Meteorologiaren mundu mailako egunagaz bat eginez, bere lehenengo globo zunda meteorologikoa jaurti zuen Euskalmetek joan den barikuan. Leku pribilejiatu batetik egin zuen Euskal Meteorologia Agentziak jaurtiketa, Gautegiz Arteagako Urdaibai Bird Center izan baitzen horren lekuko. Eguraldiak, gainera, lagundu egin zuen zeregin horretan, urdin kolorea baitzen nagusi zeruan.
Irratizundaketa zerbitzu berria eskaini ahal izateko, miniestazio meteorologiko bat ipini du Euskalmetek Aranzadi Zientzia Elkarteak kudeatzen duen zentroan, eta egunero jaurtiko du globo zunda bat atmosferara, 12:00etan. Bada, zentroa ordu horretan bisitatzen dutenek jaurtiketa prozesua ikusi ahal izango dute zuzenean.
Jose Antonio Aranda Euskalmeteko zuzendariak eman zituen globo zunden inguruko azalpenak. Haren esanetan, “garrantzitsuagoa da atmosferan gertatzen dena jakitea lurraren mailan gertatzen dena jakitea baino, lurraren mailan dauden milaka eta milaka estazio meteorologikoek informazioa ematen baitute etengabe”. Horrenbestez, irratizundaketek Euskalmeten “iragarpenak hobetzen” lagunduko dute. Gainera, Arandak azaldu zuenez, galernen, ekaitzen… funtzionamendua hobeto ezagutzeko aukera emango dute. “Egoera problematikoetan, edozein unetan globo zundak jaurti ahal izango ditugu”.
Iragarpen zehatzagoak
Euskalmeteko ordezkariez gain, Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Barne sailburua be Gautegiz Arteagan egon zen barikuan, eta Arandaren hari beretik mintzatu zen. Aresen hitzetan, globo zunden sistemaz baliatzeak Europako agentzia onenen artean kokatzen du Euskalmet, eta pauso bat gehiago da iragarpen zehatzak bermatzeko. Bere esanetan, “aurkako fenomeno meteorologikoak iragartzerakoan aurrea hartzeko aukera emango dute globo zundek, eta, horrenbestez, jendartearen segurtasuna bermatzeko baliagarriak izango dira”.
Bestetik, Euskal Meteorologia Agentzia Barne Sailaren barruan sartu izana erabaki egokia izan zela nabarmendu zuen Rodolfo Aresek, “larrialdi zerbitzuekiko koordinazioa hobetzen lagundu duelako”. Halanda be, hobetzeko tartea egon badagoela esan zuen.
Gautegiz Arteagako miniestazioa apartekoa dela azaldu zuen, bere aldetik, Jose Antonio Arandak, eraikin baten barruan dagoelako. Horrez gain, dibulgaziorako be balio duela esan zuten bai Arandak eta bai Aresek be. Izan be, globo zunden jaurtigailuaz gain, meteorologiaren inguruko ikasgela bat ipini du Euskalmetek Urdaibai Bird Centerren. Hain justu, zortzi metroko diametroa duen beirazko esfera bat da ikasgela, Kapilduiko radar meteorologikoak duen goiko esferaren erreplika bat.
Bisita gidatuak
Multimedia sistema baten bitartez, bisitariek datu meteorologikoen barri izango dute Urdaibai Bird Center zentroan atondutako ikasgela horretan bertan eta, halaber, datu horiek hegaztien migrazioagaz duten erlazioa ezagutu ahal izango dute.
Gautegiz Arteagako zentroak bisita gidatuak eskaintzen ditu astegunetan, taldeei zuzenduta. Horretarako, www.birdcenter.org webgunean eskatu behar da aldez aurretik hitzordua. Bestetik, zapatu-domeketan familientzako eta norbanakoentzako bi bisita gidatu izaten dira Urdaibai Bird Centerren: 10:00etan eta 12:30ean. Zehazki, ordubete eta bi ordu arteko iraupena daukate bisita gidatuek.