Goizeko lehen ordutik igarri da greba deialdiaren oihartzuna Busturialdean. Kaleetan ohi baino mugimendu gutxiago dago, trafiko gutxiago, eta lantegiek, dendek eta tabernek pertsiana zarratuta daukate. Hego Euskal Herrian sindikatu nagusi guztiek gaurko deitutako greba orokorra, beraz, jarraipen zabala izaten ari da eskualdean; herritarrak “haserre” daudela erakusten du horrek, Lea-Artibai eta Busturialdeko LAB sindikatuko arduradun Aitziber Barandikak azaldu duenez.
Goizean goiz hasi dira pikete informatiboak kalez kale. Gernika-Lumon ertzainak izan dituzte inguruan, baina ez da arazorik sortu. Herri horretan manifestazioa be egin dute goizean, Merkurio iturritik abiatuta. Ehunka lagun batu dira, Esklabotza laboralik ez dioen pankartaren atzean. Busturialdean lan egiteko eta bizitzeko eskubidea aldarrikatu dute manifestariek, oihu eginez. Ertzaintza manifestariengana hurbildu da Batzokiaren aurrean zirela. Izan be, taberna hori zabalik dago, eta zarratzeko eskaera egin diote manifestazioan zihoazen langileek eta herritarrek. 18:30ean, bestalde, eskualde mailako manifestaziora deitu dute, Gernika-Lumon bertan. Bermeotik atera da dagoeneko auto karabana Bermeotik, eskualde mailako manifestazio horregaz bat egiteko. Lehenengo herritik ibiliko da, ondoren Mundakara doa eta, azkekin, Gernika-Lumora helduko da.
Enpresei dagokienez, Barandikaren esanetan, Bermeoko kontserberetako langileen eta Wartsila Ibericako gehiengoek, Muxikako Ebakikoek, Muruetako ontzioletakoek… egin dute bat deialdiagaz. Salican, baina, lanera joan dira zenbait lagun, piketeek sarreran barrikada bat jarri duten arren. Wartsilan be lantegira sartu dira zenbait lagun, batzar bat dutela esanez. Bermeon bertan, pintaketak egin dituzte Bizkaibus batean. Lamerako Izaro taberna zabalik dago.
Merkataritzaren gehiengoak be ateak zarratu ditu gaurkoan. Foruko merkatalgune bat, dena den, zabalik dago. Bermeon be hamar bat tabernan zabalik daudela jakinarazi dute.
Erakundeetan be jarraipena izan du greba deialdiak. Bilduk jakinarazi duenez, koalizioak gobernatzen dituen udalerrietan ez da lan instituzionalik egingo gaurko egunean. Leku batzuetan, gainera, grebara deitu du udalak berak, Ajangizen, kasurako. Herri horretan, beraz, ez dago inor beharrean udaletxean. Nabarnizko Udalak be bat egin du grebagaz eta Itxita dioen kartela jarri du udaletxearen sarreran. Joan den urtarrilean onartu zuten Nabarnizen lan erreformaren aurkako mozioa. Gernika-Lumon, langile gehienek egin dute bat greba deialdiagaz. Lan instituzionalik, baina, ez dute egingo. Bermeoko, Eako, Elantxobeko, Ereñoko, Errigoitiko, Ibarrangeluko, Kortezubiko, Mendatako, Mundakako, Muruetako, Foruko eta Muxikako udalek be bat egin dute grebagaz.
Arratzun, Gautegiz Arteagan, Morgan, Busturian eta Sukarrietan, bestetik, lanean ari dira zenbait lagun udaletxeetan. Zerbitzu minimoak betetzen ari direla esan dute.
Bermeon goizeko manifestazioak zarratu dituen zenbait tabernak barriro be ateak ireki dituzte, eta terrazak jendez bete dira.
Ikastetxeei dagokienez, Gernika-Lumoko guztiek, Mertzedek izan ezik, grebarekin bat egingo dutela jakinarazi dute. Bada, derrigorrezko zerbitzu minimoak baino ez dituzte beteko.Mertzede ikastetxeak azaldu duenez, ikaslegoaren %50 inguru joan da eskolara. Gautegiz Arteagako Montorre herri ikastetxeak ere grebarekin bat egingo du; baita Eako Loradi haurreskolan, Muxikako Urretxindorra ikastetxean, Mundakako haurreskolan eta eskolan ere. Bermeoko haurreskolan zerbitzu minimoak baino ez dira egongo, eta, gainera, 7 orduko zerbitzua baino ez dute emango. Bermeon, Eleizalde ikastolak be bat egin du greba deialdiagaz; Sagrado Corazon ikastetxean, eskola zabalik egongo dela azaldu dute, eta nahi duten irakasleek egingo dutela greba.
Osasungintzan be bat egin dute grebagaz, izan be, Gernika-Lumoko eta Bermeoko anbulatorioetan zerbitzu minimoak baino ez dira betetzen ari.
ELA, LAB EHNE, STEE-EILAS, ESK sindikatuekin batera grebara deitu duten Busturialdeko eragileak ondokoak dira:
Gernikako Ekologi Lantaldea
Ideasur Fundazioa
Ikasle Abertzaleak
Gernika Batzordea
Gure Arbasoen Herria Kultur Elkartea
Haitz Biribil Elkartea
Bermeoko Herrira
Aixerrotape Zikloturista Elkartea
Gazte Independentistak
Txatxarramendi Euskal Kultur Elkartea
Busturialdeko AEK-ko irakasleak
Gernika-Lumoko Bilgune Feminista
Zantzue Kultur Elkartea
Lilibertso
Urdaibaiko Galtzagorriak Federazioa
Kankinbara Txistu Taldea
Erdu Muxikeko gazte asanblada
Gernika-Lumoko Arrano Elkartea
Xaguxarrak Ajangizko gazte asanblada
Euskal Herrian Euskaraz
Foruko Barnategiko ikasleak
Apareu Kultur Elkartea
Bermeoko Arrano Kultur Elkartea
Lurgozo Elkartea
Kukubedarra
Bestalde, greba deialdiak Foruko Rinder enpresako langileen protestekin egin du bat Busturialdean. Urte amaieran lantegia itxiko dutela jakinarazi dute Rinder Industrial enpresako arduradunek (100 lanpostu galduko lirateke) eta, bitartean, beste Enplegu Erregulazio Espediente bat ezarriko dutela aurreratu dute. Muxikako Inama lantegia berriki itxi dutela gehitu behar zaio horri (130 lanpostu zuzen galdu dira). Azken asteetan mobilizazioak egiten ari dira Foruko lantegiko beharginak, aipagarriena martxoaren 24an Gernika-Lumon egindako manifestazioa. Ehunka lagunek egin zuten bat Rinder eta Inama enpresetako langile batzordeek deitutako protestarekin.
Gaurkoaz gain, atzokoa ere greba eguna izan zen Foruko lantegian. Bizi duten egoera gizarteratzeko, beharginek kanpaldia egin zuten lantegiaren sarreran.
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.