Parot doktrina ezarri diote Josune Onaindiari, espetxe zigorra 2022ra arte luzatuz
Etxerat elkarteak jakinarazi duenez, Josune Onaindia preso politiko muxikarrari 197/2006 sententzia aplikatzea erabaki du Audientzia Nazionalak; alegia, Parot doktrina deritzona ezartzea. Erabaki horren ondorioz, hamar urtez luzatu diote kartzela zig...
Etxerat elkarteak jakinarazi duenez, Josune Onaindia preso politiko muxikarrari 197/2006 sententzia aplikatzea erabaki du Audientzia Nazionalak; alegia, Parot doktrina deritzona ezartzea. Erabaki horren ondorioz, hamar urtez luzatu diote kartzela zigorra Onaindiari; horrenbestez, 2022. urtean aterako da kalera muxikarra.
1992. urtean espetxeratu zuten Onaindia eta 2012ko ekainaren 9an zuen kalera irtetzekoa data. Gaur egun, Murtzian dago espetxeratuta.
Egoera salatzeko, manifestazioa
Onaindia preso politikoaren egoera salatzeko, kalera atera ziren manifestazioan hainbat herritar herenegun. Biziarteko zigorrik ez! Parot doktrinarik ez! lelopean abiatu ziren bertaratutakoak Eriabarrenatik hasita herriko kaleetan zehar.
Manifestazioa egin aurretik, bestalde, Audientzia Nazionalaren erabakiari helegitea jarriko diotela azaldu zuten Herrirako kideek.
1994. urtean 62 urteko kartzela zigorra ezarri zion Audientzia Nazionalak Josune Onaindiari, ustez, Guardia Zibileko agente bi hiltzeagatik, 1987ko irailaren 9an.
Onaindiagaz eta beste hainbat euskal presogaz egin moduan, Elias Fernandez bermeotarra be kartzelan mantenduko dutela jakinarazi zuten haren gertukoek apirilean. Bermeotarra 2011ko maiatzaren 27tik egon behar zen kalean, baina Parot Doktrina aplikatu zioten. Horren eraginez, 2016. urtera arte egon beharko du kartzelan Elias Fernandezek.