Danel Lauzirikaren zutabea: Zoro batek erotu gintuenekoa
Horrela gogoratuko dugu, urte batzuk barru, 2011-2012 futbol denboraldia Athleticzale eta bazkideok. Handia izan da. Beharbada handiegia erabat ohituta ez dagoen zalegoarentzat, eta luzeegia zelaian ordezkatu gaituzten lehoientzat.
Marcelo Bielsak egin du berea, oso ongi egin ere. San Mameseko harmailetan sekula ez dut ikusi horrelako adostasunik entrenatzaile baten inguruan. Gainera, ezin dugu ahaztu urriaren hasieran Anoetan irabazi arte Athletic erdibituta zegoela eta lau katu bakarrik geundela Rosariokoaren alde. Trena martxan dagoenean erraza da bertara igotzea. Caparrosi egindakoa eskertu eta aitortu behar diogu, baina ezin gara iraganean bizi.
Final biak era argian galdu ditugu, eta zer? Gu Athleticekoak gara! Tituluak irabazi nahi dituena izan dadila Bartzelona edota Chelsearen zalea! Taldea hautatzen dugunean jakin badakigu urteren batean gabarra paseatu dezakegula, baina kontziente izan beharko ginateke futbol munduko egungo sistemarekin negar ere egingo dugula. Beharbada hori da arazoa: Athleticzale izatea ez dela erabaki burujabe baten ondorioa, sentimendu berezi batena baizik.
Zutabe hau idaztean oraindik ez dakit Bielsak jarraituko duen edo zer egingo duten jokalari batzuek. Denboraldi osteko sindromea dut. Azken urteetan ez bezala, aurten A gripeak jota egon naiz, Athletic gripea hezurretaraino sartuta. Gau baten baino gehiagotan kendu dit loa, eta bidaia aurreko nerbioak ez dira txikiak izan. Zer esanik ez poltsikoan dudan zuloaz. Jokalariei ezer kendu gabe, neurri handi batean Marcelo Bielsa izan da egoera horren eragile, eta, kantak dioen bezala, “eta poztutzen naiz”.
Aurtengo bizipenak inork ez dizkit oroimenetik ezabatuko: Manchesterreko eria, OLd Traffordetik irten eta autobusera igotzerakoan lagun guztiok genuen buruko min geruza, emozioz, harriduraz eta pozez betea; Gelsenkirchenen egindako parranda eta lortutako emaitza biribila; Bucaresteko emozioa, Iñigo Cabacas gogoan piratok egin genuen kalejira; Madrilen, Bartzelonazaleen gradan egonda, sentitu eta harritu ninduen barne-lasaitasuna, eta, horrekin batera, 3-0 galtzen zegoen taldea animatzeko nuen gogo bizia. Eta San Mameseko gau gogoangarriak, noski. Hori guztia niretzat gorde dut.
Gabarrarik ez dugula atera? Bai, egia da, tamalez, baina kontuan izan aurkariek ere jokatzen dutela. Gu ez gara fin aritu, baina gogoratu beharra dago Bucaresten errespetua galdu geniola orain bi urte txapeldun izandakoari. Zentzu horretan beharrezkoa da zaleek ere autokritika egitea: txapela jantziz, txokorrak errez eta tokian-tokiko putetxeak bisitatuz («Gure Estiloa») ez dira finalak berez irabazten. Taldea animatu egin behar da; ezin gara zelaira joan Eibarko Astelenara joango bagina legez. Zentzu horretan biok egin behar dugu gogoeta, zuzendaritza taldeak eta zaleok.
Goi-karguak aipatu eta burura datorkit Madrilgo Esperantza. Iñigo Cabacasen gertaeran legez, ez dut uste isilik egonez agintariek zaleak kontuan hartu gaituztenik. Badakit kontu politikoa dela, hor sartzea arriskutsua dela eta hobe dela probokazioei ezikusiarena egitea. Alabaina, ni neu, Athleticen bazkide gisa, babes gabe sentitu naiz, bakarrik. Harrera txarra aurreikusten genuen, eta kasu horretan cluba gure interesen bozgorailu izan behar da. Zentzu batean Basagoiti rockeroak eta PNVk bete dute funtzio hori, baina nik neuk nahiago dut Athleticek betetzea. Izan ere, beste horiek ni ez naute ordezkatzen.
Beno, esandakoa: zoragarria. Marcelo Santa Clara inguruan aurkitzen baduzu, irakurle, eman goraintziak eta zoriondu nire partez.