordurako kalean beharko lukeela dio presoaren arrebak, legeak dioena eta Gernikako Akordioaren sinatzaileen eskariak betez gero. «Egia esan, hori beteko balute, gaur egun preso dituzten herritarren erdiak aske utzi beharko lituzkete».
Alabaina, egoerak bere horretan dirauela dio. «Eurakin jolasten dute. Legeak euren erara asmatzen dituzte; mendeku politikoa da euskal presoekikoa».
Bost urte Zubikarairi
22 urte eman zituen Kandido Zubikarai ondarrutarrak preso. 1989ko apirilaren 16an atxilotu zuten, eta espetxera bidali. Erredentzioak kontuan hartuta, 2006ko urriaren 26an utzi behar zuten libre ondarrutarra baina, fiskalak eskatuta, 197/2006 epaia aplikatu zioten Zubikarairi ere. Hori dela eta, beste bost urte eman zituen preso, eta 2011ko irailaren 13an atera zen Villena IIko (Alicante, Herrialde Katalanak) kartzelatik.
ETAk armak uztearen erabakiak, baina, ez du kartzela politika aldatu. Hala zioen Zubikaraik, ondarrutarrari urtarrilean Hitzak egindako elkarrizketan: «Gorroto eta mendeku politikagaz jarraitu dute». Eta, azken batean, senideak eta lagunak be zigortu egiten dituztela aipatu zuen. «Eurak dira gehien sufritzen dutenak, aste bukaera guztietan ehunka kilometro egin beharko dituztenak, bidean geratzen direnak, ekonomikoki zailtasunak pasatzen dituztenak».
Elias Fernandez, 26 urte preso
Busturialdeari dagokionez, bi preso daude 197/2006 epaia ezarrita: Elias Fernandez bermeotarra eta Josune Onaindia muxikarra. 25 urte preso egon eta gero, 2011ko maiatzaren 27an utzi behar zuten aske bermeotarra, baina egun horretan bertan aplikatu zioten 197/2006 epaia, eguerdian. Haren hurkoek orduko hartan azaldu zutenez, ez zioten eman inolako agiririk, eta espetxezainek jakinarazi zieten doktrina aplikatu ziotela, Gijoneko (Asturias, Espainia) espetxean baitziren haren senide eta lagunak, libre aterako zelakoan. Azkenean, baina, 2016ra arte izango dute bermeotarra preso.
1986ko ekainaren 19tik dago kartzelan Fernandez, 24 urte zituenetik, eta bizi erdia egin du espetxetik espetxera. Bera da, hain zuzen, kartzelan urte gehien daramatzan Busturialdeko presoa. Gaur egun osasun arazo larriak ditu.
Josune Onaindiari aurtengo maiatzean ezarri dio Espainiako Auzitegi Nazionalak 197/2006 sententzia. 1992. urtean espetxeratu zuten, eta 2012ko ekainaren 9an zuen kalera irtetzeko data.
Kartzela zigorra hamar urtez luzatu diotela eta, litekeena da muxikarra 2022. urtera arte preso izatea. Halanda be, neurriaren kontrako helegitea aurkeztu du Josune Onaindiaren abokatuak, eta ebazpenaren zain daude orandik.
Amaiur Zugadi: «Espero genuen, aitari be gauza bera egin diote eta»
2012ko ekainaren 9an zuen kalera irtetzeko data, baina 197/2006 sententzia aplikatuta, kartzelan jarritu beharko du Josune Onaindia preso politiko muxikarrak. Hala, Audientzia Nazionalak hartutako erabaki horren ondorioz, 2022. urtean aterako da kalera Onaindia.
1992. urtean espetxeratu zuten muxikarra, eta 1994. urtean 62 urteko kartzela zigorra ezarri zion Audientzia Nazionalak, ustez, 1987ko irailaren 9an Guardia Zibileko agente bi hiltzeagatik. Gaur ute espetxeratuta, bikotekidea – Iñaki Zugadi– dagoen espetxe berean. Bere alaba Amaiur Zugadiren arabera, «gutxienez, Badajozeko kartzelan baino gusturago dago bertan. Nahiko txukuna eta garbia da kartzela», aipatu du bikotearen alabak.
Haren esanetan, «hilean behin muxikarrak familiagaz aurrez aurreko bisita izateko aukera du, eta beste behin bikotekideagaz egoteko. Bestetik, lokutorioetan bisitak hartzeko aukera izaten du astero».
