Etxebizitzeei dagokionez Lurralde Zatikako Planak (LZP) proposatzen duenaren aurrean, Bizkaiku Bilduren ustez «larritzeko motiboak ditugu». Horien ustez, «etxebizitza huts gehiago, bigarren etxebizitza gehiago, lurraren agorpena eta espekulazioarekin jarraitzea» ekarriko du. Beste gauza batzuen artean, Bilduren ustez, «lur gehiago ez okupatzeko asmoz, alde zaharrak barriztea izan beharko luke lehentasuna».
Bilduk erraztutako datuen arabera, Busturialdean 6.665 etxe daude hutsik. Guzti horiek libre egon arren, LZPak, gutxienez, 8.516 etxebizitza barri egitea aurreikusten duela jakinarazi dute. «Horietatik 600 bigarren egoitzako merkaturako izango dira», diote. Esan dutenaren arabera, «kalkulatutako neurrian egiten bada, herri askotako lurra agortu egingo da urte gutxitan; Bermeon, Mundakan, Gernikan, Sukarrietan eta Elantxoben, esaterako».
Beharrizana badago
Aurkeztu dituzten datuen arabera, eskualdeko 1.220 lagun daude Etxebiden izena emonda, «horrek argi uzten dau etxebizitzak behar direla», diote. Gehienak 35 urtetik gorakoak direla esan dute eta horrek «ezegonkortasun sozioekonomikoa» erakusten duela esan dute. «Larria» da hurrengo hau be, aipatu dute: «etxebizitza bat lortu dutenen artean %40k uko egin behar izan dio finantzazio faltagatik».
Hortaz, «bigarren etxebizitzei eta espekulazioari mugak ipinita, hazkunde naturala lortzea» proposatzen dute. Azken urteetan, gainera, alokairu sozialen eskaerak gora egin duela baieztatu dute, baina ez dago horri erantzuteko eskaintzarik ez sektore publikoan ezta pribatuan bez.