
Atzoko egunari segida emanez eta asteburua borobiltzeko,
Gernika eta Gernikak oroimenean izeneko ekitaldia egin du gaur eguerdian Gernika 1937-2012 ekimenak Foru plazan, ehunka lagunen parte hartzeagaz. Gernika duela 75 urte bonbardatu zutela gogora ekartzeaz gain, Gernikak bizi izan zuena beste hamaika herrik be sufritu dutela eta sufritzen ari direla nabarmendu dute. Gernika 1937-2012 ekimeneko kide Sabin Ibazetaren hitzetan, “Gernika, zoritxarrez, behin eta berriz erraustu digute, herri asko baitira gernikatuak, erraustuak, zapalduak…”. Hari horretatik, Gernikan bertan omenaldia egin diete bonbardatutako gainontzeko Bizkaiko herriei. Oholtza gainera igonda, oroigarri bana jaso dute Otxandioko, Markina-Xemeingo, Mungiako, Durangoko, Bilboko, Gautegiz Arteagako, Turtziozko, Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaizko, Zeberioko, Galdakaoko, Berangoko, Apatamonasterioko, Elorrioko, Getxo, Abadiñoko, Atxondoko, Erandioko, Larrabetzuko, Ugaoko, Alonsotegiko, Sestaoko, Zornotzako, Santurtziko, Arratzuko, Errigoitiko, Leioako, Portugaleteko, Zaratamoko eta Zeanuriko ordezkariek.
Izan be, gogoratzearen garrantzia izan dute hizpide ekitaldian. Ibazetak esan duenez, “ahazteko zaletasuna duten horien ilusioa eurek egindako krudelkeria guk, zuek, gogora ez ekartzea da, baina magiarik eta etorkizunik gabeko fantasma hutsak dira. Finean, ahanztura fantasmaz betetako simulakro handi bat besterik ez baita. Inork ezin baitu ahaztu”.
Duela 75 urte Gernika erraustu zuten bonben helburua Euskal Herriaren ukazioa izan zela gaineratu du Ibazetak. Alabaina, koloretako txoriak “Euskal Herriaren existentziaren, bere aitortzaren eta etorkizunaren aldeko mezua” aldarrikatzen duela nabarmendu du. “Horregatik, aurtengo leloa da
Bakea, Askatasuna… Autodeterminazioa“.
Egungo testuinguru politikoa be izan du hizpide Ibazetak, sortu diren “baldintzak indartu, egonkortu eta optimizatu” behar direla esanez, “herrien erabakitzeko eskubideak agenda politikoan zentralitatea” irabaz dezaten. Bide horretan, duela 75 urte bezala, “bakarrik ez” daudela esan du Ibazetak, Ahaztuak elkarteko Martxelo Alvarezi hitza emanez. Azken horrek omenaldi txikia egin die borrokalariei eta biktimei. Esan duenez, “askatasunaren sugarra, faxismoaren aurka borrokatzeko sugarra, bizirik dago oraindik”.
Euskal PEN klubak be ez du hutsik egin ekitaldira. Urtzi Urrutikoetxea mintzatu da klubaren izenean, zenbait poema irakurriz. Halaber, Urrutikoetxeak berak eman die berba herri kurduko ordezkariei. Edibe Sahin Dersim hiri kurduko alkateak 1937ko genozidioa eta gaur egungo egoera azaldu ditu Foru plazan bildutakoen aurrean, eta historia errepika ez dadin borrokatu beharra dagoela gogoratu du. BDP alderdiko Eyyup Doru europarlamentariak, bere aldetik, “Euskal Herria bezala, herri kurdua be autodeterminazioa eskatzen” ari dela esan du. Gaur egun bizi duten egoerari aipamen eginez eta interes ekonomikoak beste eskubideei gailentzen zaizkiela esanez, Europa zeri begira dagoen galdetu du Doruk. “Turkia demokraziaren eredu dela esaten dute, baina zein demokraziarena? Kartzelen demokraziarena? Hilketen demokraziarena? Errepresioaren demokraziarena? Kolonialismoaren demokraziarena”. Bada, “demokrazia” hori baztertzen dutela esan du Doruk, “Euskal Herriak bezala herri kurduak nola eta norekin bizi gura duen erabakitzeko eskubidea” izan behar duelako, “autodeterminaziorako eskubidea” duelako.