
New Yorken (AEB) jaio zen Naica; Naia Mandalunizek (Gernika-Lumo, 1982) eta Carlos Noainek (Hondarribia, 1983) sortutako proiektua. Euskal Herrira bueltatu, eta Lizeo Antzokian emongo dute boskote legez kontzertua.
Naica taldea sortu zenuten, nola jaio zen proiektua?
Carlos Noain: Proiektua orain bi urte hasi zen New Yorken (AEB), han bizi ginela. Hasiera batean gu biok ginen. Musika lasaia egiten genuen, klasikoa baita. Orain urtebete, baina, New Yorketik etorri ginenean, taldea handitu eta orain boskotea gara.
Beste hiru kiderekin osotu zenuten taldea, beraz. Zer falta zuen Naicak?
Naia Mandaluniz: Zuzenekoak eta aretoetan jotzeko beste forma bat emon gura genion gure musikari, beste soinu bat bilatzen genuen. Hala, Santi Noain eta Mikel Azkona gurekin hasi ziren lanean. Santi Noainek bateria eta ahotsak sartu zizkion taldeari, eta Azkonak baxua. Laukotea ginela kontzertu batzuk emon genituen, baina talde moduan abesti barriak egiten hasi ginenean ohartu ginen beste gitarra bat sartzea ondo letorkiola taldeari. Hala, Dabid Martinez sartu zen taldera. Hala, Carlosek klarinetea eta teklatua jo ditzake, ahotsak sartzeaz gain.
Orain bi hilabete sortu zenuten boskotea. Kontzerturik emon al duzue?
Mandaluniz: Bai, omenaldi batean bi kanta jo genituen Hondarribiako Psilocybe elkartean. Baina kontzertu luzea, Lizeo Antzokian joko duguna izango da lehenengoa.
Eta zelan ikusten duzu jaioterrian zurea be badan proiektu hori aurkezteko aukera?
Mandaluniz: Oso ondo. Herriaren babesa somatu izan dut beti. Horregatik, non hobeto niretzako hain garrantzitsua eta interesgarria den proiektua nire herrian aurkeztea baino?
Zelako harrera espero dozu?
Mandaluniz: Egia esateko, herritarrek musika klasikoa jotzeagatik ezagutzen naute, eta ez dakit benetan ohartu diren kontzertuan benetan zer entzungo duten.
Zein musika estilo lantzen du Naicak orain?
Noain: Pop antzeko musika da orain egiten duguna: power-pop, esaterako. Baditugu abesti oso lasaiak, bateriarik bakoak; eta baita modu tradizionalago batean landutako abestiak, pop-rock estilokoak. Egia esateko, kontrastearen bila goaz. Abesti lasaiak, instrumentalak distortsio gehiago dituztenekin nahasten ditugu.
Eta etorkizunari begira, zein asmo du Naicak?
Noain: Ba kontzertuak jotzea da gure asmoa.
Mandaluniz: Diskoa grabatzen egon gara eta lan hori be amaitu dugu; joan den astean amaitu genuen masterrarekin, eta hiru aste barru kalean egotea espero dugu. Halanda be, guri gehien gustatuko litzaigukeena zuzenekoak emotea da, eta gure musika jendearengana heltzea. Dena den, disko formatoan ez ezik, gure abestiak jaisteko aukera be emon gura diegu entuleei, http://www. naica.bandcamp.com webgunean.