Muxikako Pedro Ajuria eta Balendin Enbeita bertsolariek– Pedro Mari Aldana idazkari zutela– 1959. urtean sortua, Euskal Herriko lehenengo bertso eskola da Garriko. Bidea gogo handiagaz hasi bazuten be, zoritxarrez, ez zuen iraupen luzerik izan. Izan be, euskara kutsua zeukan edozertarako garai gogorrak bizi zituzten orduko hartan.
Etxekoneko Urrufino eta Bixentaren sukaldean elkartzen ziren hasiera batean bertsotan aritzeko, baina ezkutuan elkartzeak susmo txarrak eragingo zituela-eta, Ajuriaren Fuenterrabia tabernan aritzea erabaki zuten, denen aurrean, zertan zebiltzan denek ikus zezaten.
Dena den, momentu haiek be bukatu ziren. Zeukan taberna ixtera behartu zuten Ajuria, eta bera be atxilotu egin zuten, gainera. Hala, sortu eta urtebetera alde batera utzi behar izan zuten bertso eskola. Halanda be, eskolan bertan aritzen ez baziren be, bertsolariek kantuan aritzeko gogoz jarraitzen zuten. Horregatik, grina horri helduta, Euskal Herriko hainbat plazatan jardundakoak dira orduko bertsolariak; baita Muxikara hainbat txapel ekarritakoak be.
Urteek aurrera egin ahala, Enbeitak eta Ajuriak hasitako bideari helduko zioten muxikarrak ailegatu ziren: Bitoren Sardui, Ireneo Ajuria, Jon Enbeita, Jesus Mari Sardui, Moises Enbeita eta Jose Angel Monasterio. Seikote horrek Busturialdeko bertsolari eta bertsozale guztiak kantari jarri zituzten barriro be, Garriko Bertso Eskola barria sortuta. Lehengo bertso eskola berpiztu zuten orduan, eskualdean bertsolaritza suspertzeko eta umeengan bertso zaletasuna pizteko asmoz. Muxikan bosteko Otxotea zen Garriko, eta hortik hartu zuten bertso eskolakoek be izen hori.
Bertso eskola sortuta, Garriko Eguna antolatzeari ekin zioten muxikarrek, 1988an. Hain zuzen be, 25 urte igaroko dira irailaren 11n egun hori lehenengoz ospatu zutenetik. Geroztik, ez du baten be hutsik egin.
25 urte horietan, guztira, 2.200 izan dira idatzi dituzten bertsoak eta, guztira, 1.200 parte hartzaile izan dira. 1997. urtean izan zuen Garriko Egunak arrakastarik handiena, 80 herritarrek parte hartu baitzuten. Partaidetza kopururik txikiena, barriz, 2005ean izan zen, zortzi bertsolarik baino ez zutenean parte hartu. 25 urteotan, denetara, 74 garriko jantzi dituzte; 37 garriko neskek eta beste 37ak mutilek. Garriko bakarra geratu da jantzi barik, 2006. urtean ez zelako 12 urtez azpikorik aurkeztu. Bestalde, bataz beste 50 izan dira urtero lehiatu diren bertsolariak.
Garriko Egunaren 25. urteurrenaren harira, antolatzaileek liburu bat kaleratzeko asmoa agertu dute, non garrikoz garriko irabazleak eta bigarren sailkatuak nortzuk izan diren azalduko duten. Gainera, horien guztien bertsoak be sartuko dituzte argitalpen horretan. Dena den, horretarako, diru laguntzen beharra izango dute.