Audientzia Nazionalak kartzela zigorra hamar urtez luzatzearen erabakia «gogorra» izan dela aitortu du Onaindiaren alabak; dena den, familiak espero zuela dio: «aitari be gauza bera egin diote eta».
Erabaki horren aurrean, baina, preso muxikarra «ondo eta gogor» dagoela azaldu du Zugadik: «familia baino gogorrago dago», esan duenez.
Josune Onaindiaren abokatuak helegitea jarri dio Audentzia Nazionalak hartutako erabakiari; orain, epailearen erantzunaren zain dago Onaindia bera eta haren familia. Dena den, alabaren ustez, «ez du itxura onik». Ez dakite noiz izango duten epailearen erabakiaren barri, baina Iñaki Zugadiren kasuan epaileak irteera data baino hiru egun lehenago eman zuen erantzuna, Amaiur Zugadik azaldu duenez.
Miren Gangoiti: «Parot Doktrinak ondorio psikologikoak ekar ditzake»
Kalean egon behar zuen arren, 197/2006 sentzentzia ezarri ondoren 2016. urtera arte kartzelan egon beharko du Elias Fernandez bermeotarrak.
2011ko maiatzean urten behar izan zuen kalera Elias Fernandezek, baina 197/2006 epaia aplikatu zioten eta orain 2016ra arte edukiko dute preso. Nola hartu zuen berria Eliasek?
Eliasek argi zeukan Parot Doktrina ezartzerakoan banakako irtenbidea izan ezean, ateratzea oso zaila izango zela, eta bera ez zegoen horretarako prest. Aukera bakarra zigorraren hiru laurdenak beteta ateratzea zela ikusten zuen, baina ez da horrela izan.
Eta ingurukook?
Iaz ilusioa genuen libre utziko zutela esaten zuen papera eskuetan genuelako ,eta azken momentura arte itxaron zuten Parot Doktrina ezartzeko. Ondoren, atsekabea oso handia izan zen, aldaketa bat zetorrela uste genuelako eta ez zelako horrela izan.
Zein da egun Eliasen egoera? Osasunez ondo al dago?
Bai, inoizkorik hobeen dago. Aurrerago izan zuen hipertentsioa kontrolpean du.
Eta animoz?
Egia esan, gogotsu dago, nahiz eta egoera gogorra den. Espetxe politika mailan aurrerapausorik ez dago eta ez daude, gainera, hori aldatzeko prest. Villabonatik urteetan jendea urruntzen egon dira eta ilusioa galdu egiten da baina, bestela, ondo dago.
Arazoak izaten ditu kartzelan bisitekin?
Ez, Villabonan ez. Sartzerakoan be ez gaituzte arakatzen. Castellonen (Valentzia,Herrialde Katalanak) egon zenean bai izan zituen arazoak. Orain, urtebete daroa hemen eta ez da horrelakorik gertatu.
Zer iritzi daukazu bizi arteko zigorraren inguruan?
Justizia denontzako berdina dela esaten dute, baina argi dagoena da horrelako neurriak sektore bati bakarrik aplikatzen dizkiotela. Kolektibo batentzako neurri propioak hartzen ari dira, eta hori ezin da onartu.
Eta sakabanaketa politikari buruz?
Nire ustetan preso politiko guztiak egon beharko lukete Euskal Herrian, ez bakarrik Nanclaresen zeozer sinatuta duten moduan. Euren eskubidea, eta legeak horrela dio, etxetik dagoen espetxerik hurbilenean egotea delako.
Presoen arazoa nahikoa gizarteratuta dagoela uste al duzu?
Bai, gero eta barneratuago dugula esango nuke. Halanda be, horretan lan handia egin behar da oraindik. Izan be, askok Parot Doktrina entzuten dutenean ez dakite horrek zer suposatzen duen. Ondorio psikologikoak ekar ditzake horrek. Nahi edo nahi ez, kartzelatik ateratzen direnean mundua aldatuta aurkitzen dute, eta eurek be denbora gehiago emoten dute lau hormaren artean… Kartzelara sartzen diren lehenengo egunetik ateratzeko egunaren zain izaten dira. Baina ateratzeko eguna pasatzen bada, ez badizute ezer esaten, eta gainera, zigorra luzatzen badizute…horrek min handia egiten du psikologikoki.
Zer egin dezake herriak?
Orain artekoa egiten jarraitu behar da; egoera kaleratzen. Hortaz, presoek bizi duten egoera hitzaldien edo ekimenen bitartez azaltzen jarraitu behar dugu. Instituzioetan eta zigor-erakundeetan presoak bahituta dituztela salatu behar dugu.