San Martineko Babes Ofizialeko etxebizitzek polemika sortzen jarraitzen dute. Bermeoko Eusko Alderdi Jeltzaleko (EAJ) zinegotziek atzoko prentsaurrekoan azaldu legez, “Bildu prest da egun indarrean dagoen herriko araudi urbanistikoa aldatzeko San Martineko etxebizitza horiek botatzeko, Ibarretas XXI enpresak egindako modifikazio proiektuari babesa emoteko”. Araudia aldatuko balute, “Babespeko etxebizitzak dituen eraikin horren azkeneko bi solairuak botatzea posible izango zen”, adierazitakoaren arabera. Horrela eginez gero, EAJren arabera, “guztiz legala” den eraikina, “araudia errespetatuta eta bere garaian emondako udal lizentziarekin egindakoa ilegala izatera pasatuko litzateke”. Berualak sustatutako etxebizitza horiek prozesu judizial batean sartuta izan dira, auzi-jartzailea Ibarretas XXI delarik. Epaileak arrazoia emon zion enpresa pribatuari eta solairu bi horiek botatzeko proiektu bat egitea eskatu zion. Proiektu hori, EAJk prentsaurrekoan esan legez, berriki aurkeztu dute Bermeoko Udalean. Oposizioarentzako lehenengo ustekabea, “Ibarretasek aldaketa proiektu hori egiteko Josan Apraiz Ormaza arkitektoa kontratu izana” da. “Apraiz hamasei urtetan Eusko Alkartasunako (EA) Urigintza zinegotzia izan da, orain Bilduren baitan dagoena. Gatazka sortu zen garaian be EAko zinegotzi moduan egon zen, eta gainera, Berualako kontseilaria be izan da”, diote. Bestalde, etxebizitza horiek egiteko lizentzia onartu zutenean “aho batez” onartu zutela gogorarazi dute. Araudia aldatu Ibarretasek aurkeztutako proiektua Hirigintza Batzordean aztertu dutela esan du Bermeoko EAJk. Bertan Udaleko arkitektoak Ibarretasek aurkeztu [...]