Mendeetan zehar, eraikuntzan gehien erabilitako materiala izan zen egurra, XX. mendean porlana heldu zen arte. Porlanak egurra ordezkatu zuen altueran eraikitzeko emoten zuen aukeragatik, baina garaiak aldatzen dabiltzala dirudi. Teknologia berrien garapenak eta sektoreak bultzatu duen ikerkuntzak egurragaz altueran eraikitzeko aukera emoten dute gaur egun, beste hainbat abantailaz gain. Kepa Albizu Euskadiko Zur Mahaiko zuzendaritza batzordeko kidearen ustez, eraikuntzan “egurraren erabilera sustatzea oso onuragarria” izango litzateke. “Egurraren sektoreari behar-beharrezko bultzada emongo lioke, basoen kudeaketa iraunkorra sustatuko luke eta CO2 emisioak gutxituko lirateke”.
Material horren onurez jabetuta, Busturialdean be egurraren aldeko apustu sendoa egin dute bi enpresak: Ebakik eta Egoinek. Muxikako Ebakitik egurrezko xaflak eroaten dituzte Eako Egoin enpresara, eta, ostean, lehengaia Radiata pinu zurezko CLT sistema industrializatu bihurtzen dute Eako lantegian. CLT sistema horiek altueran eraikitzeko aukera emoten dute, horma, solairu edo estalki gisa erabili baitaitezke panelak.
CLT panelak egurrezko xaflak bata bestearen gainean itsatsiz egiten dituzte Egoinen, eta ondo zainduz gero teknika horregaz egindako eraikinek mendeak iraun ditzakete zutunik. Hala, etorkizun hurbilean indarra hartuko duen materiala izango dela deritzo Albizuk. Kanadan, esaterako, oso-osorik egurrez eraikitako 120 metroko eraikina diseinatu du Michel Green arkitektoak. Frantzian, bestalde, etxebizitza guztiek egur portzentaia bat izan behar dute derrigorrez, eraikuntza iraunkorra bultzatze aldera.
Unai Gorroño Eako enpresako kudeatzailearen ustez, “eraikuntza iraunkorra da etorkizuna”, eta norabide horretan jarri dira lanean Egoinen, CLT panelak eraikuntza iraunkorraren aldeko “apustu sendoa” dira-eta. Izan be, basoak modu egokian kudeatuz gero, lehengai “berriztagarria eta agortezina” dela dio Gorroñok.
Modu berean, egurraren balio ekologikoa be handiagoa da, porlanagaz alderatuz gero. Alde batetik, ozono geruza kaltetzen duten CO2 isurketak murrizten dituzte egurragaz egindako eraikinek, karbono dioxidoa egurrak xurgatzen baitu. Hala, “ingurumenari laguntzen” diote egurragaz eraikitako etxebizitzek, Albizuren berbetan. Bestalde, CLT panelekin egindako eraikinen inertzia termikoari esker, energia kontsumoa %70 murriztea lortzen da.
Euskadiko Zur Mahaiko zuzendaritza batzordeko kideak nabarmendu duenez, “ingurumena zaintzeaz gain, egurrezko eraikuntzek bultzada handia emongo liokete lehen sektoreari, Radiata pinuz egindako panelak baitira CLTa”. Radiata pinu landaketen hazkundea kontuan hartuta, 500.000m3 CLT ekoizteko aukera izango lukete urtean.
Ebakitik Egoinera doa egurra
CLT panelak Egoinen egiten dituzte, baina egurrak Muxikako Ebaki enpresan hasten du bidea, bertan lehengaia ohol bihurtzen baitute. Albizuk azaldu duenez, “oholak egiterakoan be ez da materialik alferrik galtzen”. Iraunkortasunaren aldeko apustua eginez, pinuaren azala biomasa bezala erabiltzen dute energia sortzeko, zerrautsa pelleta egiteko erabiltzen dute eta egur ezpalak papera egiteko saltzen dituzte.