Markel Anasagastiren zutabea: Osasuna eta askatasuna
Basamortua aitatutean, hango bizitza gogorra baretzearren-edo, oasiak eta hareek inguratuten dabezen palmondoak etorriko jakez batzuri burura, beste batzuri, ganbeluak edo Saint-Exupéry-ren printzetxu ule-horia, edo beste hamaika gauza. Aspaldion, baina, Sahara ingurutik jatorkuzan barriak osterantzekoak dira. Ikarea, gorrotoa, indarra da oasiko urek islatuten dabena. Kontu zaharra da Sahara Mendebaldeko gatazkea. Orain dala 35 bat urte biztu zan nazinoarteko arazo latza. Orduan, Saharak espainiar kolonia bat izateari itxi eutson, etorkizuna zein izango zan erabagiko eban erreferendum baten zain. Itxaronaldi horretan, Marokoko Hassan II erregeak Martxa berdea gidatu eban saharar herrirantza, Espainiak sasoi hartan bizi eban krisia aprobetxau, eta herri haren boterea beregain hartuteko. Pastela bitan banandu eben, zatitxu bat Marokorentzat eta bestea Mauritaniarentzat. Halan itxi eben espainiarrak kolonia. Urte batzutara Mauritaniak lurrak itxi ebazan. Halanda be, oraindino Marokoren menpe dau Saharak, mapetan ageri ez dan herri horrek.
Hango bizitzea ez da bape erreza: Kanpamenduak ume, emakume eta nagusiz beteta; Gizonak frontean, familiagaz ezelako hartuemonik barik; Marokoko militarrak alde guztietan; Gosea, hilikoak, zaurituak, desagertuak…
Sahara atzean itxi, eta askatasun eta bizitza duin baten bila Euskal Herrira etorri diren –edo ekarri dituezan– sahararrantzako be gauzak oso mingots dagoz. Joan dan astean, esaterako, Bermeon “¡Ya está bien!” izeneko propaganda zabaldu eben etxerik etxe. Panfleto horretan argi eskatzen deutsie instituzinoai etorritakoai “dirua oparitzeari ixteko”, eta gainera elkarretaratze baterako deia egiten dabe. Lotsagarria begitanduten jataz halako jokabideak. Akaso ez litzatekez gusturago biziko euren herrietan libre balira?
Hainbat urtez zapalduta, libre izateko sasoia heldu dala uste dau herriak. Euren herrira bueltau gura dabe bai erbesterauak, bai errefuxiauak, eta euren herriaren izena berreskuratuteko, burrukarako prest dagoz. Baliteke munduko herri horren gatazkaren amaiera hurbil izatea. Gaur han bizi den egoera, baina, ez da gozoa batere. Esandakoak gitxi dira Sahararan pasetan dabilena zer dan jakiteko. Ekatxaren ostean beti ei dator barealdia, eta espero dot giro hori betiko izatea. Badot zeozelako esperantzea, Sahararran ametsak egia bihurtuko direlakoan: Osasuna eta askatasuna.